Guillermo Quindós, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Mikrobiologia Katedraduna, buru izan duen ikerlan batek umetokiko zelula ametan oinarritutako tratamendu berritzaile eta erraz bat garatu du, baginako kandidiasia gaixotasunaren jatorri den Candida Albicans onddoaren aurka borrokatzeko.
Baginako kandidiasiak ez dakar arrisku handirik eguneroko bizitzara baina gaixotasuna duenaren bizi kalitatea murriztu egiten du, haren jarduera mugatuz. Gaixotasunaren sintomak dira, esaterako, askotan jasanezinak diren azkura eta erresumina. Baginako kandidiasia pairatu duten bost emakumetatik bat Candida onddoaren eramaile kroniko bihurtzen da eta, ondorioz, infekzioak pairatzen ditu aldizka. Errepikatzen diren kandidiasi horiek erresistenteak bihurtzen dira ohiko tratamenduen aurrean.
Umetokiko zelula amekin egindako ikerketak bide berria ireki du Candida Albicans onddoari aurre egiteko. Aktibitate antineoplasikoa (bular tumore zelulen aurkakoa) duten umetokiko zelula amek jariatzen duten “sekretoma”-k (zitokina koktelak) Candida albicans bezalako onddo patogenoen aurkako eragina duen ikertu dute. Izan ere, tumore-zelulak bezala, eukariotak dira Candida albicans onddoak.
Ikerketaren emaitzek erakutsi dute sekretomak Candida onddo espezie batzuen aurkako oso aktibitate ona duela eta ona edo erregularra beste batzuentzat. Azpimarratzekoa da normalean kandidiasia tratazteko farmakoei erresistenteak diren Candida anduien aurka erakutsitako aktibitatea. Gogoratu beharra dago Candida albicans onddoa baginako kandidiasien %80aren baino gehiagoaren arduraduna dela.
Umetokiko zelula amek, bestalde, immunodeprimitutako pazienteen odoletik ateratako Candida albicans anduien (sentiberak zein tratamenduaren aurrean erresistenteak) hazkundea ere eten dute. Onddoen ondoriozko septizemiak (odol infekzioak) heriotza arrazoi garrantzitsua dira paziente talde horretan, horien aurka egun dauden tratamendu mediko eskas eta urrien aurrean erresistente egiten direnean bereziki.
Ikertutako umetokiko zelula amen andui berezi honek (hUCESCs-k) Candida albicans onddoaren aurka agertzen duen jarduera sendoagoaren zioa bere jatorria izan daiteke. Umetokiko zelula amak oso leku berezian dute jatorria: “umetoki lepoaren eraldatze lekua”. Oso zaurgarria da biologikoki eta etengabeko harremana du baginarekin eta horrek dakartzan mehatxuekin: onddoak, bakterioak, birusak eta kanpotik datozen mikrobio patogeno guztiak. Testuinguru horretan, umetoki lepoko zelula ama mesenkimalek, espeziearen bilakaeran zehar, defentsa mekanismo boteretsuak garatu ahal izan dituzte: balizko mehatxu guztien aurka egin eta espeziaren biziraupena bermatzea xede duten molekula faktore ugari kanpoko ingurura igortzen dituzte.
Umetokiko zelula amak edo umetoki lepoko zelula ama mesenkimalak (hUCESCs edo “human Uterine Cervical Stem Cells” ingelesez) apenas inbaditzailea den metodo baten bidez lortzen dira, ohiko ginekologia azterketan egiten ohi den lepoaren eskuilatzean oinarritua. Aurreko ikerlanetan ikertzaile ezberdinek ikusi ahal izan dutenez, gainera, sekretomak baldintzatutako inguruneak (zelula horiek igorri duten molekula multzoa) potentzial handia dauka ere bularreko minbiziaren aurkako tumoreen aurka, gaitasun birsortzaile handia kornea lesioetan, bai eta potentzial immunoarautzaile handia ere.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Tratamendu berritzailea eta erraza Candida Albicans onddoaren aurka.
Erreferentzia bibliografikoa
Antifungal Activity of the Human Uterine Cervical Stem Cells Conditioned Medium (hUCESC-CM) Against Candida albicans and Other Medically Relevant Species of Candida. Frontiers in Microbiology, 9, e2818. DOI: 10.3389/fmicb.2018.02818.
(2018).
2 iruzkinak
[…] du, baginako kandidiasia gaixotasunaren jatorri den Candida Albicans onddoaren aurka borrokatzeko. Artikuluan irakur daitekeenez, baginako kandidiasiak ez dakar inolako arriskurik baina gaixotasuna duen emakumearen bizi kalitatea […]
[…] ikusi zutenaren arabera, gel desinfektatzaileak erabiltzen zituztenek onddo bidezko baginako infekzioa izateko 8 aldiz arrisku handiagoa zuten eta bakterio bidezko infekzioa izateko ia 20 aldiz […]