Argi artifiziala izan daiteke intsektuen gainbeheraren errudunetako bat

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Planetako intsektuen populazioa gainbeheran ari dela argi dute zientzialariek, baina ez dago batere garbi zeintzuk diren zioak. Ikertzaile talde batek argi artifiziala susmagarritzat jotzeko arrazoiak bildu ditu.

Udako kanpalekua, sute txiki baten inguruan. Gitarra bat eskutan eta erretako pataten usaina. Istorioak kontatzen hasteko une aproposa da. Gaua da. Ortziari begira eta… tira, ezer ez. Den-dena ilun dago. Paradoxikoa da, baina iluntasun hori argiak eragindakoa da. Alboko herriko farolek, edota urrunago dagoen hiriaren argiek amatatu dute zerua.

1. irudia: Zientzialariek tranpak erabili ohi dituzte intsektuak harrapatzeko, eta laginketa horren arabera populazio osoa zein den kalkulatzen dute. (Argazkia: Gabriel Singer / IGB)

Arbasoek eskura zuten zinemaskopea itzali egin zaigula ohartarazi dute astronomia zaleek behin baino gehiagotan. Izarretara begira daudenen kolektiboak berezi nozitzen du argi kutsadura, baina astronomiatik edo estetika hutsetik baino harago doa kontua. Gero eta argiago dago bizidunengan ere eragina duela argiaren eta iluntasunaren arteko orekaren apurketak. Ez pentsa tontakeria denik, ez gara ying eta yang-aren arteko orekaz ari, ezta Super Pop aldizkarian agertzen ziren bioerritmoez ere. Iazko Fisiologiako Nobel saria, adibidez, erritmo zirkadianoen inguruko ikerketak abiatu zituztenentzat izan zen. Argi dago, beraz, egunaren zikloek eragin handia dutela zelulen funtzionamenduan.

Argi kutsadura deitzen zaio fenomenoari, eta gero eta zabalduago dago, baina kontuari eskaintzen zaion garrantzia nahiko mugatua da. Esaterako, Euskal Herrian aitzindaria da Susana Malon fisikariak gidatutako Luminica Ambiental enpresa; baina, oro har, gutxi dira oraindik horretaz arduratzen direnak. Halere, kutsadura berezi horren eraginaren inguruko ebidentziak pilatzen ari dira pixkanaka. Orain arte gutxi ikertu bada ere, intsektuetan ere eragina izan dezake argi kutsadurak.

Intsektuen egoera ez lasai egoteko modukoa. Erleen desagerpena aspaldiko kezka da, baina beste polinizatzaileak ere kinka larrian daude. Iaz plazaratutako ikerketa batek bereziki hautsak harrotu zituen, entomologoek mahai gainean jarritako zenbakiak zinez kezkagarriak zirelako. Plos One aldizkarian argitaratutako ikerketa horretan Alemaniako zientzialari talde batek ondorioztatu zuen intsektu hegalarien biomasa %75 txikitu dela azken 27 urteetan. Hori, gainera, babestutako eremuetan egindako kalkulua izan da; teorian, ohiko arriskuetatik salbu dauden eremuetan, alegia. Ikerketa egin zutenek klima eta habitatean izandako aldaketak aurkeztu zituzten arrazoi posible bezala, eta pestiziden aukera ere aipatu zuten, baina ustezko arrazoi horietan ez zuten asko sakondu, batez ere ikerketa kuantitatiboa izan zelako ordukoa.

2. irudia: Westhavellandeko parke naturala, Alemanian. Bertan intsektuak ikertzeko laborategi bat jarri dute. (Argazkia: Maja Grubisic / IGB)

Iazko lan horretan abiatuta, beste zientzialari talde batek argiak izan lezakeen rola sakonki aztertu du. Alemaniako IGB Ur Gezeko Ekologiren eta Barne Arrantzaren Institutuko zientzialariek berretsi dute harremana dagoela argi kutsadura handia duten eremuen eta intsektuen galera handia duten eremuen artean. IGBko Argi Kutsadura eta Ekofisiologia taldeko kideek orain arte egin diren hainbat ikerketaren berrikusketan oinarritu dute Annals of Applied Biology aldizkarian plazaratutako artikulua.

Artikuluaren sarreran laburbildu dute egoera. “Orokorrean, gaueko argiztapen artifizialak handitu dezake ingurumen presioa intsektuen populazioetan, eta hau bereziki garrantzitsua da agroekosistemetan, bertan intsektu komunitateek zerbitzu ekosistemiko garrantzitsuak eskaintzen dituztelako, hala nola izurriteen kontrola edota polinizazioa. Lurzoruaren estruktura, ugalkortasuna eta nutrienteen zikloa kontserbatzen laguntzen dute ere”. Intsektuen egoera “Harmagedon ekologikotzat” jo dute aditu hauek.

Maja Grubisic ikertzaileak gidatutako taldeak iazko ikerketa horretan agertzen ziren eremuak argi kutsaduraren ikuspuntutik ikertu ditu. Argitu duenez, intsektu espezieen erdia gautarrak dira; ondorioz, iluntasunaren eta ilargiaren eta izarren argiaren arabera jokatzen dute orientatzeko, mugitzeko, harrapakariengandik babesteko, janaria bilatzeko edota ugaltzeko. “Gauean pizten den argi artifizialak portaera natural hau eraldatzen du, eta horrek eragin negatiboa du bizirik irauteko aukeretan”, azaldu du Grubisicek prentsa ohar batean.

Argibide zehatzak eman dituzte. Adibidez, intsektu hegalariek argi artifizialera joateko joera dute, eta horrek harrapatuak izateko edota nekeziaz hiltzeko aukerak handitzen ditu. Bestalde, argi artifizialez osatutako ilarek intsektu populazioak bereizten dituzte, eta horrek truke genetikoa oztopatzen du, beste erasoen aurrean defenditzeko aukera gutxiago dituzten populazioak sortzen direlarik.

Arazoa ez da soilik bioaniztasunaren galera, zerbitzu ekosistemiko garrantzitsu asko arriskuan jartzen direla baizik. Polinizatzaile gutxiago daude eta espezieen arteko desorekak ondorioak izan ditzake izurriteen kontrol naturalean. Egoera okertzeko, argi artifizialek loraketan era landareen hazkuntzan ere eragina dutela erantsi dute.

Hau guztiagatik, hemendik aurrera intsektuen egoerari buruz egingo diren ikerketetan argi kutsaduraren eragina kontuan hartzeko eskatu dute.

Erreferentzia bibliografikoa

Grubisic, M., van Grunsven, R.H.A., Kyba, C.C.M., Manfrin, A. and Hölker, F. (2018). Insect declines and agroecosystems: does light pollution matter? Annals of Applied Biology. DOI: https://doi.org/10.1111/aab.12440


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.