Medikuntza eta osasuna
Ameriketako Estatu Batuetako azukrearen industriak sakarosaren, minbiziaren eta hiperlipidemiaren arteko lotura erakusten zuten ikerketak ezkutatu zituela eman dute aditzera San Frantzisko Kaliforniako (AEB) Unibertsitateko ikertzaileek aste honetan. Egileek argudiatu dute ikerketaren emaitzak jakinarazteak arreta ekarriko zuela sakarosaren eta minbiziaren arteko ustezko loturak argitzeko, eta iradoki dute industriak hori ekidin nahi izan zuela.
Larruazala sintetizatzen da medikuntzan erabiltzeko eta farmakologia eta kosmetikako produktuak testatzeko. John F. Burkek lortu zuen lehenengo larruazal sintetikoa. 70eko hamarkadan, biopolimero porotsu bat sintetizatu zuten kolageno-zuntzak eta azukreak erabiliz. Emaitza, giza larruazalaren antzerako zerbait izan zen. 1979 urtean erabili zen lehen aldiz giza paziente batekin. Geroago sortu zuten “Graftskin” delakoa, behi-kolagenoz egindakoa. 2016.ean larruazala inprimatzeko ideia atera zen lehen aldiz. Inprimagailuak larruazal autologoa sor dezake, hau da, pazientearen beraren zelulak erabil ditzake. Larruazal autologoa egokia da transplanteetan eta larruazal alogenikoa farmazia eta kosmetika-produktuak testatzeko. Oraingoz, baina, inprimagailuak ezin ditu birsortu ez larruazaleko guruin sebazeoak, ez eta folikulu iletsuak eta kolorea ematen duten melanozitoak ere.
Osasunari dagokionez, Bittor Rodriguez Riverak jaso du aste honetan eskolan elikadura osasungarria sustatzearen aldeko NAOS Estrategiaren X. Saria, AECOSAN Espainiako Kontsumo, Elikagaien Segurtasun eta Nutrizio Agentziaren eskutik. Haurren artean fruta eta barazkien kontsumoa sustatzeko programa bat zuzentzen du Gasteizko Udalarekin batera eta egitasmoak emaitza onak eman ditu.
Fisika
Tximistek erreakzio nuklear atmosferikoak eragiten dituztela baieztatu dute ikertzaile japoniar batzuek. Erreakzio horietan isotopo erradioaktiboak sortzen direla ikusi dute gainera. Horien artean aurkitzen dira 13C, 14C eta 15N, adibidez.
Biologia
Khoisan jendea eta bostwanoak izan dira artikulu honen funtsa. Bi etnia horien jatorria oso desberdina da, testuan azaltzen denez. Khoisanak Kalahariko basamortuan bizi dira eta ehiztari/biltzaileak dira; bostwanoak, berriz nekazariak. Talde bien dietaren osagaiak desberdinak dira gainera. Txoriak, sugeak eta muskerrak, besteak beste, dira khoisanen dietan dauden osagaiak eta bostwanoen kasuan, artoa eta basartoa. Listuaren amilasa izan zen bi horien erkaketa egiteko aukeratu zuten entzima. bostwanoen amilasa-jarduera 248 unitate/ml-koa izan zen, eta sanena, berriz, 22 unitate/ml-koa, hamaika aldiz apalagoa. Bistan da, beraz, digestioaren beharren araberakoa dela entzima-jarduera hori.
Astronomia
Eguzki-sisteman sartu den asteroide bat aurkitu dute. Eguzki-sisteman asteroide bat sartzen den lehendabiziko aldia da. Izan ere, orain arte aurkitu izan direnak –beste kometa eta asteroideak– eguzki-sisteman bertan sortutakoak ziren. Oraingoan, Oumuamua asteroide berria kanpoan sortutakoa da. Pasa den urrian Hawaiiko Pan-STARRS teleskopioak antzeman zuen; 400 metroko luzera du, eta 7,3 ordutik behin biratzen da bere ardatzaren inguruan. Ikertzaileek adierazi dute jada pasa dela Eguzkitik gertueneko bere puntutik, eta izarrarteko espaziora bidean doala.
Zientziaren dibulgazioa
Zientziaren dibulgazioa irratian hizpide duen estatuko aurreneko tesia defendatu dute Euskal Herriko Unibertsitatean. Javier San Martin kazetariak deskribatu ditu irratiko zientzia-dibulgazioaren ezaugarriak eta ereduak. Lan horretan, Espainiako 25 irratsaiok eta Radio 4- BBC irrati publikoko irratsaioak zientziaren berri nola ematen duten konparatu da. Ikerketan ikusi da alde handia dagoela Espainiako irratsaioen eta BBCren artean, hala nola denbora, irratsaioaren arkitektura, giza baliabideekin lotutako aldeak… Edukiari dagokionez, irrati publiko batzuetan, eduki zientifikoen aldeko apustua eta sasi-zientzien eta fenomeno paranormalen aldekoa maila berean daudela utzi du agerian ikerketak. Horretaz gain, irratiko zientzia komunikazioa oraindik ere nagusiki aldebakarrekoa dela azaleratu du ikerlanak.
Berriak egin dio elkarrizketa Javier San Martin kazetariari. Orain Radio Euskadiko Hágase la luz saioan dabil lanean eta hor La cápsula de la ciencia atala egiten. Horrez gain, Activa tu neurona bloga egiten du. Elkarrizketan dio “oso deigarria” dela saioak nortzuk aurkezten dituzten. “BBCn, normalean, zientzialariak dira, baina ez edonolakoak: komunikazioan ibilbide oso luzea duten zientzialariak izaten dira. Espainiako Estatuan, berriz, kontrakoa gertatzen da: fisika edo kimikako fakultatetik atera berri diren ikasleei mikrofono bat ematen diete nahi dutena egiteko”. Estereotipo ohikoenak aipatzen ditu tartean. Esaterako, zientzia jende oso azkarraren kontua dela. Horren gainean dio: “Nerabezaroan hartzen da erabaki hori; nesken kasuan autoestimu baxuagoa izaten denez, gutxiago animatzen dira matematikan edo ingeniaritzan aritzera”.
Gazteek zientziaz ikuspegi estereotipatua dutela dio Danel Solabarrietak. Hamar urtetik gora darama Elhuyarren lanean. Bere lanaren ildo bat da “gazteei, bai hezkuntza formalean bai ez-formalean, aukerak ematea zientziarekiko ikuspegi erreala izateko”. Horregatik dio, gazteak, adibidez, “informatika-ikasketak hasi eta sorpresak hartzen dituzte, ez dakitelako, berez, zer den informatika ikastea. Zientzien mundua zenbat eta gertuago eduki, estereotipo gutxiago izango dute hari buruz”.
Arkeologia
Neolitoa Euskal Herrira nola heldu zen eta nolakoa izan zen jakiteko zantzu berriak eskuratu dituzte. Ikerketa horretan parte hartu dute Javier Fernandez Eraso eta Juan Antonio Mujika Alustiza EHUko arkeologoek, Arabako Errioxako zenbait trikuharritako laginekin. Egindako genomaren analisiari esker ikusi da “Europa osoan ikusi da Neolitoa ekarri zuten lehenengoek gurutzatze gutxiagoa izan zutela. Gero etorri zirenek, berriz, gurutzatze handiago baten arrastoa zuten euren genometan». Oro har, nahasketa horrek 3.000 urtez iraun zuela kalkulatu dute ikertzaileek.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.