Konposatu organometalikoak terapia fotodinamikorako

Argitalpenak · Dibulgazioa

Gaur egun arte luze ikertu izan da minbiziaren aurkako tratamendu berri eta hobetuen inguruan. Zentzu honetan, terapia fotodinamikoa estrategia erakargarria dirudi, argia dela medio tumore-zelulak era hautakorrean hiltzeko bidea izan daitekeelako.

terapia fotodinamiko
Irudia: terapia fotodinamikoan, argiarekiko esposizioarekin aktibatzen den sendagai bat erabiltzen da minbizi-zelulak suntsitzeko. (Argazkia: National Cancer Institute – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Terapia fotodinamiko honetan, fotosentikortzaile gisa izendatzen den molekula bat argiarekin kitzikatzean, bere energia inguruko oxigenoari transferitzen dio oxigeno singlete izeneko espezie zitotoxikoa sortuz. Espezie hau da hain zuzen zelulak hiltzeko gai dena. Gainera bakarrik argiztatutako eremu edo ehunean sortzen da oxigeno singletea, aldameneko gune osasuntsuak kaltetu gabe, eta beraz, ohiko minbiziaren aurkako metodoen albo-efektuak saihestuz.

Lan honetan, fotosentikortzaile berri eta efizienteak sintetizatu eta karakterizatu dira. Hauek, BODIPY kromoforoei (4,4-difluoro-4-bora-3a,4a-diaza-s-indazeno koloratzaileak) loturiko Iridio (III) ziklo metalikoak dira hain zuzen. Diseinu arrazionala dela bide, argi ikusgaia xurgatzeko gai diren konposatuak lortu dira, zeinak oxigeno singletea oso modu efizientean sortzeko gai diren, batzuk leiho-klinikora ere gerturatuz (espektro elektromagnetikoaren eremu gorria, 650-800 nm), ehunetan sakonera sartzeko gai den argi eremua hain zuzen.

Izan ere, biomedikuntzan erabiltzeko aproposak diren konposatu fotoaktiboak behar direnean, argia eremu gorri horretan xurgatzea interesgarria da, gorputz ehunek eremu gorria baino uhin-luzera energetikoagoko argia xurgatzen dutelako. Baina ez bakarrik hori; konposatu hauek igorpen fluoreszentea ere erakusten dute. Horrela, aktibitate duala dutela esan daiteke. Alde batetik oxigeno singletea sortzen dute, terapia fotodinamikorako egokiak izanik; eta bestetik fluoreszenteak dira, bioirudian erabilgarriak izanik beraz.

Azken hau interesgarria da ehunetan konposatuen jarraipena egin ahal izateko, adibidez mikroskopia teknikak erabiliz. Bi prozesu hauek konbinatzen dituzten konposatuak aurkitzea ez da erraza, aurkakotzat hartu daitezkeelako oxigeno singletearen sorkuntza eta fluoreszentzia, bata bestearekin lehiatuz.

Prestatutako iridio-oinarridun konposatu organometalikoak sakonki karakterizatu dira haien igorpen fosforeszentea, erdibizitza denborak eta kalkulu teorikoak aurrera eramanez, horrela ikusitako fotosentikortzaile-aktibitateari azalpena bilatuz. Emaitza guzti hauen arabera oxigeno singletea sortzearen arduraduna BODIPY unitatea da. Unitate honek, iridiorik (atomo pisutsurik) gertu ez daukanean berriz, ez da fotosentikortzaile-aktibitaterik erakusten. Beraz, ondoriozta daiteke fotosentikortzaile berri hauek modu eraginkor eta egokian diseinatu direla.

Azkenik, terapia fotodinamikorako (zelulak hiltzeko) konposatu egokiak diren egiaztatzeko, in vitro ikertu da fotosentikortzaileen aktibitatea HeLa zelulekin. Ikusi da konposatuak efizienteki barneratzen direla zeluletan eta argiztatzean zelulak hiltzeko gai direla nahiz eta konposatuen kontzentrazioa baxua izan. Beste baldintza garrantzitsu bat fotosentikortzaile hauek apropos gisa hartu daitezen terapia fotodinamikorako da ez direla toxikoak izan behar zelulentzako zuzenki argiztatzen ez badira. Gure kasuan hau betetzen dela ikusi da, zelulen heriotza-tasa ilunpean eta fotosentikortzaileen presentzian ia nulua baita.

Hau guztia dela eta, lan honetan deskribatzen diren konplexuak potentzialki aproposak direla teragnosirako agente gisa esan daiteke (terapia eta irudia bateratuz), fotosentikortzaile aktibitateaz gain, igorpen fluoreszentea ere erakusten baitute.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 35
  • Artikuluaren izena: Konposatu organometalikoak terapia fotodinamikorako.
  • Laburpena: BODIPY kromoforoei (4,4-difluoro-4-bora-3a,4a-diaza-s-indazeno koloratzaileak) loturiko iridio (III) ziklo metalikoak prestatu eta karakterizatu dira fotosentikortzaile berri eta efizienteak garatu nahian. Diseinu arrazionala dela bide, argi ikusgaia xurgatzeko gai diren konposatuak lortu dira, zeinak oxigeno singletea oso modu efizientean sortzeko gai diren, batzuk leiho klinikora ere gerturatuz; ehunetan sakon barneratzeko gai den argi-eremua dena, hain zuzen. Konposatuen igorpen fosforeszentea, erdibizitza denborak eta kalkulu teorikoak aurrera eraman dira ikusitako fotosentikortzaile-aktibitateari azalpena bilatu nahian, eta emaitza horien guztien arabera, oxigeno singletea sortzearen arduraduna BODIPY unitatea dela ondorioztatu da. In vitro ikertu da terapia fotodinamikorako aktibitatea HeLa zelulekin, eta agerian jarri da konposatuak efizienteki barneratzen direla zeluletan, ez direla toxikoak haientzat ilunpean, eta argiztatzean zelulak hiltzeko gai direla nahiz eta konposatuen kontzentrazioa baxua izan. Hau guztia dela eta, esan daiteke lan honetan deskribatzen diren konplexuak potentzialki egokiak direla teragnosirako agente gisa, fotosentikortzaile-aktibitateaz gain igorpen fluoreszentea ere agertzen baitute.
  • Egileak: Rebeca Sola-Llano eta Antonio Veloso.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 57-70
  • DOI: 10.1387/ekaia.19701

Egileez:k

Rebeca Sola-Llano eta Antonio Veloso UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dabiltza eta Polymat Zentroko ikertzaileak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.