Asteon zientzia begi-bistan #300

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

Ospitaleetako ZIU zainketa intentsiboetako unitateak izan dira ardatz Berriako testu honetan. Nola egiten dute lan unitate hauek? Iñaki Saralegi profesionalak –urteak egin zituen zainketa intentsiboetan, eta egun arta aringarrien zerbitzuan ari da– azaldu dizkigu xehetasunak. Horretaz gain, COVID-19 gaitzaren kasuan, zainketa intentsiboetako unitateek nola aritu diren ere kontatu digute.

Osasun krisi honek eragin dituen auzi etikoak ebazteko argibideak eman ditu Carlos Maria Romeo bioetikan adituak Berriako elkarrizketa honetan. Espainiako Gobernuak eskatuta, aholku sorta bat prestatu du Romeok beste ikertzaile batzuekin batera. Txosten honetan azaldu diren irizpideez mintzatu da.

Itxaropena piztu du txertoak gure gizartean baina adituek esan bezala, hori lortzeko bidea luzea izango dugu aurretik da ziur asko, mugatua izango da. Zalantza etikoak piztu dituzten hainbat egitasmo izan dira egunotan. Berrian argitaratutako testu honetan horiek ezagutzeko aukera duzue. Ez galdu!

Noiz atera gaitezke korrika egitera edo ibiltzera? Eta kirola egitean ez al da infekzio-arriskua areagotuko? Zeintzuk dira jarraitu behar ditugun arauak? Herbehereetako eta Belgikako ikertzaile-talde batek ondorioztatu zuen 1,5-2 metroko tartea baino gehiago utzi behar zela, adibidez. Oro har, zentzuz jokatzea eskatzen dute adituek. Korrika egitean, maskarak erabiltzearen inguruan, ez dago adostasunik eta eskuak garbitzearena indarrean jarraitzen duen araua da. Berriako artikulu honetan jarraibideak dituzue irakurgai.

Matematikak baliagarriak dira krisi honetarako; ez dute sendatzen baina datuak ematen dituzte epidemiaren bilakaera neurtze aldera. Manuel de Leon matematikaria eta CSICeko irakasleak honi buruz hitz egin du Berriako elkarrizketa honetan. Pandemia batean matematikak nola aplikatzen direnazaldu du eta egungo egoerari buruz hausnartu du.

SARS-CoV-2 birusa hobeto ulertzeko, ikerketa asko abiatu dira, eta horrez gain, ezagututako datuak partekatu egin dira munduko edozeinek ikusi ahal izateko. Miren Basarasek Berriako artikulu honetan azaldu digu, koronabirusari dagokionez, hiru mota daudela: lehenengoa saguzarretan ikusitakoaren oso antzekoa da. Bigarrena, lehenengotik bereizten da bi mutazio izan dituelako, eta hirugarrena, bigarrenaren oso antzekoa da, mutazio batean izan ezik. Bere esanetan, “oso garrantzitsua da birusaren dibertsitate eskasia hori”.

Ignacio Lopez-Goñi mikrobiologiako doktorea eta dibulgatzaile zientifikoa baikor dago COIVD-19 gaitzak eragin duen egoera honen aurrean: “Zientziak aurreranzko urrats izugarriak egin ditu hilabete gutxitan”. Txertoari dagokionez, oraindik luze joko duela iritzi dio, batez ere “txertoen gaineko araudia oso zorrotza delako”. Horretaz gain, konfinamendua arintzeari buruz mintzatu da eta horrek ekarriko duen egoeraz. Xehetasun guztiak Berrian.

Berriki argitaratu den artikulu batean adierazi dute birusari aurre egitea ez dela hasiera besterik COVID-19a larriki bizi duten pazienteen kasuan, Berrian adierazi diguten moduan. Modu horretan, era horretako infekzioak modu larrian izaten dituztenek etorkizunean gaixotasunak izateko arrisku handiagoa izan dezakete.

“Normaltasun berria” lortzeko, Miren Basarasek dio markatzaile batzuk kontuan hartu behar direla. Bere esanetan, lehenik, derrigorrezkoa da birusaren zainketa epidemiologikoa egitea. Bigarrenik, funtsezkoa da kasuen detekzio arina egin ahal izateko mekanismoak egotea. Hirugarren markatzaileak eskatzen du osasun sistemaren ahalmen maila egokia izatea. Eta azkenik, birusaren kutsadura galarazteko babes kolektiboko neurrien beharraz ohartarazi du, adibidez, guztiontzat maskarak bermatzea.

Emakumeak zientzian

Dottie Thomas hematologoa izan dugu protagonista asteon. Hezur-muinaren transplantearen teknikan aitzindaria izan zen, eta leuzemia eta beste odol-arazo batzuk aztertu zituen bere senar Edward Donnall Thomasekin batera. Bere lana oso garrantzitsua izan zen eta hirurogei urte eman zituen ikerketak egiten baina bere senarrak soilik jaso zuen Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria 1990ean.

Genetika

Epidemiak mintzagai ditugunean, gaixotasun infekziosoek sortzen dituzten egoeraz ari gara baina Koldo Garciak artikulu honetan azaltzen digunez, epidemia hitza historian erabili da patogeno batek sortuak ez diren gaitzentzat ere. Adibidez, obesitatea, 1997.urtean Osasunaren Munduko Erakundeak epidemiatzat jo zuena, alegia.

Etortzear dauden epidemiez hitz egin digu Garciak honetan. Zientzialariak ez dira aztiak baina etorkizunean etorriko diren egoera hauek aurreikusi daitezkeela dio.

Ikerketa bitxi baten berri eman digu Garciak artikulu honen bitartez: oso arraroak diren mutazioak aztertu dituzte eta bizi-urteekin lotu dituzte. Zehazki, kontatzen digu proteinak eteten dituzten mutazio oso arraroak aztertu dituztela eta ikusi dutela mota horretako mutazio bakoitzak urte erdian murriztu dezakeela pertsona baten bizitza. Konplexua benetan ekarri digun azterlana, Edonola.net-en irakurgai duzuena.

Bitxikeriekin jarraituz, zer dira birus erraldoiak? Hauen tamaina birus arruntena baino 10 aldiz handiagoa dela dio Garciak, eta gaineratzen duamebak eta fitoplanktona infektatzen dituztela. Lehen biruserraldoia 2003an aurkitu zuten. Benetan arraroak dira!Ez galdu hauei buruzko azalpenak hemen.

Guztioi ezaguna egingo zaigun jirafen lepoaren parabolaz hitz egin digu Garciak. Lamarckek proposatu zuenari jarraiki, epigenetikaz mintzo da, hots, inguruneak gene-informazioan aldaketak sortzen dituela eta aldaketa horiek ondorengoetara nolabait pasatzen direla esan nahi du.Ados zaudete ideia honekin? Zer deritzozue zuek?

Ikerketa batek geneen eragina hezkuntza errendimenduan aztertu du. Ikertzaileek ikusi dute baduela eragina baina, testuan aipatzen den moduan, lotura genetiko globala ez da oso esanguratsua: hezkuntza jardunaren aldakortasunaren %11 eta %13 bitartean dago lotuta aldakortasun genetikoarekin.

Kimika

Paladioak ezaugarri fisiko eta kimiko oso interesgarriak ditu; naturan ez da oso ugaria eta, arraroa den andetik, bere prezioa garestia da eta orain, are gehiago igo da. Testuan azaltzen digutenez, igotzen jarraituz gero, urrearen prezioaren bikoitza izatera heldu daiteke. Zein faktorek izan dute eragina paladioaren prezioaren gorakada ulertzeko? Eta zertarako erabiltzen dugu metal hori? Testuan aurkituko dituzue erantzunak.

Erdi Aroan eskuizkribuetan erabiltzen zen tindagai baten errezeta berreskuratu dute, oinarrian dagoen molekula identifikatuz. Urdinetik morera doan kolore gama lortzen zen Chrozophora tinctoria landareren fruitutik: tintaroia tindagaia, eskuizkribuak margotzeko erabiltzen zena, hain zuzen. Tindagaia lortzeko teknika XIII. mendean garatu zen.

Ingurumena

INMA izeneko proiektu batean, ingurune naturalek haurren osasunean duten onura ikertu dute. Azterketa honek datu objektiboak eta subjektiboak bildu ditu. Horrez gain, gune berdeek osasunean zein bitartekariren bidez eragiten duten sailkatu dute: ingurumenarekiko esposizioa, jarduera fisikoa, gizarte-kohesioa, eta estresa arintzea eta atentzioa berreskuratzea. Elhuyar aldizkariak kontatu dizkigu xehetasunak.

Matematika

Matematikaren historian jenio ugari izan ditugu: Isaac Newton, Grace Hooper, Alan Turing, Joan Clarke… Horietaz gain, beste izen bat gehitu dezakegu zerrenda horretan: Srinivasa Ramanujan. Hasieratik, talentu handiko gaztea zela ikusi zuten bere irakasleek. Zein izan zenmatematikari egin zionekarpena? Artikulu honen bitartez, bere bizitza ezagutzeko aukera izango duzue, bere istorioa benetan harrigarria da! Ez galdu!

Medikuntza

Zika birusak giza baginaren traktua estaltzen duten zelulak infektatzen dituela argitu du AEBko ikerketa batek, Elhuyar aldizkariak azaldu digun moduan. Ikertzaileek identifikatu dute zein den sarbidea: UFO hartzailea omen da, baginako zeluletako mintz plasmatikoan azaltzen den proteina.

Sariak

Hauek izan dira aurtengo CAF-Elhuyar sarien irabazleak: Dibulgazio-artikulu orokorren kategorian, Galder Gonzalez Larrañaga; Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluen kategorian, Leire Sangroniz Agudo eta, azkenik,zientzia-kazetaritzako lanen kategorian, Josu Lopez Gazpio. Gainera, Ana Zubiaga Elordieta genetikako katedradunak jaso du Elhuyar Fundazioaren Merezimendu Saria.

Ildo honi jarraiki, Lopez Gazpiori elkarrizketa bat egin diote Berrian. Bertan, Zientzia Kaieran idatzitako (eta orain saritutako) artikulu-sortari buruz hitz egin du, musika ikuspegi zientifikotik nola landu egin duen azalduz, hain zuzen.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude