Nektarra jateak dakarren korapiloa

Animalien aferak · Dibulgazioa

Janaria


Kolibriak hegazti txikienak dira eta nektarra da haien janari nagusia. Nektarra diluzio bat da, intsektuak eta hegazti polinizatzaileak erakartzeko zenbait landareren loreek sortzen duten ur-diluzioa. Hori dela eta, kolibriek 12 ordutan zurrupatu behar duten ur kantitatea haien masaren halako 5 baino gehiago da, eta hori, bistan da, ur asko da, gehiegi beharbada.

Ur gehiegi edaten duten animalietan hiperhidratazioa gerta daiteke, hots, urez pozoitzea. Gezurra badirudi eta arraro samarra bada ere, noiz edo noiz hori gertatzen zaie gizabanakoei, gaixotasun batzuen ondorioz batik bat. Paradoxikoa izanik ere, gastroenteritisak, esaterako, hiperhidratazioa ekar dezake. Izan ere, barne-medioaren gatz-kontzentrazioa gehiegi behera daiteke ur gehiegi edaten denean, eta barne-likidoen bolumen handia galdu ondoren gerta daiteke hori. Hori dela eta, zenbait kirolari hil ere egin dira lehiatzen ari ziren bitartean, urez pozoituta. Hiperhidratazioaren zantzuak aurkitu zituzten Andy Warhol artista ezagunaren gorpuan ebakuntza baten osteko bihotz-arritmia baten ondorioz hil zenean. Garunaren funtzioan eragiten ditu kalterik larrienak hiperhidratazioak, zeren barne-medioa gehiegi diluitzen denean neuronen zitoplasmaren eta barne-medioaren arteko elektrolitoen balantzea desorekatu egiten baita. Ezaguna denez, elektrolitoen oreka ezinbestez gorde behar da nerbio-bulkada behar bezala sortu ahal izateko.

Irudia: Odol beroko animaliarik txikiena Kuban bizi da, eta ez da satitsu etruskoa: erle-kolibria da. Mellisuga helenae du zientzia-izena eta “pájaro mosca” edo “zunzuncito” esaten diote gaztelaniaz.

Naturan animalia gutxi egon daitezke hiperhidratazioa pairatzeko arriskuan. Anfibioak egon litezke egoera horretan, larruazal iragazkorra dutelako, baina gernu-bolumen handiak ekoitziz konpontzen dute arazoa; anfibioen gernua, bestalde, oso diluitua da, kasik ez du gatzik, haien giltzurruna oso eraginkorra baita gernutik gatzak berreskuratzen. Ur gezetako arrain teleosteoak ere, urez pozoitu litezke uraren sarrera saihesteko modurik izango ez balute, baina “Ura, bizitzarako ezinbestekoa” atalean ikusi dugun bezala, oso eraginkorrak dira diluzioaren aurka dituzten hiru hesiak [1].

Uretako animalia horiek, beraz, badituzte gehiegizko uraren arazoa saihesteko modu egokiak, bestela ezingo lirateke ur gezetan bizi. Kolibriek ere, lehenago emandako arrazoi bitxiagatik, antzeko arazoei aurre egin behar diete. Kolibriek urarekin duten arazoa ez da arazo makala. Izan ere, uretan bizi diren anfibioek baino ur-sarrera handiagoak pairatzen dituzte.

Kolibrien hesteak nektarraren ur osoaren zati txiki bat bakarrik xurgatzen duela pentsatzen zen hasieran, baina gero frogatu da ezetz, gehiena xurgatzen duela. Ez zen ideia txarra, hala ere, horixe baita Nectariniidae familiako eguzki-txoriek [2] egiten dutena.

Zurrupaturiko uraren % 80 xurgatzen dute kolibriek eta, beraz, giltzurrunak kanporatu behar du ur gehiena. Hortaz, oso eraginkorra da haien giltzurruna, eta oso malgua gainera; azken batean, egunez lan handia egin behar badu ere, gauez ez du ia lanik egiten, kolibriak lozorroan sartzen baitira, eta giltzurrunak ez baitu ia gernurik sortzen.

Hala eta guztiz ere, urarena ez da arazo makala, giltzurrunak mugak dituelako, oso eraginkorra eta ahaltsua bada ere. Izan ere, litekeena da kolibriak toki beroetan bizitzera behartuta egotea. Toki hotzetan animalia homeotermoek bero gehiago galtzen dute eta, ondorioz, toki hotzetan beroetan baino gehiago jan behar dute. Baina kolibriek nekez jan lezakete jaten dutena baino gehiago, giltzurrunak askoz ere ur gehiago prozesatu beharko bailuke orduan. Hortaz, ingurune hotzetan jarritako kolibriek pisua galtzen dute, gehiegizko ur-arazoa dela medio beharko luketen nektar guztia jan ezin dezaketelako.

Lehen esan bezala, bestelakoa da eguzki-txorien jokabide fisiologikoa. Eguzki-txoriek ez dute zurrupatu duten ur guztia xurgatzen, % 60 baztertu baitezakete. Ez dakigu zein den hori egiteko erabiltzen duten mekanismoa, baina badakigu txori horientzat behar-beharrezkoa dela horrela jokatzea, bizi diren tokietan askotan hotza egiten duelako.

Horrelakoxe korapiloak ditu bizitzak: tamaina, tenperatura, giltzurrun-funtzioa eta elikatze-modua, lau faktore horiek batera eragiten diote kolibrien banaketa geografikoari. Bai korapilo ederra!

Oharrak

[1] Larruazal iragazkaitza da lehen hesia; gernu-bolumen handia ekoizteak eta gernuko gatz-kontzentrazioa oso apala izateak osatzen dute bigarren hesia; eta gatzen barneratze aktiboa dugu hirugarrena. Azken hau da, izan ere, urez pozoitzea eragozten duena, barne-medioaren diluzioaren aurkako berezko mekanismoa baita.

[2] Familiaren izen zientifikoak dioen bezala, txori horiek ere nektar-jaleak dira.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude