Polinizatzaileekin bueltaka: erleez gain

Dibulgazioa

Polinizatzaileekin bueltaka: erleak eta gehiago artikuluan ikusi bezala, ezti-erleak ez dira polinizatzaile nagusiak. Ez nagusiak, ezta mehatxatuenak. Baina zein da polinizatzaileen egoera?

Irudia: Polinizatzailerik ezagunenak ezti-erleak badira ere, ez dira polinizatzaile bakarrak, ezta nagusiak ere; bestelako intsektuak, zenbait txori eta hainbat ornodun ere polinizazio lanak egiten dituzte. (Iturria: Andrew Mercer)

Polinizatzaileen neurketak egitea oso zaila da. Datuak eskasak dira espezie askorentzat eta neurketak eta metodologiak oso ezberdinak eta bateratzen zailak. Hala ere, zenbait tendentzia ikertu egin dira. Blog honetan bertan polinizatzaileen egoeraren inguruko artikulua argitaratu zen 2014. urtean.

Ugaztun eta txori polinizatzaileak beherako joera dute. Orokorrean polinizatzaile ornodunen %16.5 eta polinizatzaile ornogabeen %40 baino gehiago (datuak ezagunak diren kasuetan) desagertze arriskuan daude IPBES txostenaren arabera.

Erleei dagokienez, IUCN lista gorriaren arabera, erle espezieen %9 inguru daude arriskuan. Datuak, dena den, ez dira erabatekoak, zenbait espezieren inguruko datuen falta dela eta. Datu horien gorabeheraren arabera, mehatxupeko espezieen portzentaia %4ra jaitsi edo %60ra igo daiteke.

Eta ezti-erleak? Txosten berberaren arabera, gora doaz kudeatutako erlauntzei dagokionez, zenbait herrialdetan galerak izan badira ere. Europako kolonien inguruan egindako ikerketaren arabera, Erdialdeko Europan ezti-erle kopurua gutxitu da, baina Mediterraneo aldean igo. Ezti-erleen basa koloniak oso eskasak dira eta zenbait tokitan ez dira, Juan Carlos Pérez Hierroren esanetan.

Polinizatzaileen beherakada dago, beraz. Hala ere, 1961–2006 urteetako tendentziak aztertu dituen ikerketaren arabera, polinizatzaileen beherakadak ez du laboreen etekinean eraginik izan. Arazorik ez dago giza elikadurari dagokionez, orduan? Ezta gutxiago ere.

Polinizatzaileen mendeko laboreak gora

Aurrean esan bezala, giza elikadurarako erabiltzen dira laboreen %75ean baino gehiagotan dute eragina polinizatzaileek maila batean edo bestean eta bolumenari dagokionez, %35.

Laboreen mundu produkzioaren %5-8, 260-640 mila milioi euroko balioa duena, animali polinizazioari zuzenean esleitu dakiokeela estimatzen da. Kontuan izan behar da, hala ere, laboreen arabera polinizatzaileen garrantzia oso ezberdina dela eta, beraz, ekonomian duten pisua ere.

Are gehiago, globalki, gora egin du polinizatzaileen menpeko laboreen produkzioak. IPBES txostenean bildutako datuen arabera, %300 egin du gora azken 50 urteotan. Dependentzia horrek, polinizatzaile mota bakarraren erabilerari lotuta, krisia sortu lezake etorkizunean.

Izan ere, nekazaritza polinizazioari dagokionez, monolaborantza bilakatu da ezti-erleen erabilera. Toki batetik bestera eramaten dira koloniak loratze sasoian. Eta nekazaritza (eta honi lotuta, zoruaren erabilera) da polinizatzaileen gainbeheraren kausetako bat.

Hainbat faktore, interakzioan

Ikerketek erakusten dute hainbat direla polinizatzaileei eragiten dieten faktoreak eta ez dute modu isolatuan eragiten. Faktore horietako batzuk ikertu izan dira:

  1. Zoruaren erabilera. Zoruaren erabilerak eragin zuzena du polinizatzaileengan. Adibide modura, nekazaritza intentsiboak eremu baten lore eta landareetan aldaketak sortzen ditu, bertako polinizatzaileen elikaduran eta habia egitean ondorioak izanik. Horretaz gain, monolaborantzak ere eragin zuzena du, landare dibertsitatearen galera dela eta, polinizatzaileen elikadura zailtzen baita. Lurra produktiboen eta ez produktiboen banaketak, gainera, habitaten galera eta degradazioa ere ekar ditzake. Lurraldearen ordenazioa egiterakoan polinizatzaileak ez direla kontuan hartzen azaltzen du Juan Carlos Pérez Hierrok.
  2. Ezti-erlearen gailentasuna. Apis mellifera koloniak mundu mailan mugitzen dira polinizazio lanak egin ditzaten. Tokiko polinizatzaileei eragiten die honek, elikagai murrizketagatik, alde batetik, eta zonaldekoak ez diren gaixotasunei esposizioagatik, bestetik.
  3. Klima aldaketa. Zenbait espezieren jokamoldean aldaketak eragin ditu klima aldaketak eta baita landareen distribuzioan, poilinizatzaileengan eragin zuzena izanik.

Aurrekoak ez dira faktore bakarrak, gehiago ere ikertu izan dira eta haien arteko interakzioa ere kontuan izatekoa da. Juan Carlos Pérez Hierroren ustetan “Hainbat kausa daude, baina bakar batean sintetizatu daitezke: gizakien interbentzio maila altua prozesu naturaletan”.

Nahiz eta datu falta handia egon, esan daiteke polinizatzaileen egoera ez dela ona oro har. Giza elikagaien produkzioan duten papera kontuan izanik eta, honekin batera, polinizatzaileekiko dependentzia duten laboreen produkzioaren gorakada, polinizatzaileen egoera sakonki ikertu eta eragiten dieten faktoreak identifikatzea garrantzitsu bilakatzen ari da.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Ollerton, J. , Winfree, R. and Tarrant, S. (2011). How many flowering plants are pollinated by animals?. Oikos, 120 (3), 321-326, DOI: 10.1111/j.1600-0706.2010.18644.x
  • Klein, Alexandra-Maria, et al., (2006). Importance of pollinators in changing landscapes for world crops. Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences, 274 (1608), DOI: http://doi.org/10.1098/rspb.2006.3721
  • Wilson, Joseph S., Forister, Matthew L., Carril, Olivia (2017). Interest exceeds understanding in public support of bee conservation. Frontiers in Ecology and the Environment, 15(8), 460–466, DOI:10.1002/fee.1531
  • Michener, Charles D. The Bees of The World. The Johns Hopkins University Press. Baltimore. 2007
  • Watanabe, Myrna E. (1994). Pollination Worries Rise As Honey Bees Decline. Science, 265 (5176), 1170, DOI: 10.1126/science.265.5176.1170
  • Potts, Simon G., et al. (2010). Declines of managed honey bees and beekeepers in Europe. Journal of Apicultural Research, 49 (1), 15-22, DOI: 10.3896/IBRA.1.49.1.02
  • Potts, Simon G., et al. (2010). Global pollinator declines: trends, impacts and drivers. Trends in Ecoloby and Evolution, 25 (6), 345-353, DOI: https://doi.org/10.1016/j.tree.2010.01.007
  • Garibaldi, Lucas A., et al. (2013). Wild Pollinators Enhance Fruit Set of Crops Regardless of Honey Bee Abundance. Science, 339 (6127), 1608-1611, DOI: 10.1126/science.1230200.
  • Regan, E. C. et al. (2015), Global Trends in the Status of Bird and Mammal Pollinators. Conservation letters, 8, 397-403, DOI: 10.1111/conl.12162
  • IPBES. The assessment report on pollinators, pollination and food production. Secretariat of the Intergovernmental Science-Policy Platform on
    Biodiversity and Ecosystem Services. Bonn. 2016.
  • IUCN. European Red List of Bees. Publication Office of the European Union. Luxembourg. 2014
  • Aizen, Marcelo A., et al. (2008). Long-Term Global Trends in Crop Yield and Production Reveal No Current Pollination Shortage but Increasing Pollinator Dependency. Current Biology, 18 (20), 1572-1575, DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2008.08.066
  • Potts, Simon G., et al. (2016). Safeguarding pollinators and their values to human well-being. Nature, 540, 220–229, DOI: 10.1038/nature20588
  • Winfree, Rachael. (2008). Pollinator-Dependent Crops: An Increasingly Risky Business. Current Biology, 18 (20), R968-R969, DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2008.09.010

Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.