Paladioa, urrea baino garestiago

Josu Lopez-Gazpio

Paladioa beti izan da metal garestia. Ezaugarri fisiko eta kimiko oso interesgarriak ditu eta naturan ez da oso ugaria, hortaz, ez da arraroa bere prezioa garestia izatea. Hala eta guztiz ere, paladioaren prezioak izugarrizko gorakada izan du. Joerak jarraitzen badu, baliteke uneren batea paladioaren prezioa urrearen prezioaren bikoitza izatea. Ez zaio asko falta horretarako eta balioaren gorakadarekin batera paladioaren eskasia badator, automobiletan arazo handi bat sor daiteke.

1. irudia: Paladioa metal zuri-grisaxka da, zilarraren antzeko kolorekoa. (Argazkia: Hi-Res Images of Chemical Elements – CC-BY-3.0 lizentziapean. Iturria: commons.wikimedia.org)

2019ko abenduko datuen arabera, azken lau urteotan paladioak %250eko balio handitzea izan du eta, une honetan -2020ko apirilaren 26-, paladio ontza batek 1.760 euro inguru balio ditu -kilogramoak 56.565 euro-. 2020ko otsailean, aldiz, ontzako 2.500 euroko balioa gainditzera iritsi zen. Urreak bere garairik onenetan ere ez zuen gainditu ontzako 2.000 euroko prezioa -une honetan 1.500 €/ontza balio du-. Paladioa inbertsio ona bihurtu da eta bere prezioak igotzen jarraitzen du, momentuz behintzat. Paladioren prezioaren gorakadaren ondorioz, dagoeneko nabaritu dira lehen kalteak: EAEn kalean dauden autoen katalizatzaileen lapurretak igotzen ari dira. Zein da, baina, bi gauza horien arteko erlazioa? Bada, paladioa automobilen katalizatzaileetan dago, hain zuzen ere, eta dirudienez, metal bitxia erauzteko lapurtzen dituzte katalizatzaileak.

Paladioaren prezioaren gorakada, era berean, hainbat faktorek azaltzen dute. Alde batetik, badirudi etorkizunean metal oso garrantzitsua izango dela eta jakina da Naturan ez dagoela paladio asko. Dakigunez, lurrazalean dagoen paladioaren %50 Errusiako Uraletan dago eta beste %50a Hegoafrikan, Kanadan, Australian, Etiopian, AEBn, Brasilen eta Kolonbian. Paladioaren balioaren igoera ingurumen araudi zorrotzagoen ondorioa izan daiteke. Autoen igorpen kutsatzaileak murrizteko geroz eta arau zorrotzagoak daude eta, hortaz, litekeena da igorpen horiek geroz eta gehiago murriztu behar izatea. Hor agertzen dira paladioaren ezaugarri fisiko-kimiko interesgarrienak.

2. irudia: Paladioa, Pd, ugaritasun gutxieneko elementuetako bat da. (Argazkia: Gordon B. Haxel et al. – domeinu publikoko irudia. Iturria: en.wikipedia.org)

Paladioa metal zuri-grisaxka da, platinoaren taldeko metalen multzoa osatzen duena rutenioarekin, rodioarekin, osmioarekin, iridioarekin eta platinoarekin batera. Metal horiek guztiek antzeko ezaugarriak dituzte eta, bereziki, katalizatzaile bezala erabiltzeko oso interesgarriak dira. Katalizatzaile kimiko batek erreakzio jakin baten edo batzuen abiadura azkartzen du eta, horrela, baldintza arruntetan gertatuko ez ziren edo oso motelak izango ziren erreakzioak gertatzea ahalbidetzen dute. Paladioari dagokionez, bere ezaugarririk interesgarriena hidrogenoa harrapatzeko duen gaitasuna da. Gutxi gorabehera paladioak bere bolumena 900 aldiz betetzen duen hidrogeno kantitatea har dezake. Horri esker, paladioak autoen motorretan ondo erre gabe geratu diren gasolinaren osagaiak -toxikoak liratekeen hidrokarburoak- karbono dioxido bihurtzen laguntzen du. Karbono dioxidoaren toxikotasuna askoz ere txikiagoa da, hortaz, paladioaren funtzioa ezinbestekoa da autoen igorpenen kaltea murrizteko.

Paladioaren %80, gutxi gorabehera, autoen katalizatzaileetan erabiltzen da. Katalizatzaileak material porodunez osatuta daude eta, bertan, bi atal nagusi daude. Katalizatzailearen lehen diskoan platinoa eta rodioa dago eta bertan karbono monoxidoa eta nitrogeno oxidoak eraldatzen dira. Bigarren diskoan, paladioa eta platinoa dago eta bertan ondo erre ez diren hidrokarburoak eraldatzen dira –bideo honetan ondo ikus daiteke katalizatzailean funtzionamendua, 5. minututik aurrera-. Oro har, motorretik datozen gasak haien artean konbinatzen dira hain toxikoak ez diren gasak sortzeko. Horri esker, gas toxikoen %99 murriztea lortzen da. Azken urteotan, bestalde, gasolina erretzen duten autoak nahiago izaten dituzte kontsumitzaileek diesela erretzen duten autoen aldean. Horrek ere paladioaren prezioaren gorakada ekar dezake; izan ere, gasolina autoek paladio gehiago dute katalizatzaileetan.

Horretaz gainera, paladioa bitxigintzan ere erabili izan da, baina, ez da hori etorkizunari begira paladioak duen bigarren aplikazio interesgarria. Paladioa gailu elektronikoen kondentsatzaileak egiteko ere erabiltzen da, hala nola ordenagailuetan, mugikorretan, telebistetan, eta abar. Dirudienez, erabilpen teknologiko horietan ere paladioa interesgarria izango da etorkizunean.

Paladioaren prezioaren gorakada, hortaz, etorkizunean izango dituen erabilpen garrantzitsuekin lotuta dago. Oso eskasa da Naturan eta, gainera, mineral kantitate handiak tratatu behar izaten dira paladio apur bat lortzeko. Normalean iridioarekin edo platinoarekin aleazioak osatuz agertzen da Naturan, baina, lurrazalean duen ugaritasuna milioiko 0,015 zatikoa besterik ez da –0,015 ppm-. Bide batez, paladioaren izena Palas asteroideari zor diogu, aldi berean Palas titan grekotik edo Paladio izeneko estatuatik datorrena. Estatua Troian zegoen eta, antza, Troiako arpilatzeetan Paladio estatua betirako desagertu zen. Ea guk paladioa hobeto zaintzen dakigun.

Informazio gehiago:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

2 iruzkin

Eman iritzia

Eduardo OtazuaEduardo Otazua

Artikulu oso interesgarria jakiteko paladioak duen erabilera garrantzitsua automozioaren munduan.

JosuJosu

Mila esker zure iritzia emateagatik, Edu!

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>