Caroline Herschel (1750-1848): Zeru izartsuari begira

Uxue Razkin

Saint Rémy de Provençako erietxeko gelatik margotu zuen “Gau izartsua” Vincent Van Goghek 1889an. Ez zuen iluntasunean egin, ordea. Gauero ikusten zuena memorian gorde eta goiz batean, hainbestetan ikusitakoa, mihisera eraman zuen, buruz.
Gaua erakargarri egiten zitzaion margolari postinpresionistari, Caroline Herschel astronomoari bezala. Ortzi izartsuari so egiten zion gauero, gordetzen zuen sekretua munduari ezagutarazi nahian. Teleskopio baten laguntzaz behatzen zituen zeruko elementuak, pazientziaz, edozein aldaketa txikiren testigu izateko irrikaz. Halaxe etorri zen bere aurkikuntzarik esanguratsuena: kometa bat identifikatu zuen lehen emakumea izan zen.
1. irudia: Caroline Herschel astronomoaren erretratua 1829. urtean.

1. irudia: Caroline Herschel astronomoaren erretratua 1829. urtean. (Argazkia: Wikipedia)

Astronomia nozioak ikasten hasi aurretik baina, musika izan zuen zaletasun. Isaac, bere aita, musikaria zen, baita bere neba William ere. Isaacek bere seme-alabak ikas zezaten nahi zuen. Carolineren amak, berriz, ez zuen begi onez ikusten musika eta zientzia ikasteko bere alabak azaleratzen zuen gogo hori. Amaren aburuz, emakume batek ez zuen horrelakorik behar, nahikoa zuen irakurtzen eta idazten jakitea etxea garbi eta ordenatuta mantentzeko. Etxekoandre bikaina izan behar zuen, hori baitzen bere alabari egokitu zitzaion etorkizuna: etxea atontzea eta familia zaintzea. Patuari aurka eginez, bere aitak, ezkutuan, astronomia, matematika eta frantsesa bezalako alorrak irakatsi zizkion eta pozarren hartu zituen Carolinek bere aitaren irakaspenak.

Ingalaterran, musikaria eta astronomoa

22 urte zituela, Bathera (Ingalaterra) joan zen kantu-ikasketak gauzatzera. Bere neba Williamekin joan zen, azken hori organo eta musika irakasle moduan lan egin behar zuelako. Caroline soprano ezaguna bilakatu zen baina laster utzi zituen musika errezitalak, aspertzen hasia zen. Bere neba astronomo bilakatu zenean, orduantxe utzi zuen berak ere lirika. Bere benetako ikasbidea aurkitu zuelakoan zegoen. Hala, Williamen laguntzaile gisa hasi zen. Bien artean, 2.500 izar-kumulu eta nebulosa berri aurkitu zituzten eta horiek katalogo handi batean bildu zituzten, “New General Catalogue”an, hain zuzen ere (gaur egun ere erabiltzen da).

Poliki-poliki joan zen bere ibilbidea egiten. Lan handia egiten zuen: matematikako kalkuluak eta lanak egiten igarotzen zituen goizak eta gauez, izarrei begira gelditzen zen. Teleskopioen diseinuan eta eraikuntzan lagundu zion nebari ere. Horretaz gain, Williamek zeuzkan burutazio eta ideia guztiak katalogo batean islatu zituen. Elkarrekin mila izar bitar optiko aurkitu zituzten. Bien artean erdietsitako aurkikuntzek, ordea, ez zioten Carolineri merezitako ospea eman. Astronomo alemaniarrak jarraitu zuen hainbeste maite zuen praktika egiten eta hala, 1783 urtean, NGC2360 izar-kumulua aurkitu zuen, besteak beste. Urte berean, Andromeda eta Cetus nebulosak izan ziren bere zerrendan kausitu daitezkeen beste bi aurkikuntza nagusiak. Urtea amaitu baino lehen, hamalau nebulosa topatu zituen guztira.

07_Caroline_Herschel

2. irudia: Caroline Lucretia Herschel astronomo alemaniarra izan zen eta hainbat kometa aurkitu zituen. Bere omenez haren izena daraman 35P/Herschel-Rigollet kasu kometak. (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga)

Kometen arrastoari begira

1786ko abuztuaren 1ean kometa bat identifikatu zuen Carolinek. Aurretik aipatu moduan, hori egiten lehen emakumea izan zen. 1789 eta 1797 artean, beste zazpi kometa aurkitu zituen. Kometa hori identifikatzean, nolabaiteko ospea lortu zuen. Modu horretan, Jorge III.ak Williamen laguntzaile gisa kontratatu zuen. Lan zientifiko baten truke soldata jaso zuen lehen emakumea bilakatu zen. Williamek teleskopio txiki bat oparitu zion eta horri esker, bere kabuz lana egiteko aukera izan zuen. Astronomia-behatoki propio bat izatera heldu zen ere.

Hanoverrera bueltatu zenean, egindako lan guztiagatik jaso zuen merezimendua. Esaterako, Royal Astronomical Societyren eskutik, urrezko domina lortu zuen 1828an. Halaber, 1835ean, Royal Societyk Caroline eta Mary Sommerville ohorezko kide izendatu zituzten. Astronomia alorrean egindako lanaren omenez, kometa periodiko bat (35P/Herschel-Rigollet), ilargiko krater bat (C. Herschel) eta asteroide bat (281 Lucretia) bere izenarekin bataiatu zituzten.

Zeru izartsuak erakarri zuen hasieratik eta hori nahikoa izan zen musika utzi eta bere nebarekin batera, astronomia diziplina jorratzen hasteko. Carolinek zerura begira eman zuen bizitza. Bere hilarrian agertzen diren hitzak dira dedikazio horren erakusle: “The eyes of her who is glorified here below turned to the starry heavens”.

Bibliografia:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>