Bazirudien XX. mendean izugarri garatuko zirela auto elektrikoak. Izan ere, industri jarduera askori on egin zion elektrizitateak. Ez zen ordea horrelakorik gertatu autoen esparruan. Guk dakigula, Robert Davidon kimikari britaniarrak egin zuen lehenengo auto elektrikoa Aberdeenen 1837.ean. 1842.ean, zink-bateriadun auto bat egin zuen. Galvani izena jarri zion eta autoak 4 mila egiten zuen orduko.
Robert Davidonen autoan kontsumitzen zen zinka, berrogei aldiz merkeagoa zen lurrun-makina batean emaitza berberak lortzeko erabili behar zen karbonoa baino. Edonola, erabiltezina zen garai hartan. 1884.ean, Thomas Parkerrek bateria birkargarriko auto bat egin zuen lehendabizi, Londresen. Izatez, prototipo bat izan zen. 1888.ean, Andreas Flockenek zinez lehenengo auto elektrikotzat jotzen dena egin zuen Alemanian. Ordutik, industri esparruan hasi ziren fabrikatzen, eta nahiko arrakasta handia izan zuten, erosoak eta erabilerrazak zirelako.
XIX. mendearen bukaera aldean, Londresen bazeuden taxi elektriko ugari: “kolibri” izenekoak. Polizia Metropolitarraren Elkarteak arautu egin zituen auto horien trafikoa eta zaldi-orgena. Izatez, auto elektrikoek bi aldiz toki gutxiago hartzen zuten zaldi-orgek baino.
Antzerako taxiak egon ziren Parisen, Berlinen eta Nueva Yorken. XX. mendearen hasieran, 30.000 bat auto elektriko zeuden Amerikako Estatu Batuetan. Jendeari gehiago gustatzen zitzaizkion gasolinakoak baino. Izan ere, zarata gutxiago ateratzen zuten, eta ez zuten hirietako airea kontaminatzen, baina hala ere, hamarkada batean beren fabrikazioak behera egin zuen, eta azkenean utzi egin zioten fabrikatzeari. Zaldi-orgen gidariek sutsuki plazaratu zituzten auto elektrikoek izan zituzten eragozpenak eta istripuak. Azkenean, lortu zuten London Electric Cab Company izenekoa merkatutik ateratzea. Egia da hainbat arazo tekniko izan zituztela, baina beren etsaiek ahalegin guztiak egin zituzten auto elektrikoei ahalik eta itxura txarrena emateko.
Aldi berean, petrolio-erreserba handiak aurkitu ziren eta horrek erregai horren prezioa izugarri jaitsarazi zuen. Horrela, Henry Ford hasi zen gasolina-autoak saltzen… auto elektrikoen prezio erdian. Gainera, Amerikako Estatu Batuetan errepideak hobeak egiten hasi ziren, eta luzera handiko bidaiak egiten hasi ziren amerikarrak. Horrelako bidaiak ezin zituzten egin auto elektrikoek, autonomia txikia zutelako, eta bateriak kargatzeko denbora luzea behar zutelako. 1912.ean, abiarazteko motorra asmatu zen, eta horrek betiko egin zuen barne errekuntzako motordun autoen alde. Horrelaxe bukatu zen ba mendea: hasieran auto elektrikoa bazen nagusi, barne errekuntzakoa gailendu zen bukaeran.
Auto elektrikoaren porrota oso argigarria da berrikuntzen nondik norakoak ondo ulertzeko. Izan ere, hasiera batean berrikuntza batzuek onuragarri ematen dute, baina porrot egiten dute, sortzen diren une horretan. Baldintza batzuk batera bete behar dira berrikuntzak aurrera egin dezan eta ez da nahiko ideia ona izatea. Ziur aski, horregatik ahaztuko ziren arrakastatsu izan litezkeen berrikuntza asko eta asko, agian denboraz kanpo sortu zirelako. Hori dela eta, egun berreskurapen-egitarauak ari dira abian jartzen, porrot egin zuten ideiak berriz abian jartzeko asmotan.
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
2 iruzkinak
[…] Auto elektrikoak ez dira gaurko asmakizuna. XIX. mendeko hasieran egin zuten lehen prototipoa, 1837. urtean Robert Davidon kimikari britaniarrak egin zuen lehenengo auto elektrikoa eta handik aurrera asko zabaldu diren. Adibidez, XIX. mendearen amaieran “kolibri” izeneko taxi elektriko ugari […]
[…] Ez da berria auto elektrikoen kontu hau, baina hautsak harrotzen ari da azken urteetan. Izan ere, auto hauen ekoizpena (erabat elektrikoak eta hibridoak kontuan izanda) %60 handitu da urtetik urtera. Hibridoak alde batera utziz gero, gasolina edo gasoliorik gabeko […]