Asteon zientzia begi-bistan #271

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Mikrobiologia

Josu Lopez-Gazpiok argi hitz egin digu honetan: sukaldean dugun espartzua da etxeko lekurik zikinenean dagoen gauzarik zikinena. Elikadurarekin lotutako gaixotasunen eta etxeko kutsadura iturrien arteko erlazioak aurkitu dira. Sukaldean baditugu kutsatuak dauden objektuak, hala nola trapuak eta espartzuak. Egin diren ikerketen arabera, horiek patogenoen transmititzaile potentzialak dira. Espartzuen desinfekziorako método eraginkorrena espartzuak mikrouhin labean edo ontzi-garbigailuan garbitzea da. Ez galdu artikulu interesgarri hau!

Astronomia

Ziurrenik asteon GJ3512b izeneko gasezko planeta bati buruzko informazioa jaso duzuela. Astronomo talde batek aurkitu du izar nano gorri baten inguruan orbitatzen. Ez da edonolako aurkikuntza. Izan ere, planeten eraketari buruzko teoria kolokan jar lezake. Zientzialariek azalpen berri bat proposatu dute: diskoaren ezegonkortasunaren eredua. Teoria honen arabera, posible litzateke arrokazko nukleorik gabeko planetak eratzea, orbita eta tenperatura egokian egonez gero, gasaren pilaketa soilean oinarrituta.

19 mila milioi argi urtera dagoen protokumulu bat aztertu du nazioarteko talde batek eta horren masa 32 bilioi eguzki-masa ingurukoa dela ondorioztatu du. Ikerketa talde horretan lanean ibili da Itziar Aretxaga astrofisikaria eta azaldu duenez, “grabitateak elkartutako milaka galaxiek sortutako egiturak dira kumuluak, Unibertsoan ezagutzen diren egitura handienak”. Elhuyar aldizkarian aurkituko duzue informazio gehiago.

Eboluzioa

Gizakiak eboluzioan galdutako muskuluak enbrioietan ikusi dituzte. Kalitate handiko 3D irudiak erabilita, aztertu dituzte giza enbrioi eta fetuen gorputz-adarretako muskuluak. Elhuyar aldizkariak artikulu honetan azaltzen digunez, hainbat muskulu bestigial aurkitu dituzte, beste ugaztun batzuetan agertzen direnak baina pertsonetan normalean ez daudenak. Aurkikuntza honek argituko du gorputz-adarren eboluzioa.

Zoologia

Animalia basatien salerosketa uste zena baino handiagoa da. Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez, munduko ugaztunen bost espezietik ia bat saldu eta eros daiteke merkatu hartan. Ikertzaileek adierazi dute uste baino handiagoa dela salerosketak eragiten duen inpaktua munduko biodibertsitatean.

Osasuna

Pisua hartzea edo galtzea eskuratzen den energiaren eta gastatzen denaren arteko aldearen ondorio da. Baina ez da kontu hain erraza. Izan ere, zergatik gara batzuk argalagoak eta beste batzuk lodiagoak antzeko jarduera fisikoa egin eta elikagai kantitate berdintsuak jan arren? Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eman digu erantzuna: genetika eta genetikak metabolismoan duen eragina.

Farmakologia

Gero eta joera handiagoa dago antioxidatzaileak diren konposatuetan aberastutako jakiak kontsumitzeko. Elikagai industrian erabiltzen diren konposatuen artean ezagunena E bitamina da. Zortzi isoformez osatutako nahasketa da baina sistema biologikoetan aurkitzen den isoformarik ugariena alfa-tokoferola da, E307 gehigarri antioxidatzaile bezala ezagutzen dena. Elikagaietan ez ezik, gehigarri dietetiko askotan ere agertzen da eta horrek iritzi kontrajarriak sortu ditu. Ildo horri jarraiki, ikerketa bat egin dute aztertzeko liho-olioaren urdail-hesteetako in vitro digestioan L-alfa-tokoferolaren gehikuntzak lipidoen hidrolisian eta oxidazioan duen efektua. Emaitza guztiak artikuluan.

Ekologia

Lur azpiko urak egoera larrira iritsiko dira 2050rako, ikerketa batean azaldu dutenez. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri: gizakiok lur azpitik erauzten dugun ur-kantitatea hain handia denez, askotan ez da berreskuratzen akuiferoen ur-maila euriak eta errekek egindako birkargaz. Ondorioz, murriztu egiten da akuiferoetatik hezegunetara eta beste ekosistema urtarretara egiten den ur-ekarpena.

Teknologia

Euskarazko sare sozialetako mezuen polaritatea edo sentimendua (positiboa, neutroa ala negatiboa) hautemateko lehen sistema sortu du Elhuyarreko I+G unitateak. Lan aitzindaria da Iñaki San Vicente Roncal Elhuyarreko ikertzaileak garatu duena bere doktorego-tesian. Proiektu honetan eman diren pauso guztiak ezagutu nahi badituzu, irakur ezazu artikulua osorik!

Kimika

Guillermo Roa zientzia dibulgatzaileari egin diote elkarrizketa Berrian. Kimikako doktorea, musikazalea eta marrazkilaria da eta Zientzia eta teknologiaren inguruko Norteko Ferrokarrila irratsaioa gidatu du hamabost urtez Euskadi Irratian. Tesia egin ondoren aukera izan zuen atzerrira joateko baina berak azaltzen duen moduan, “ez nintzen ikertzaile ona, askoz hobeto kontatzen nuen, ikertu baino”. Hortaz, Elhuyarren hasi zen, dibulgazio-lanetan. Horren ondotik, irratira egin zuen jauzi.

Emakumeak zientzian

Lidia Arana biokimikaria elkarrizketatu dute honetan. Biokimika eta Biologia Molekularrean lizentziatu ondoren, Biomedikuntza eta Biologia Molekularra Masterra egin zuen. Tesia egitea beti zaila egiten den arren, Aranak oroitzapen onak ditu eta batez ere, taldeko-lana azpimarratzen du: “Zientzia esperimentaletan talde bat izateak asko laguntzen dizu teknikoki eta emozionalki”. Tesia amaitu baino lehen, irakasle-lanetan hasi zen. Ikertzaile eta irakasle izateko oreka mantendu nahian, azkenean, bigarrenak hartu zuen pisu handiagoa, halere onartu du ikerketaren falta sentitzen duela.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.