Ziortza Guezuraga
Itsaskien ontziratzerako itsaski hondakinak baliatzea aukera izan daiteke ekonomia zirkular testuinguruan.
Itsaskien ontziratzerako itsaskien hondakinen erabileraren azterketa literarioa egin dute eta, emaitzen arabera, ekonomia zirkularraren testuinguruan aukera izan daiteke. Bi substantzia mota izan dituzte kontuan: gelatinak eta kitosanoak.
Gelatina kolagenotik eskura daiteke. Arrainen hezurgabetzeetako hondakinen %30 inguru kolagenoan aberatsak diren azal eta hezurrak dira eta gelatina eskuratzeko bi metodo erabil daitezke: hidrolisi basikoa eta hidrolisi azidoa.
Gelatinaren konposizioa eratorria den kolagenoaren antzekoa izango da eta metodo biak baliatuta lortutako gelatina filmek ezaugarri egokiak dituzte janarien ontziratzean erabiltzeko, lehortzetik eta oxigenotik babesten baitute.
Kitosanoa, kitinaren desazetilazioaren bidez eskura daiteke eta krustazeoen oskolak kitina iturriak dira. Dituen ezaugarriak direla eta, arreta handia eskuratu du kitosanoak, izan ere:
- Elikagaiak kontserbatzeko egokia da.
- Ez toxikotasuna du ezaugarri.
- Gaitasun kelantea du (metal astunak harrapatzen ditu)
- Biodegradagarria da.
Eskuratutako biomasaren %75 inguru arrainen hezurgabetzeen hondakinak dira eta krustazeoen prozesatzeak ere hondakin kantitate handiak sortzen ditu, batez ere, oskolak eta buruak.
Hala ere, lehengaia industrialki hornitzen duten enpresekin harremana egitea izan da lanetako bat. Azken batean, arrain gelatina industrialki komertzializatzen da gaur egun baina ez da kitosanoaren kasua eta kitina eta kitosanoa industrialki saltzen duten Vietnameko enpresak bilatu dituzte.
Bai gelatinarekin bai kitosanoarekin plastikoak eskuratzen dira eta hauekin filmak garatzen dira.
Azterketa holistikoa
Ontziratze produktuak sortzeko substantzien ezaugarriak ez dira kontuan izandako arlo bakarra. Disziplina anitzetik aztertu da gaia: ontziratzearen konposizioa (alderdi zientifikoa), produkzioa (alderdi teknologikoa), erosleek eskatzen duten elikagaien kalitatea (alderdi sozioekonomikoa) edota ingurumen-ardura.
Hartara, zenbait arlo aztertu dira, produktuen propietateez gain:
- Produkzio prozesuak.
- Propietate funtzionalak.
- Produktuen balio-bizitzaren handitzea.
- Segurtasun eta osasun alderdiak.
- Ingurumen onurak.
Ikuspuntu holistikoa kontuan izanda, azterketa egiteko partzuergoa osatu dute. Zenbait unibertsitateko ikertzaileak, UPV/EHUko BIOMAT taldea barne, lehengai hornitzaile diren enpresak, film produktoreak, elikagai ontziratzaileak eta ontziratutako produktuen komertzializatzaileak.
Emaitzen arabera ekonomia zirkularraren testuinguruan itsaskien ontziratzerako itsaski hondakinak baliatzea aukera izan badaiteke ere, ikertzen jarraitu behar da. Pedro Guerrero ikertzaileak azaltzen duenez, filmen propietateak eta, batez ere fabrikazio prozesuak hobetu behar dira.
Erreferentzia bibliografikoa
de la Kaba, Koro, et al., (2019). From seafood waste to active seafood packaging: An emerging opportunity of the circular economy. Journal of Cleaner Production, 208, 86-89. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jclepro.2018.09.164
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
2 iruzkinak
[…] Guezuraga kazetariak azaldu digu artikulu interesgarri honetan itsaskien ontziratzerako itsaski hondakinak baliatzea aukera izan daitekeela ekonomia zirkular […]
[…] azpiproduktu naturaletatik abiatuta —soja-proteina eta kitina-proteina—, scaffold edo matrize harro bat garatu dugu. Honek oso propietate fisiko-kimiko interesgarriak […]