Zein eta nolakoak dira hizkuntza-arazoak euskara-gaztelania elebidun afasikoengan? Modu eta neurri berean azaleratzen al dira arazo horiek elebidunaren bi hizkuntzetan? Ikerketa-galdera horiei erantzuteko, gaztelania-euskara aldibereko elebiduna den afasiko baten kasu-azterketa burutu genuen.
Afasiko elebidunaren hizkuntza-jokabidea xeheki ikertzeko hizkuntza-arazoak nola azaleratzen diren behatu da bi hizkuntzetan honako hiru metodo hauek konbinatuz: behaketa bidezko metodoak (hizketa espontaneoa), afasia aztertzeko bateria orokorrak eta ariketa esperimentalak. Halaber, afasikoaren antzeko ezaugarriak zituen hizkuntza-arazorik gabeko elebidun kontrol baten jokabidea ere aztertu zen.
Euskara-gaztelania afasiadun honen kasu-azterketan bi emaitza nagusi aurkitu ziren. Alde batetik, afasiak modu espezifiko eta bereizian eragin diezaieke hizkuntza-osagai eta prozesuei. Hiztegiari dagokionez, adibidez, ikusi zen afasiadunak bi hizkuntzetan zenbait arazo zituela hitzak eskuratzeko (euskaraz arazoak nabarmenago ziren). Arazo horiek prozesu eta maila jakin batzuei eragiten zieten soilik: lexiko osteko maila fonologikoari (hotsei) eta hitzaren irudikapen lexiko fonologikoari (hitzari), baina ez, ordea, maila semantikoari (esanahia). Hala erakutsi zuten hitzak ekoitzarazteko ariketa batean ageri ziren akats fonologikoen kopuruak (adb. eltzea ekoiztea iltzearen ordez) eta mihi-puntako fenomenoaren sintomek. Emaitza horiek aditzera ematen dute esanahia eta forma disoziatuta daudela hizkuntzaren irudikapenean, beste lan batzuek erakutsi dutenez.
Maila morfosintaktikoari dagokionez, zenbait esaldi konplexuren ulermen eta ekoizpenean ere urradura espezifikoak azaleratu ziren. Ekoizpen-ariketetan ez zen arazorik ageri ez gaztelaniaz ez euskaraz. Ulermen-ariketetan, berriz, zenbait arazo ageri ziren euskaraz soilik egitura jakin batzuetan, hain zuzen, pinguinoa garbitzen duen umea bezalako subjektuzko erlatibozkoetan eta nor orrazten du erreginak? bezalako objektuzko galderetan.
Bestalde, berretsi zen afasiaren sintomak ez direla modu eta neurri berean azaleratzen elebidunen bi hizkuntzetan, zenbait antzekotasun kualitatibo egon arren, alde kualitatibo eta kuantitatiboak aurkitu baitziren. Hiztegi-mailako arazoetan antzekotasun kualitatiboak ageri ziren (maila semantikoa urratu gabe bietan, eta maila fonologikoak urratuta), baina baita alde kuantitatiboak ere: hutsak euskaraz gehiago ziren. Maila morfosintaktikoan alde kualitatiboak aurkitu ziren: ulermen-arazoak euskaraz bakarrik antzeman ziren. Horrek aditzera ematen du afasiadunak gaztelania hobeto mantendu edota berreskuratu duela euskara baino. Hizkuntza-errehabilitazioa gaztelaniaz egitea, eta lesioaren ondoren gaztelania nagusiki erabiltzeak azal lezakete gaztelania hobeto mantentzea aztertutako afasiadunarengan.
Oro har, ikerlan honetako emaitzek, afasiari buruzko beste ikerketa batzuekin batera, erakutsi dute bi hizkuntzak eta hizkuntza-osagaiak hein batean modu bereizian daudela antolatuta elebidunen burmuinean; horregatik gerta daiteke hizkuntzak eta hizkuntza-osagaiak modu bereizian eta desberdinean urratuta suertatzea. Emaitza hauek ondorio garrantzitsuak dituzte afasiko elebidunen azterketari begira; ezinbestekoa da hizkuntza-osagai eta hizkuntza guztiak zehaztasunez aztertzea hizkuntza-arazoak oharkabean ez pasatzeko.
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia. 2018
- Artikuluaren izena: Zenbakizko biskositateak eragindako soinu-eztandaren simulazioaren zailtasunak
- Laburpena: Burmuineko lesioen ondorioz afasia deritzen hizkuntza-arazoak ager daitezke. Arazo horiek era askotakoak izan daitezkeen arren, oro har, ez dira hizkuntza-osagai guzti-guztietan azaleratzen (adb. hotsetan, hitzetan, esaldien antolamenduan), ezta elebidunen hizkuntza guztietan ere. Hain zuzen, elebidunen kasuan, gerta daiteke hizkuntza batean arazoak agertzea eta bestean arazorik ez azaleratzea (edo arazoak arinagoak izatea) edota bi hizkuntzak ez berreskuratzea maila eta modu berean. Elebidun afasikoen hizkuntza-arazoak aztertzeak aukera ematen du hizkuntzak eta hizkuntza-osagaiak burmuinean nola antolatzen diren ezagutzeko, hots, egitura partekatuak dituzten edota mailaren batean bereizita dauden jakiteko.
- Egilea: Amaia Munarriz-Ibarrola
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 191-208
- DOI: 10.1387/ekaia.17899
Egileaz
ELEBILAB, Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Sailean landu du tesia Amaia Munarriz-Ibarrolak.
1 iruzkina
[…] agertzea eta bestean arazorik ez azaleratzea edota bi hizkuntzak ez berreskuratzea maila berean. Ikerketa honen emaitzek erakutsi dute bi hizkuntzak eta hizkuntza-osagaiak hein batean modu bereizian daudela […]