Ohiz kanpoko egonkortasun kimikoa duen materiala

UPV/EHUko Kimika Ez-organikoa Saileko hiru ikertzailek izugarrizko egonkortasun kimikoa eta gaitasun katalitiko handiak dituen material metal-organiko porotsu berri baten aplikazioak garatzeko bideak ireki dituzte.

1. irudia: UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko hiru ikertzailek enpresa bat sortu dute ohiz kanpoko egonkortasun kimikoa duen material metal-organiko porotsu berri baten aplikazioak garatzeko, automozioaren industriarekin, ingurugiroarekin eta energiarekin lotutako esparruetan.

Daniel Vallejo, Garikoitz Beobide eta Oscar Castillo UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak dira eta baita ere Kimika Ez-organiko Saileko ikertzaileak. Daniel Vallejoren “Coordination compounds of organosulfur ligands as precursors of nanoestructured materials’ (Estekatzaile organosufreztatuekin koordinatzeko konposatuak, material nanoegituratuen aitzindari gisa) doktorego-tesian oinarria duen material metal-organiko porotsu, nano-egituratu, ultrarin eta erdieroale berri bat patentatu dute ikertzaileek eta Poretune enpresa sortu dute materialaren aplikazioak garatzeko.

Material patentatua aerogel metal-organikoa da, eta material mota horretan aldi berean agertu ohi ez diren propietateak ditu: porotsua eta izugarri arina da, egonkortasun termikoa eta mekanikoa du, jokabide plastikoa du, molekula organikoak zein metal astunak harrapatzeko gai da eta erdieroalea da. “Materiala, izan ditzakeen aplikazio ugariak kontuan harturik, etorkizun handiko plataforma teknologikoa da. Alabaina, proiektu honen hasierako fasean, inpaktu ekonomiko handiena izan dezaketen aplikazio esparruak baino ez ditugu jorratu: automozioa eta energia”, azaldu du Oscar Castillo ikertzaileak.

2. irudia: Aerogela hain arina da lore baten gainean pausatu daitekeela. (Argazkia: UPV/EHU)

Aerogelak geletan oinarrituta daude; gel horiek sistema koloidalak dira eta jateko gelatinen antzera, euren formari eusteko gai dira, solidoak bezala, baina likidoen antzeko dentsitatearekin. Partikula txiki-txikiek osatzen dituzte aerogelak; partikulok modu aleatorioan gurutzatzen dira elkarren artean, eta hiru dimentsioko eskeleto bat osatzen dute. Material hori prestatzeko erabiltzen den disolbatzailea han geratzen da harrapatuta, eta horrek bolumen osoaren % 95etik gora hartzen du.

“Gela airean edo hutsean lehortzen denean jatorrizko materialak kontrakzioa jasaten du eta material dentso bat sortzen da, zeinak balio gutxi izaten duen. Baina, prozesu jakin batzuk aplikatuz gero, disolbatzailea ezabatu daiteke kontrakzio hori gertatu gabe. Horrela, aerogela lortzen da; solido izugarri arina da (ura baino 50-100 aldiz arinagoa), eta oso porotsua (bolumen osoaren % 90-99 hutsik dauka). Gure kasuan, aerogelak ohiz kanpoko propietateak ditu: egonkortasun kimikoa du, elektrizitatea eroan dezake eta giza ile bat baino 10.000 aldiz meheagoak diren zuntzek osatzen dute. Bada, zuntz horiek elkarrekin gurutzatzen dira, material hau osatzen duen hiru dimentsioko sarea eratzeko”, adierazi du Daniel Vallejok, tesiaren egileak eta Poretune enpresaren sortzaileetako batek.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Gotzone Barandika ArgoitiaGotzone Barandika Argoitia

Kimika ez-organikoa sailekoak: alegia, nire sailkideak Oscar, Gari eta Dani! Zeuek bai txapeldunak!👏👏👏

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>