Agnes Pockels: Honoris Causa zen etxekoandrea

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Etxekoandre bilakatuta, etxeko eta zaintza lanei emana igaro zuen helduaroa. Ez zuen, ordea, etsipenez edo erresuminez egin lan hura, ez zen bere egoeraz kexu: 18 urte zituenetik hamarkada luze batean zehar platerak garbitzeko ura hain sakon ikertu zuela, aitzindari eta erreferente bihurtu zen gainazaleko tentsioaren ikerkuntzan.

Irudia: Agnes Pockels 1892. urteko erretratu batean. (Argazkia: Wikimedia Commons / domeinu publikoko irudia)

Etxeko lan ugariek kentzen zioten denbora eta unibertsitate-ikasketarik ez izatea gorabehera, Agnes zientzialari handi bilakatu zen. Laborategi estandarretatik kanpo lortu zuen surfaktante deritzen substantziei buruzko ekarpen esanguratsuak egitea (surfaktanteak dira ur-soluzio batean disolbatzen direnean beren gainazal-tentsioa txikitzen duten substantziak).

Agnes Pockelsek bere tresna propioak diseinatu zituen, gainazal-tentsioen aldaketak neurtzeko olio eta xaboi ezberdinekiko. Halaber, metodo kuantitatibo bat ere diseinatu zuen: gatzak gehitzean korronte-fluxuei buruzko oharrak hartzen zituen, eta gainazalean jarritako eskala bati lotutako flotagailu batekin aldaketak neurtzen zituen. Pixkanaka, instrumentala hobetzen joan zen, zehaztasun handiko neurketak egin arte.

Agnesek hiru urte gazteagoa zen Friedrich neba izan zuen konplize. Unibertsitatean ikasia zen Friedrich; Agnesek, aldiz, ez zuen hartarako aukerarik izan, lehenik instituzioek ukatu baitzioten goi mailako ikasketetara sarbidea, eta gero familiakoek ere eragozpenak jarri zizkioten; nebak lagundu zion bada, bere esperimentuetarako bibliografia lortzen. Arrebaren lorpenak ikusirik eta orduko Alemaniako gizarte-mugak ezagun, Friedrichek gomendatu zion gai beraren inguruan ikertzen ari zen zientzialari batengana jo zezan, John William Struttengana. Lord Rayleigh izenez ere ezagutzen zen zientzialari hori (1842-1919). Agnesen gutunak jasota, Lord Rayleighek, txundituta, laguntza eskaini zion eta bere hainbat idatzi ingelesera itzuli zituen. Horri esker, 1891an argitaratu zuen bere lehen artikulua Nature zientzia-aldizkari entzutetsuan.

Agnes Pockelsek, 1933. urtera arte, bere esperimentu eta aurkikuntzetan oinarritutako 16 artikulu akademiko idatzi zituen hainbat aldizkaritan, horien artean erabilitako tresneriaren ingurukoren bat ere bai. 1902. urtetik aurrera, gurasoen osasunak okerrera eginik, ikerkuntza bigarren plano batean utzi behar izan zuen eta testuinguru historikoak ere izan zuen eraginik bere ikertzaile-jardueraren gainbeheran: 1913. urteko gerra-alarmek “lur jota” utzi zuten, bere egunerokoan idatzi zuen bezala. Gerraostearekin batera, artikulu ugari argitaratu zizkion Alemaniako Beiblätter aldizkariaren itxiera etorri zen eta, pixkanaka-pixkanaka, bere alorrean egindako ikerketarekin kontaktua galtzen joan zen. Azkenerako, bere osasunak ere okerrera egin zuen.

Bere lanak hainbat aitorpen jaso zituen, horietako bat zinez ezohikoa: 70 urte zituela, hil baino 3 urte lehenago, lehen emakumea izan zen ingeniaritzan honoris causa doktoretza lortzen. Hala izan zen gainazaleko tentsioa neurtzeko metodoa asmatzeagatik, nahiz eta sekula unibertsitatea bisitatu gabea izan.

Halere, Irving Langmuirren ikerketari egindako ekarpena ez zitzaion sekula aitortu. 1932an Kimikako Nobel Saria irabazi zuen Langmuirrek, Agnes Pockelsen lana funtsezko oinarria izanik berean: Langmuirrek eta bere laguntzaile Katherine Blodgettek erabilitako kubeta, Langmuir kubeta izenez historiara iritsi dena, Agnes Pockelsek diseinaturiko tresnaren hobekuntza bat besterik ez da. Hona Matilda efektu delakoaren adibide bikoitz bat: jatorrizko kubetaren egilea eta kubeta horren hobekuntzan laguntzaile izandako emakumeak ikusezin bihurtzea.

Agnes Pockelsek lortu zuen sukaldea laborategi bihurtzea eta etxeko lanetatik abiatuta zientzia-ikerlan metodiko eta burutsuak garatzea. Zientzia zaintza-lanekin eta bizitzarekin uztartu zituen inor gutxik bezala. Eta dagoeneko zientziaren historiaren parte da, oraindaino berak bakarrik lortu duen meritu paregabea duelarik: honoris causa etxekoandrea izatea.

Erreferentziak


Egileaz: Nines Alquézar Castillo, Sorkin-Jakintzen Iraultegia (@Sorkin_org) elkarteko kidea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.