Asteon zientzia begi-bistan #223

Uxue Razkin

Biologia

Ernalketa prozesua azaltzeko, oso ohikoa da tonu epikoa erabiltzea: “Bidean espermatozoide ahulenak bazterrean geratzen dira, eta espermatozoide onenak baino ez dira iristen helburura”. Espermatozoide “irabazlea” hartzen da protagonistatzat eta bigarren mailakotzat jotzen da obulua. Antropologian, eboluzioan eta giza ugalketan espezializatutako Robert D. Martin biologoaren arabera ikuspegi hori okerra da. Teoria hori argudiatzeko, esaterako, Martinek dio espermatozoideen ugaritasuna ez dela halabeharrez seinale ona: haietako asko eta asko akastunak dira; horregatik behar dira hainbeste.

Lindus 2 proiektuan lanean ari da Gabi Berasategi biologoa. Hegazti migratzaileak behatzean datza eta ingurumenean dauden arazoak antzemateko tresna “oso sendoa” dela dio Berriak egin dion elkarrizketa honetan. “Ornodunek oso bizkor erantzuten diete aldaketei. Lurraren berotzeari lotuta, bidaiak aurreratu edo atzeratzen dituzte, edo gutxiago migratzen dute”, adierazi du Berasategik.

Germenak izan dira protagonista gaurkoan. XVII. mendearen hasieran, mikroskopioaren garapenak ahalbidetu zuen ordura arte ezezagunak ziren izaki bizidunak aurkitzea. 1835ean Agostino Maria Bassi-k, adibidez, frogatu zuen onddo ñimiño batek muskardina eragiten zuela zeta-harretan. Laster lotuko ziren mikrobioak beste gaixotasun batzuekin. Hainbat teoria germinalek hedatzen jarraitzen zuten XIX. mendean zehar; XX. mendeko hasiera arte ez zen adostasunik lortu. 1880. urtetik aurrera ikertzaile askok ikusi zuten existitu behar zirela gaixotasunak eragiten zituzten agenteak, bakterio ezagunak baino txikiagoak zirenak. 1896an, birus iragazlearen ideia proposatu zen lehenengo aldiz. Hala, mikroskopio elektronikoaren garapenak, 30eko urteetan, birusak ikustea ahalbidetu zuen.

Nobel sariak

James P. Allison eta Tasuku Honjo ikertzaileek jasoko dute Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria, minbizia tratatzeko bide berri bat aurkitzeagatik. Erakundearen iritziz, garatutako metodoa “iraultzailea” da, immunologia-sistemak berak minbizi-zelulei aurre egiteko erabiltzen duen sistema baliatzen baitu, minbizi-zelulak zuzenean suntsitzen saiatu beharrean.

Fisikako nobelari dagokionez, aurtengo sarituak Arthur Ashkin, Gerard Mourou eta Donna Strickland ikertzaileak izango dira, “laserraren fisikan egindako ekarpen iraultzaileengatik”. Bi zatitan banatu dute: erdia Arthur Ashkinentzat izango da, pintza optikoak asmatzeagatik eta haiek biologian aplikatzeagatik. Sariaren beste erdia Gerard Mourou eta Donna Stricklandentzat izango da, intentsitate handiko pultsu ultramotzak sortzeko teknika asmatzeagatik.

Azkenik, Kimikakoa Frances Arnold-ek, George Smith-ek eta Gregory Winter-ek jasoko dute, lehenengoak entzimen eboluzio gidatua garatzeagatik, eta beste biek farmakoak sortzeko fago erakusleen teknika (phage display) garatzeagatik. Sarituen artean, azpimarratzekoa da Arnolden lana: Kaliforniako Teknologia Institutuan irakaslea da eta bertan eboluzioa ikertzen du, medikuntzan, kimikan zein energian izan ditzakeen aplikazioak bilatzeko.

Teknologia

Salaketa faltsuak atzemateko gai den softwarea garatu du poliziak. VeriPol du izena sistemak eta adimen hizkuntzaren prozesamendua eta ikasketa automatikoa baliatzen ditu salaketetan jasotako testuak aztertzeko. Alegia, salaketen testua aztertzen du eta horren inguruan “ebazpen” bat ematen du. Artikuluaren egileen esanetan, benetako salaketek zehaztasun gehiago eskaini ohi dituzte, baina salaketa faltsuetan zehaztasun horiek alboratzen dira.

Ikerketa

Argitalpenen diktaduraren legeari heldu dio Josu Lopez-Gazpiok aste honetan. Zientzialari baten curriculumak ezer gutxi balio du ikerketa-artikuluak egiten ez baditu. Horren harira, duela gutxi J. Ioannidis, R. Klavans eta K. Boyack ikertzaileek zientzia-artikuluen egile hiperoparoak identifikatu dituzte. Horiek dira urte batean 72 artikulu baino gehiago argitaratzen dituzten egileak. Identifikatu dituzten 9.000 egile hiperoparoen %86 fisikaren esparrukoak dira.

Paleontologia

Neandertalen galera azaltzeko faktoreen artean, askotan aipatzen dena klima da. Orain, klima lokalaren ezaugarriak aztertu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait kobazulotan. Jasotako informazioari esker, ondorioztatu dute neandertalak galdu ondoren klima hotza eta lehorra izan zela, landa irekiak basoak ordezkatu zitutela eta animaliak ehizatzeko eremua oso zabala zela. Hala ere, klimaren aldaketa beste toki batzuetan baino apalagoa izan zen.

Biokimika

Polimeroak eta polisakaridoak konbinatzea bioelektronikarako, giza ehunetan hobeto txertatuko diren materialak sortzeko, proposatzen du ikerketa batek. Gaur egungo aplikazio bioelektronikoetan gehien erabiltzen den polimero eroalea PEDOTa da (eta PSSarekin dopatu ohi da, eroankortasun elektroniko eta ioniko, biobateragarritasun eta egonkortasun handiak baititu. Bada, eragozpen bat du: ez da biofuntzionala. Haren biobateragarritasuna hobetzeko, PEDOT-material berriak ekoiztea izan du ardatz ikerketak.

Medikuntza

Burmuineko lesioen ondorioz afasia ager daiteke, hizkuntza-arazoak, alegia. Elebidunen kasuan, gerta daiteke hizkuntza batean arazoak agertzea eta bestean arazorik ez azaleratzea edota bi hizkuntzak ez berreskuratzea maila berean. Ikerketa honen emaitzek erakutsi dute bi hizkuntzak eta hizkuntza-osagaiak hein batean modu bereizian daudela antolatuta elebidunen burmuinean, hau da, gerta daiteke hizkuntzak eta hizkuntza-osagaiak modu bereizian eta desberdinean urratuta suertatzea.

Emakumeak zientzian

Amaia Arranz Otaegui arkeobotanikariaren azken ikerketak frogatu du gaur egun Jordania den eremuan, duela 14.000 urte talo-itxurako ogia egiten zutela. Arranz pozik dago ikerketak izan duen hedapenarekin; dibulgazioak garrantzia handia du harentzat. Txikitatik gustuko izan ditu paleontologia, arkeologia eta halakoak: “Hamabost urterekin, lortu nuen Egiptora joatea amarekin, eta museoan negarrez hasi nintzen, hunkituta”. Historia ikasi zuen Bartzelonan, ondoren Kuaternarioko Masterra burutu zuen UPV/EHUn. Doktorego-aldian Arkeobotanika landu zuen, Ekialde Hurbileko hainbat aztarnategietako landareak aztertuz. Gaur egun, doktorego-ondorengo ikertzailea da Kopenhageko Unibertsitatean.

——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>