Lise Meitner (1878-1968): Atomoen sekretuen bila

Uxue Razkin

Naziak bere atzetik izan zituen, eta emakumea izateagatik, zientzialari gisa lan egiteko ezintasunari ere aurre egin behar izan zion behin baino gehiagotan. Ez zuen bide erraza izan Lise Meitner fisikariak. Halere, ziur zegoen maite zuen alorra jorratzeko ahalegina egingo zuela. Hitza soberan bete zuen: fisio nuklear fenomenoa aurkitu eta hori azaldu zuen lehena izan zen. Ildo horretatik, atomoen kate-erreakzioa existitzen zela aditzera eman zuen. Nahi izan gabe energia nuklearrean aitzindari bilakatu zen. Izan ere, bera izan zen azken batean lehergailu atomikoaren haziak erein zituena.
lise_meitner

1. irudia: Lise Meitner fisikaria, fisio nuklearra eta erradioaktibitatearen ibilbidean oinarrizko zientzialaria.

XIX. mendearen amaieran, unibertsitateetan ez zegoen emakumerik. Neskek soilik hamalau urtera arte ikasteko aukera zuten. Hori ez zen Meitnerren kasua izan. Vienako Unibertsitatean izena eman zuen 1901ean, matematika eta fisika alorretan sakondu nahi zuelako. Bost urte geroago, Fisikako Katedra lortu zuen. Aipatu beharra dago irakasle guztiek ez zituztela emakumeak onartzen euren ikasgeletan, ez ikasle ofizial gisa bederen. Boltzmann irakasleak ez zuen arau hori bete eta bi aldiz pentsatu gabe onartu zuen Meitner gaztea. Bere azalpenek eta, oro har, irakasgaiek liluratuta utzi zuten erabat. Asko estimatzen zuen irakasle hura eta bere buruaz beste egin zuela jakin zuenean, fisikan jarraituko zuela zin egin zion bere buruari. Erradioaktibitatearen misterioa argitzen hasi zen horrela, hamar urte lehenago Becquerelek atomoetan aurkitu zuen ezaugarria, hain zuzen.

1907an, Berlinera joan zen Max Planck fisikariaren lana gertutik ezagutzeko. Hark honela erantzun zion klaseetara joateko eskaera jaso zuenean: “Lortu duzu nahi zenuena! Doktore zara dagoeneko! Zer gehiago nahi duzu?”. Konbentzitzea kostatu zitzaion, baina azkenean lortu zuen, Fisika Teorikoari buruzko klaseak jarraitu zituen. Irakasleak, gaztearen ausardia ikusita, etxera gonbidatu zuen. Bertan, Josef Joachim, Albert Einstein eta Otto Hahn topatu zituen, besteak beste. Zientziari buruz eztabaidatzeko biltzen ziren. Hahnekin laster hasi zen harremanetan. Izan ere, hark bazekien bereizten lagin erradioaktiboetan sortzen ziren elementu kimiko ezberdinak eta Meitnerrek, bere aldetik, erradioaktibitatea ulertzeko behar ziren fisika nozioak sobera ezagutzen zituen. Beraz, indarrak batzea otu zitzaien eta lankideak izan ziren 30 urtez.

2. irudia: Lise Meitner eta Otto Hahn laborategian. Dahlem, 1913. urtea. (Argazkia: Wikipedia)

2. irudia: Lise Meitner eta Otto Hahn laborategian. Dahlem, 1913. urtea. (Argazkia: Wikipedia)

1907an, Berlineko Unibertsitateko Kimikako Institutuan onartu zuten Hahn, ez ordea, Meitner. Emakumeek debekatuta zuten sarrera. Kimikaria saiatu zen bertako zuzendaria konbentzitzen. Eskakizuna onartzea lortu zuen azkenean: sotoan zegoen zurgindegi zahar bat utzi zion Meitnerreri ikerketak garatu ahal izateko. Hantxe eraiki zuten laborategia. Soldatarik gabe, eta Hahnen laguntzarekin bost urte igaro zituen ikertzen. Horren ondotik, kobratzen hasi zen lortutako merituengatik (hori bai, bere lankideak baino gutxiago irabazten zuen). Lagin erradioaktibo batean, elementu kimikoak beste batzuetan aldatzen zirela ikusteak zur eta lur utzi zituen zientzialari biak. Ikerketa honi jarraiki etorri zen, esaterako, protaktinioaren -iraupen luzeko elementu erradioaktiboa- aurkikuntza. Bitartean, bazeukaten arazo nagusi bat buruan: Beta partikulen igorpena. Elementu erradioaktiboek igortzen dute erradiazioa, horien artean, atomoetatik ihes egiten duten elektroiak. Hori frogatzeko oinarrian ez zeukaten teoriarik. Honela etorri zen arlo honetan Meitner-Hahn bikotearen ospea. Zenbait artikulu argitara eraman zuten uranioaren fisioaren teoria garatuz, behin betiko soluzioa lortu zuten arte. Ikerketez gain, 1926an fisika-irakasle lanetan hasi zen Berlineko Unibertsitatean.

Fisio nuklearraren enigma

Meitner, Hahn eta Strassmann uraniotik sortzen ziren azpiproduktu ugari lortu zituzten. Lisek Alemaniatik ihes egin behar izan zuenean, besteek fenomeno hori ikertzen jarraitu zuten. Egindako laginetan emaitza distortsionatzen zuen elementu bat agertzen zen beti: Barioa zela islatu zuten analisiek. Hahnek, fenomeno hori ulertu ahal izateko, ikusten zuen konponbide bakarra hauxe zen: prozesuan bertan sortu beharko litzateke barioa, hau da, uranioaren atomoak neutroia xurgatzerakoan, tamainaz antzekoa den atomoa sortu ordez, zati txikiagoak lortu behar zirela. Modu esperimentalean aurkitu zuten fenomeno berri hori. Alabaina, uranioaren atomoen apurketak ez zuen azalpen teorikorik. Horregatik, Liseri gutun bidez azaldu zion kontua, enigma argitzeko gai izango zelakoan. Ez zuen hutsik egin.

Teoriaren berri izan zuenean, Meitner bere iloba Otto Robert Frischekin azalpen teoriko posible bat bilatzen aritu zen. Hala nola, ohartu ziren atomo baten nukleoa zati txikiagotan apur zitekeela baina horrek arazo bat zekarrela bere baitan: apurketaren ostean, energia askapen handia gertatzen zela ikusi zuten eta horren jatorria ez zuten oso argi. Meitnerrek, orduan, pentsatu zuen Einsteinen ekuazio famatuak (E=mc2) emango ziola bilatzen ari zen erantzuna, teoria horrek azaltzen baitzuen zergatik askatzen zen itzelezko energia hori… Mundua aldatuko zuen prozesu berri hori ezagutzera eman zuten fisio nuklearra (atomo baten nukleoa zati txikiagotan zatitzen duen erreakzioa) kontzeptuaren bitartez. Lortutako emaitzak 1939an publikatu ziren.

3. irudia: 2. irudia: Caroline Lucretia Herschel astronomo alemaniarra izan zen eta hainbat kometa aurkitu zituen. Bere omenez haren izena daraman 35P/Herschel-Rigollet kasu kometak. (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga)

3. irudia: Lise Meitner fisikariaren biografia laburbildua. (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga)

Halaber, uranio mota jakin batek neutroi bat xurgatzerakoan zati txikietan apurtzeaz gain, bi edo hiru neutroi gehiago askatzeko gai zela ikusi zuten, eta horiek beste hainbat atomo fisionatzen ahal zituela ere bai, kate-erreakzio bat sortuz eta izugarrizko energia helaraziz. Energia nuklearraren atea ireki zuten, eta modu berean, ondoriorik latzena erakutsi: lehergailu atomikoa. Aurkikuntza garrantzitsu horren ondotik, Meitnerreri Manhattan proiektuan parte hartzeko eskatu zioten baina berak ezezko borobila eman zuen. Jakina da, ordea, ondoren etorri zenaren bide-erakuslea izan zela nahigabe. Izan ere, berak energia nuklearraren sekretua ebatzi zuen baina hasieratik aurkikuntza jakin hori armagintzan erabiltzeari uko egin zion.

Nobelik ez Meitnerrentzat

1944ko azaroan, Suediako Zientzien Errege Akademiak Otto Hahn zientzialariari eman zioten Kimikako Nobel Saria, teoria atomikoari eta erradioaktibitateari buruzko ikerketak garatzeagatik. Ez zuten Meitner ikerketa horien egilekide bezala aipatu eta irabazlearen hitzaldian, ez zen eskerrik egon 30 urtez bere lankidea izandakoarentzat. Dena dela, geroxeago lortutako sariek omendu zuten fisikan egindako lan guztia. Adibidez, 1966an Enrico Fermi Saria eman zioten eta 1997an taula periodikoko 109 zenbakiari meitnerio izena jarri zioten. Bere ilobak hilezkortu zuen Meitnerren izaera hauxe esanez: “Boltzmannek azken egia lortzearren eginiko gudua bailitzan, agerian utzi zuen fisika. Eta hori sekula galdu ez zuen ikuspegia izan zen”.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

2 iruzkin

Eman iritzia

IñakiIñaki

Benetan interesgarria emakume honen bizitza.
Atikulu interesgarria baina esaldi batek kezka sortzen nau “Meitner, Hahn eta Strassmann uraniotik sortzen ziren azpiproduktu ugari lortu zituzten. Lisek Alemaniara ihes egin behar izan zuenean, besteek fenomeno hori ikertzen jarraitu zuten.”
Oker ez ba nago Meitnerrek Alemaniatik ihes egin zuen Hitlerrek “Anschluss” (Austriaren anexioa) ezarri zuenean. Meitner austriarra (eta judutarra) zen. Anexio hori gertatu ondoren egoera larrian geratu eta iges egitea erabaki omen zuen.
Behintzat, nik historia hórrela entzuna daukat. Oker banago esan.
Mila esker artikuluarengatik.

UxueUxue

Arrazoi duzu, Iñaki. Eskerrik asko idazteagatik, lehenik eta behin.
Lise judutarra zen eta hasieran aipatzen dudan moduan, naziak bere atzetik izan zituen. Hortaz, bai, Alemaniatik ihes egin zuen eta ez Alemaniara. Deklinabidea gaizki jarri dut eta ez naiz konturatu. Ablatiboa jarri behar da adlatiboaren (nora) lekuan. Eskerrik asko!! Laster zuzenduko dugu 🙂

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>