Erdi Arotik ahaztuta zegoen urdinaren formula berreskuratu dute

Juanma Gallego

Antzinako eskuizkribuetan erabiltzen zen tindagai baten errezeta galdua berreskuratu du ikertzaile talde batek, oinarrian dagoen molekula identifikatuz. Kontserbazio eta zaharberritze lanetarako garrantzi handiko pausoa izan daiteke.

Zaharren kontakizunak eta denboran zehar mantendutako kondairak. Horiek bai altxor handiak! Eta ez soilik kulturaren adierazle direlako, horietan ere ezagutza ugari mantentzen direlako baizik. Gehienetan, denboraren igarotzeak ezagutza horiek lausotu eta desitxuratu ditu, baina behin izan zirenaren aztarnak antzeman ahal zaizkie.

1. irudia: Tintaroia bereziki Erdi Aroko eskuizkribuak margotzeko erabiltzen zuten. Behin atzean dagoen molekula ezagututa, kontserbazio estrategiak hobetzeko esperantza dute ikertzaileek. (Argazkia: Duarte Belo)

Oroimen horiek behin betiko desagertzen direnean, berriz, ezagutzaren galera gertatzen da beti. Hori egiaztatu ahal izan zen Portugalgo Granja izeneko herri txikira zientzialari talde bat gerturatu zenean. 2016ko udan gertatu zen hori lehen aldiz, baina bisitaldiak ondorengo bi urteetan ere errepikatu ziren. Ez zen filmetako agerpen horietako bat, jantzi bereziez hornituta eta helikoptero baten laguntzarekin. Zientzia handia, askotan, letra xeheetan idazten baita. Ikertzaile talde hori herritik gertuko landa bideetan landare baten bila zebilen, baina Granjako bizilagunek ez zuten ezagutzen bazterretan zeuden landare horiek aparteko erabilera zutenik.

Egia esanda, ez da Granjako herritarren kontua bakarrik. Izan ere, landare hori Mediterraneo inguruko herrialdeetan hazten da, eta baita Asiako toki askotan ere, baina inork ez dio erreparatzen. Duela 1.000 urte inguru, berriz, garrantzia handia izan zuen, bertatik kolore bat erauzten zelako. Urdinetik morera doan kolore gama lortzen zen Chrozophora tinctoria landareren fruitutik: tintaroi tindagaia, folium izenez ere ezagutua. Jatorri berdinean abiatuta, gainera, erabilitako prozesuaren arabera tonu bat edo bestea lortzeko aukera zegoen. Hori posible da inguruan dagoen azidotasunaren eta alkalinotasunaren arabera hartzen duelako kolorea. Erdi Aroan, atzean zeuden prozesu kimikoak ez ziren ezagutzen, baina ezagutza enpirikoari esker argi zegoen halako gauzek funtzionatzen zutela.

Akuarelaren antzera erabiltzen zen tindagaia. Denboran zehar tindagaia gorde ahal izateko, ehunak erabiltzen zituzten. Ehun horiek tindagaiaz busti, eta gero lehortzen uzten zuten. Berriro erabili nahi zutenean, ehun zati bat hartu eta urarekin hidratatzen zuten.

Bereziki eskuizkribuak margotzeko erabiltzen zen tintaroia. Tindagaia lortzeko teknika XIII. mendean garatu zen, eta Erdi Aroan asko erabili zen, indigoarekin batera. Denborarekin, baina, mineraletan oinarritutako tindagaiak agertzen hasi ziren, eta horrek tintaroiaren desagerpen progresiboa ekarri zuen. Ondorioz, XVII. mendearen bueltan, tindagaia egiteko errezeta galduta zegoen. Artean ezagutzen zen C. tinctoria zela osagai bakarra, baina gaur egungo zientziak ez zekien folium-a nola sintetizatu.

2. irudia: Tindagaia gordetzeko ehunak erabiltzen zituzten. Ehuna tindagaiaz busti ondoren, lehortzen uzten zuten; berriro erabili nahi zutenean, berriz, akuarela gisa hidratatzen zuten. (Argazkia: Paula Nabais, Lisboako Universidade NOVA)

Eta hor zegoen, hain justu, Granja herriko inguruetan zientzialari taldeak egindako bilketa horren koska. Zorionez, landareari buruzko herri ezagutza galduta zegoen arren, ikertzaileek aukera izan dute landarea tindagai bihurtzeko zantzuak biltzen zituen liburu bat aztertzeko. Izenburua bera nahiko esanguratsua da: Libro de komo se fazen as kores das tintas todas (“tinta guztietako koloreak egiteko liburua”). XV. mendeko portugesez idatzita dago liburua, baina fonetikoki hebrear alfabetoaren bidez adierazita dago hizkuntza hori.

Landarearen bilketa egitean, kontuan izan dituzte liburu horretan jasotako aholkuak. Adibidez, fruitua bere horretan mantendu behar delako gomendioa; apurtuz gero, tindagaia kutsatzen da, eta kalitate gutxiko tinta lortzen da. Ondorengo pausoa, tindagaia bera lortzea izan da. Jasotako fruituak metanolez eta urez osatutako disoluzio batean bi orduz mantendu dituzte, ondo eraginda, eta gero metanola kendu dute. Hori eginez, kontzentratutako tindagaia lortu dute.

Antzinako prozesua Libro de komo se fazen as kores… horretan jasota geratu zen modu berean, oraingo prozesua gaur egungo baliabideen bitartez ezagutarazi dute, eta Science Advances aldizkarian jaso dute. Ez dira mugatu, noski, antzinako errezeta horren berri ematera: hainbat analisiren bitartez folium-aren egitura kimikoa argitzea lortu dute. Besteak beste, masa espektrometria eta erresonantzia magnetikoa erabili dituzte. Analisiei esker, egiaztatu ahal izan dute ez dela beste hainbat landare eta fruitutan dagoen antozianina –kolore urdinaren jatorri ezagunetako bat–, eta orain arte identifikatu gabeko molekula dela ikusi dute. Landarearen izenean oinarrituta, krozoforidina izendatu dute.

Hortaz, hemendik aurrera, horrelako artelan baten aurrean dauden teknikariei errazago egingo zaie kontserbazio estrategiak garatzea. Eta hau garrantzi handiko kontua da: eskuizkribuetan, desagertzeko arrisku gehien duten koloreak jatorri organikoa dutenak dira, eta horregatik merezi du horiek ondo zainduta edukitzea. Adibidez, tindagaiaren egonkortasuna ikertzeko moduan egongo dira, kontserbazio egoera desberdinetara nola moldatzen den ikusiz. Bestalde, behin osaketa kimiko zehatza jakinda, artelanetan tindagaia identifikatzea errazago izango dute teknikariek.

Erreferentzia bibliografikoa:

Nabais, P. et al. (2020). A 1000-year-old mystery solved: Unlocking the molecular structure for the medieval blue from Chrozophora tinctoria, also known as folium. Science Advances, 6 (16), eaaz7772 DOI: https://doi.org/10.1126/sciadv.aaz7772.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>