Neandertalek hegaztiak eta haragijaleak jan zituzten lehen froga Kantauriar eremuan

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Ebakidura markak dituzten hegazti eta haragijaleen fosilak topatu dituzte Axlor aztarnategi mousteriarrean (Dima, Bizkaia), neandertalak euren inguruarekin harreman konplexua izan zuteneko ideia indartzen duena.

Irudia: Ebakidura markak dituzten fosilak topatu dituzte Axlor aztarnategian.

Tamaina ertaineko ungulatuak (ahuntzak, zaldiak, bisonteak, oreinak) ehizatuta bizi ziren neandertalak. Hala ere, landareen, ehiza xehearen, dortoken, Itsas-baliabideen (moluskoak, esaterako), hargijaleen eta hegaztien kontsumoa iradokitzen duten gero eta ebidentzia gehiago daude. Hegaztien eta haragijaleen frogak, dena den, Iberiar penintsulako zonalde mediterraniora mugatzen ziren orain arte, klima eurosiberiarreko iparralde penintsularrean ez zegoen ebidentziarik.

70.eko hamarkadan Jose Miguel de Barandiaranek Axlorren kobazuloan zuzendutako indusketetan aurkitutako animalia fosilak berraztertu dituzte eta kantauriar eremuko neandertalek haragijaleak zireneko eta hegaztiak kontsumitu zituzteneko lehen froga aurkitu. Hiru hegaztiren (bi arrano beltz eta bele bat) eta bi haragijale (otsoa, kanidoa eta katamotza, felidoa) fosiletan ebakidura markak ikusi dituzte. Arrano beltzaren eta katamotzaren kasuan, ebakidura markak haragia lortzeko egindakoak dira ziur aski eta otsoaren kasuan, haragiaren ala larrua lortzeko.

Jateko ez ezik, larrua, lanabesak eta, ebidentzia gero eta gehigo dituen apaingarriak eskuratzeko ehizatzen zuten neandertalek Europan Erdi-paleolitoan. Hegaztien ustiatzeak ikertzaileen arreta piztu du, portaera konplexuei lotuta baitago ikuspuntu bikoitzetik:

  1. Dieta zabalagoari eta ungulatuak baino animalia txikiago eta azkarragoak ehizatzeko gaitasunari lotuta dagoelako hegaztien kontsumoa.
  2. Portaera sinbolikoekin lotutako hegaztien ustiaketaren frogak aurkitu izan direlako.

Haragijaleen kontsumoak, bestalde, bi helburu nagusi izango lituzke: jateko haragia lortu eta larruak eskuratu. Nahiz eta arraroa izan, Europa mailako frogak aztertu dituzte ikerketan eta kontinenteko neandertal talde ezberdinen arteko ezberdintasun kulturalei lotutako kontsumo patroia egon liteke. Hegaztien kasuan, haragia lortzeko ehizatzea Iberiar penintsulan izan zen, erpeak apaingarri moduan Frantzian, Italian eta Kroazian ikusi dira; lumak apaingarri moduan zabalduago dirudi. Haragijaleei dagokionez, hartzak dira ehizatuenak Europa kontinentalean, iberiar penintsulan topatutako froga apurrak kanidoak eta felidoak direla iradokitzen dute.

Erreferentzia

Gómez-Olivencia, Asier, et al., (2018). First data of Neandertal bird and carnivore exploitation in the Cantabrian Region (Axlor; Barandiaran excavations; Dima, Biscay, Northern Iberian Peninsula). Scientific Reports, 8, e10551. DOI: 10.1038/s41598-018-28377-y.

1 iruzkina

  • […] Ebakidura markak dituzten hegazti eta haragijaleen fosilak topatu dituzte Axlor aztarnategi mousteri… (Dima, Bizkaia). 70.eko hamarkadan Jose Miguel de Barandiaranek Axlorren kobazuloan zuzendutako indusketetan aurkitutako animalia fosilak berraztertu dituzte eta kantauriar eremuko neandertalek haragijaleak eta hegaztiak kontsumitu zituztela baieztatzen […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.