Asteon zientzia begi-bistan #249

Uxue Razkin

Matematika

Argazkietako matematika azaldu digute honetan. Lehenik eta behin, badakizue zer den pixela? Bada, irudiak duen initaterik txikiena da, kolore bakarra duen koadrotxo bat. Pixel bakoitzari zer kolore dagokion zehazteko CCD bat erabiltzen da eta CCD horrek pixel bakoitzera heltzen den kolorea definitzeko RGB eredua erabiltzen du. Eta aurrekoarekin lotuta, zein da egunero ikusten dugun JPEG sistemaren historia eta funtzionamendua?

Osasuna eta medikuntza

Zauri kronikoetarako apositu berri bat garatu dute UPV/EHUko ikertzaileek. Bertako ikertzailea den Itxaso Garciak Berrian esan du: “Jende askok ditu zauri kronikoak eta arazo larri bihurtzen ari dira, ez dagoelako tratamendu eraginkorrik”. Apositu berria egiteko aloe vera landarea erabili dute. Emaitza itxaropentsuak dira baina oraindik asko ikertu behar da.

Berriak eman du jakitera Europako Batzordeak Donostiako CIC Biomaguneko Sergio Moya ikertzaileari ia milioi bat euro eman dizkiola nazioarteko talde bat koordina dezan. Bertan, nanomaterialak sortu nahi dituzte minbizi zeluletara oxigenoa eramateko eta gero argiarekin suntsitzeko. Martxoan abiatu zuten egitasmoa.

Guillermo Quindós, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Mikrobiologia Katedraduna, buru izan duen ikerlan batek umetokiko zelula ametan oinarritutako tratamendu berritzaile eta erraz bat garatu du, baginako kandidiasia gaixotasunaren jatorri den Candida Albicans onddoaren aurka borrokatzeko. Artikuluan irakur daitekeenez, baginako kandidiasiak ez dakar inolako arriskurik baina gaixotasuna duen emakumearen bizi kalitatea murriztu eta bere jarduera mugatu egiten du.

Astrofisika

Marten metano isuri txikiak badirela berretsi dute. ESAko Mars Express misioko zientzia operazioetako arduradun Alejandro Cardesin ingeniariak azaldu duen moduan, “kasu honetan, eremuaren azterketa “oso zehatza” egin da eta “metano isurketari lotuta egon daitezkeen eremuak identifikatu ahal izan ditugu”. Oraindik badira, berriz, galdera batzuk erantzunik gabe, hala nola zientzialariek oraindik ez dakite nola sortzen den, ezta zergatik desagertzen den ere.

Adimen artifiziala

Geoff Hinton, Yann Lecun eta Yoshua Bengio ikerlariek jaso dute Turing saria neurona sare sakonen iraultzaren aitzindariak izateagatik. Bada, Gorka Azkune EHUko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren saileko irakasleak Berrian azaltzen digu neurona sare artifizialen ideia ez dela berria: 1956. urtean proposatu zuen Frank Rosenblatt psikologoak. Kontua da, 1980ko hamarkadan orain saritutako hiru ikertzaileok aurrerapen garrantzitsuak egin zituzten baina une hartan neurona sareak ez zeudela modan. Komunitate zientifikoaren mespretxupean lan egin arren, aurrera jarraitu dute eta saria irabazi dute.

Kimika

Nola egiten zaie aurre neguan maiz agertzen diren katarroa eta eztarriko minari? Telebistan agertzen denari kasu egiten badiogu, ziur askotan entzun duzuela Strepsils con Lidocaína, oso zabalduta dagoen sendabidea. Baina, nola sortzen da lidokaina? Sorreran, bi dira gertatzen diren etapak: amidazioa eta ordezkapena. Ezagutu ezazue gertutik zein den prozesu kimikoa, testu honetan oso argi azaltzen digute!

Genetika

Hamabi urte bete ditu Koldo Garciaren Edonola.net atariak eta ospatzeko gai bat ekarri digu, genetikari guztien obsesioa omen dena: gene-arkitektura. Artikuluan azaltzen digunez, ez da kontu erraza, eta genomak ulertzea ezta ere. Zer da, baina? Gene eta gene-osagaien bilduma osoa da genoma. Genomak ondo ulertzea giltza da ezaugarri baten gene-arkitektura ebazteko. Eta gene-arkitektura ulertzeko, kontuan hartu behar da geruza ezberdinak daudela. Eta beste hamaika kontu. Genetikan guztiz murgildu nahi baduzu, ez zalantzarik izan, hauxe da behar duzun artikulua.

Emakumeak zientzian

Regina Juanbeltz farmazia-ikertzailea izan da protagonista asteon. Nafarroako Ospitaleguneko Biokimikako laborategian eta farmazia-produktuen ikerketa eta garapena egiten dituen Idifarma konpainian aritu eta praktikak, Ama Birjina Ospitaleko farmazia-zerbitzuan egin zituen. Horrez gain, Floridan izan zen hiru hilabetez. Bere tesian, C hepatitisaren tratamenduaren ikertu du eta emaitzak ikusgarriak dira: tratamendu antibiral berriekin, C hepatitis kronikoa duten gaixoen %97 sendatu egin dela frogatu du. Horren harira, Juanbeltzek dio: “Frogatu dugu eraginkorra eta segurua dela, eta proba klinikoetan bezain ondo funtzionatzen duela egunerokoan”.

Australia, Herbehereak eta Estatu Batuetako hiru unibertsitateko ikertzaileek ondorioztatu dute emakume zientzialariek gizonek baino aukera gutxiago eta aitortza txikiagoa izaten dituztela, Elhuyarren irakur daitekeenez. Honen atzean arrazoi nagusi bat dago: arazoak dimentsio asko ditu (norbanakoa, familia, lantokia eta gizartea), eta horrek zailtzen du neurriak eraginkorrak izatea, dimentsio baterako onuragarria dena kaltegarria izan daitekeelako beste baterako.

Dibulgazioa

Eva Caballerok Radio Euskadin zuzentzen du ‘La Mecánica del Caracol’ zientzia, teknologia eta historiari buruzko saioa, eta EiTBko elkarrizketa honetan, zientziaren dibulgazioaz aritu da gehienbat. Oro har dio gizartearen kultura zientifikoa ez dela “bereziki altua” eta oraindik “ezjakintasun dezente” dagoela. Horretaz gain, saioan ikertzaileen lana ikusarazten dutela esan du: “Zientzialariek laborategietan zer egiten duten azaltzeak ez du balio soilik zein aurrerapen izan diren ulertarazteko, beren lana zein zaila den erakusteko ere balio du. Ez dago formula magikorik. Inbertitzea garrantzitsua da, prozesuek denbora eta lan pila bat behar dutelako”.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>