Eraikiriko ondarearen birgaitze energetikoaren onurak eta arriskuak: bost esku-hartze maila

Eneko Jokin Uranga Santamaria, Lauren Etxepare Igiñiz, Maialen Sagarna Aranburu eta Iñigo Lizundia Uranga

Bi auzik eragingo diote datozen urteotan eraikiriko ondarearen birgaitze energetikoari: aurretiko eraikin eta bizitetxeen gainean energia-eskaera murrizteko helburuz esku hartzeko beharra, batetik, eta eraikiriko arkitektura-ondarea zaintzeko beharra, bestetik.

Irudia: Eraikinen babesaren eremuan babes-maila ezberdinak ezarri ahal dira.

Birgaitze-estrategiek energia-eskaeraren murrizketa beste helbururik izan ezean, baina, luze gabe gerta liteke geure parke eraikia itxuraldatua suertatzea, jatorrizko arkitektura-ezaugarriak erabat galduta; gure herri eta hirietako parke eraikia babesteko arauek eta legeek, bestetik, ezinezkoa eginez gero etxeen birgaitze energetikoa aurrera eramatea, ez da Europar Batasunak ezarritako helburuekin kunplitzerik izango. Eraikinen babesaren eremuan, nolanahi ere, dena ez da zuria ala beltza, edo bestela esanda, guztiz babestekoa ala batere ez babestekoa. Babes-maila ezberdinak ezarri ahal dira, erlazio orekatu bat emango dutenak eraikinaren jatorrizko arkitektura-lengoaiaren zaintzaren eta eraberritu izanak lekarkeen energia-eskaeraren murrizketaren artean.

Lan honek 5 esku-hartze energetiko maila proposatzen ditu: 0 maila eraikinaren jatorrizko egoeraren azterketan datza; I. maila kontserbazio eta berreraikitze operazioei dagokie; II. maila eraikinaren zenbait atalen gaineko esku-hartzeari dagokio; III. maila esku-hartze masiboa litzateke, etxearen bilkari osoaren gainekoa, eta azkenik, IV. maila legoke, inbaditzailea, etxeari bestelako atal, gorputz eta azal berri erantsi egiten dizkiona.

Esku-hartze horiek ekarriko luketen kontsumo-hobekuntza neurtzeko, 1900 eta 1980 urteen artean Gipuzkoan eraikiriko bost etxe mota sarrienak hartu izan dira saiakuntza-bankutzat: 1900 eta 1920 urteen artean Grosekoa bezalako zabalguneetan eraikiriko mehelin arteko etxeak (A tipoa); 20ko hamarkadan Etxe Merkeen Legearen babesean eraikiriko sendi bakarrentzako etxeak (B tipoa); gerraosteko hiruzpalau solairuko etxebizitza blokeak (C tipoa); 1956ko Zoruaren Legearen osteko hazkunde garaiko 3 eta 6 solairu bitarteko etxebizitza blokeak (D tipoa) eta azkenik, hazkunde garaiko azken aldiko etxebizitza-dorreak (E tipoa).

Tipo bakoitzari dagokion babes maila aintzat harturik, bestetik, hauek lirateke onartu ahalko lituzketen esku-hartzeak: A etxe-tipoak esku-hartze selektiboa onartuko luke gehienez ere, teilatuaren isolamendu gaitasuna hobetuta edota leiho-arotziak aldatuta; B eta C etxe-tipoek esku-hartze masiboa onartu ahal lukete, bere itxiturak ETICS sistema batez estalita, adibidez; eta azkenik, D eta E tipoek, ia inolako babespean ez baitaude, esku-hartze inbaditzailea onartu ahalko lukete, era guztietako sistemak tarteko: fatxada aireztatuak, beirazko galeriak erantsita eta beste.

Artikuluak, azkenik, etxeon gaur egungo energia-eskaera azaltzen du, eta ondoren, zein neurritan jaitsiarazi ahal den kontsumo hori, esku-hartze bat edo beste aplikatuz, etxe-mota bakoitzari dagokion babes-maila aintzat harturik beti ere. Horretarako, Instituto para la Diversificación y Ahorro de la Energía (IDAE) erakundeak emandako lanabesak baliatuko ditugu: LIDER-CALENER (HULC) eta CE3/CE3X.

Bistan da zein erlazio ematen den etxeen gaineko babes mailaren eta balizko hobekuntza energetikoaren artean, edota bestela esanda, esku-hartze mailaren eta hobekuntza energetikoaren artean. Babes handi baten pean dauden etxeetan handia litzateke ordaina; tarteko babespekoetan hobekuntza energetikoa aintzat hartzeko modukoa litzateke, eta babesik gabekoetan, aldiz, eskuraturiko emaitzak, eskaeraren murrizketari dagokionez, handiak lirateke. Ez genuke eragozpenik izan behar baldin eta auziaren ikuspegi transbertsal baten ordaina gure etxeen energia-eraginkortasunaren hobekuntzaren parte bati uko egitea balitz, edo bestela esanda, energiaren ikuspegi hutsetik erreparatuta lortuko litzatekeenaren zati bat galduko bagenu bidean.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Eraikiriko ondarearen birgaitze energetikoaren onurak eta arriskuak: bost esku-hartze maila.
  • Laburpena: Bi auzik eragingo diote datozen urteotan eraikiriko ondarearen birgaitze energetikoari: aurretiko eraikin eta bizitetxeen gainean energia-eskaera murrizteko helburuz esku hartzeko beharrak, batetik, eta eraikiriko arkitektura-ondarea zaintzeko beharrak, bestetik. Esku-hartze eta birgaitze-estrategiek, baina, energia-eskaeraren murrizketa beste helbururik izan ezean, luze gabe gerta liteke geure parke eraikia itxuraldatua suertatzea, jatorrizko arkitektura-ezaugarriak erabat galduta. Horrez gain, gure herri eta hirietako parke eraikia babesteko arauek eta legeek ezinezkoa eginez gero etxe eta eraikinen birgaitze energetikoa aurrera eramatea, ez da Europar Batasunak ezarritako helburuekin konplitzerik izango. Lan honek mutur bi horien arteko dialektikari erantzun mailakatua ematea du helburu. Alde batetik, bost esku-hartze maila proposatzen ditu. Maila bakoitzak jatorrizko eraikinaren izaerari eta inguruabarrei erantzuten die, eta maila bakoitzari, noski, kontsumo-hobekuntza jakin bat dagokio. Beste aldetik, gure herri eta hirietan ohikoenak diren etxe tipo nagusiak hartzen ditu saiakuntza-bankutzat, esku-hartze maila ezberdinen eragina neurtzeko.
  • Egileak: Eneko Jokin Uranga Santamaria, Lauren Etxepare Igiñiz, Maialen Sagarna Aranburu eta Iñigo Lizundia Uranga.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 167-184
  • DOI: 10.1387/ekaia.16380

—————————————————–
Egileez:

Eneko Jokin Uranga Santamaria, Lauren Etxepare Igiñiz, Maialen Sagarna Aranburu eta Iñigo Lizundia Uranga UPV/EHUko Arkitektura Sailekoak dira.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>