Senez

Zientziaren historia

Senak animalien ―gizakiak barne― jokaeran duen paperari buruzko lehen gogoetak Aristotelesen, estoikoen eta Galenoren lanetan aurkitzen dira.

1. irudia: XX. mendean senaren nozioaren erabilera zabalduarekiko eszeptizismoa bereziki agerikoa zen Estatu Batuetan.

Autore horiek oinarri hartuta, baita Ibn Sinaren (Avicena) lanak eta erlijio-tradizioak ere, Erdi Aroko ikastunek eta Aro Berriko lehenengoek bereizketa bat azpimarratu zuten: batetik, animalien jokaeraren aldaezintasuna, “naturari” zegokiona, eta, bestetik, gizakien egintzen aldakortasuna, “arrazoimenari” zegokiona. Hala ere, Aristotelesen jarraitzaileek animalia ez gizakiei “arrazoimen txikiago” halako bat aitortzen zieten.

XVII. mendean, René Descartes-ek animalien gorputzen azterketara eginiko hurbilketa mekanizistaren zabalkundearekin, filosofoek lotu egin zuten senezko jokaera gorputzaren antolaketarekin. Uste zuten senak jaiotzetiko jokabide-ereduak zirela, espezie ezberdinen bereizgarriak, eta ondorioztatu zuten gorputz-antolaketa berbereko banakoek sen berberak agertzen zituztela.

Enpiristek, bestalde, zentzumenen esperientziaren papera nabarmentzen zutenez, ahalmen berbera aitortzen zieten animaliei, gizakiak barne; eurek egindako zentzumen-irudietatik ikasteko ahalmena alegia. Ikuspuntu horrexekin, XVIII. mendeko hainbat autorek ―hala nola Étienne Bonnot de Condillac eta Erasmus Darwinuste zuten animalien senak eta gizakien arrazoimena esperientziatik ikasteko oinarrizko ahalmen beraren ondorioa zirela.

Jean-Baptiste de Lamarckekin, senei buruzko gogoetak argudiaketaren atal garrantzitsu bihurtu ziren, aldaketa ebolutiboa azaldu ahal zuten arrazoiak finkatu nahian. Lamarcken eta bere jarraitzaile gehienen ustez, senak ―organoak edota funtzio fisiologikoak bezala― izaki bizidunek garatutako ohituretatik sortu ziren, ingurura eta bizi-baldintza aldakorretara egokitzeko premiagatik.

XVIII. mendearen amaierako eta XIX. mendearen hasierako senei buruzko literaturak (“teologia naturala”-ren arloan egin zena barne) paper garrantzitsua jokatu zuen Charles Darwinen eboluzio-mekanismoei buruzko lehen ideietan. Geroago Espezieen jatorria (1859) laneko kapitulu oso bat eskainiko zion azaltzeari senak, funtzio eta organo konplexuak bezala, hautespen naturalak denboraren joanean ekarritako mailaz mailako eraldaketaren bidez azaldu ahal zirela. Bertan, eta luzeago Gizakiaren jatorrian (1871), Darwinek argudiatzen zuen giza espeziearen adimen-ahalmenak “hobetu” egin zirela hautespen naturalaren bidez, baita animalia-senak ere.

XX. mendeko lehen erdian, etologia deitutako diziplina berri baten atal nagusi bihurtu zen animalien jokaeraren egintza-eredu finkoen azterketa, batik bat Austrian, Alemanian eta Herbehereetan garatua. Karl von Frischek, Konrad Lorenzek, Nikolaas Tinbergenek eta beste batzuek behaketa-datu kopuru handia metatu zuten, eta kontzeptu asko garatu zituzten diziplina berriaren esparruan.

Bestalde, jada 20ko hamarraldian, senaren nozioaren erabilera zabalduarekiko eszeptizismoa bereziki agerikoa zen Estatu Batuetan, konduktismo izeneko psikologia-korrontearen barruan. Ohiturak hartzeko prozesuak eta baldintzapena azpimarratzen zituztenez, behavioristek ―hala nola John Watson― zorrozki murrizten zuten senezko jokaeraren (ez ikasia) papera animalien jokaeran ―gizakiak barne―.

70ko hamarralditik, hainbat autorek ―batez ere soziobiologiarekin lotutakoak, Edwrad O. Wilson tartean― hurbilketak garatu dituzte jokabide ez ikasiaren ereduaren azterketara, eta azterketa horiek alderdi genetiko eta neurobiologikoak azpimarratzen dituzte.


Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.