Ariketa egitea laguntza txikia da argaltzeko; hobe da gutxiago jatea

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gehiegizko pisua izateko joera dut eta, duela urte batzuetatik hona, odoleko glukosa kopurua diabetesaren muga-mugan dut. Atsegin dut jatea, eta nire konpromiso sozialak mahai baten bueltan izaten dira sarri. Gainera, tarteka‑marteka pintxoren bat ahoratzen dut, ardotxo bat edo bermuta larunbatetan. Huskeriak, baina nahikoak gluzemia eta pisua kontrolpean eduki behar izateko.

1. irudia: Ariketa fisikoa erregulartasunez egitea osasungarria den arren, antza jarduera horrek ez ditu pentsatzen ditugun argaltze-efektuak. (Argazkia: Александр Вальков – erabilera publikoko argazkia / Iturria: Pixabay.com)

Goizaldetan, saio luzeak egiten ditut bizikleta estatikoan. Ariketari ekin nionean, bai, pare bat kilo galdu nuen bizpahiru astean. Geroago, are saio luzeagoei ekin nien. Eta bi kilo gehiago galdu ere bai. Baina orduz geroztik –ia bi urte daramatzat– nire pisua aldatzeko trazarik batere gabe egonkortu da. Ariketa fisiko handiak eginda ere, apenas galtzen dut gramorik. Ezin ditut pedalkada saioak gehiago luzatu. Egunak ez du gehiagorako ematen, eta gauak ere ez.

Larrituta nauka kontu horrek bi arrazoirengatik. Batetik, efektuengatik, alegia, efektu ezarengatik. Etsigarria da edozein goizetan bizikletara igo, ordubete baino gehiagoan egurrean pedalei eragiten aritu eta lehengo berean jarraitzea. Gauza bakarra lortzen dut; asteburuan irabazitakoa lanegunetan galtzea.

Bestetik, gogaikarria suertatzen zait horren guztiaren itxurazko logika fisiologiko eza. Fisiologia irakasten dut, eta, energia orekaren atala lantzean, jarduera handitzean gastu metabolikoa handitzen dela azaldu ohi dut. Horrenbestez, elikagaien bidezko energia xurgapena konstantea bada, jarduera metabolikoa handitzeak hazkunderako energia erabilgarria murriztea ekarri behar luke. Are negatiboa izan arte.

Ez al du funtzionatzen energia orekak?

Kontua da organismoa egoera horretara egokitzen dela eta espero baino masa gutxiago galtzen duela. Hotzak egoten naiz, non eta ez den urteko egunik beroenetan. Eta hotz handiagoa izaten dut ariketa fisiko handia egin dudan goizetan. Susmoa dut metabolismoari ariketan ordainarazten diodana beroan kobratzen didala; alegia, hotzez edukitzen nauela.

Herman Pontzer antropologoaren arabera (Duke Unibertsitatea, AEB), ariketa fisikoa luzaroan handituta, eguneko energia gastua ere handitzen da, baina espero litekeena baino gutxiago. Gainera, jarduera maila handitu ahala eguneko gastua gero eta gutxiago handitzen da, harik eta konstantea izan arte. Alegia, gastu hori egonkor samarra bada, eta organismoak ariketa fisiko handiagoa egiten badu, beste gastu atal batzuk murriztu behar dira. Printzipioz, funtzio ez-funtsezkoetan gertatzen da murrizketa.

Pontzerren hipotesiaren arabera –medikuz eta fisiologoz ere osatutako taldetan lan egin du–, ariketa fisikoak gainerako jarduera fisiologikoak murriztea eragiten du, eta murrizketa horiek, gainera, onuragarriak dira osasunerako. Hori bai, ariketa oso bizia bada, efektuok negatiboak ere izan daitezke.

Ariketa neurrian eginez gero, bizitzeko funtsezkoak ez diren jarduera fisiologikoak murrizten dira. Kategoria horietakoak dira doikuntza termikoa, hazkunde somatikoa eta ugalketa funtzioak. Izan ere, ariketa fisiko handiak obario zikloa aldatzen du, espermatozoideen ekoizpena gutxiagotzen, sexu hormona gutxiago dago odolean eta libidoa behera dator.

2. irudia: Pisua kontrolatzeko, jaten duguna kontrolatzea eraginkorra omen da, nahiz eta ez da batere gauza erraza izaten. (Argazkia: Jan Vašek – erabilera publikoko irudia / Iturria: Pixabay.com)

Oso handia bada ariketa maila, ugalketa funtzioak are efektu handiagoak nozitzen ditu. Gainera, immunitate sistemaren funtzionamendua kaltetzen da, baita egitura kaltetuak konpontzeko funtzioak ere. Horiek dira osasunerako ondorio negatiboak.

Ondorioz, ariketa fisikoa neurrian eta erregulartasunez egitea osasungarria bada ere, ariketa maila horrek ez du egozten zaion flakatze gaitasunik. Pisua kontrolatu nahi bada, hobe da ahorakina kontrolatzea. Hori bai, ez da batere erraza, eta, dakigunaren arabera, emaitzak ez dira esperotakoak izaten.

Ariketa fisikora bezala, organismoa jaki eskasiara ere egokitzen da. Kasu horretan, bizi prozesuak geldotzen dira. Jarduera metabolikoa murriztu egiten da, eta energia gastuak behera egiten du. Gorputzeko tenperaturan ere badu eraginik: ahorakina murriztuta, hotzak egongo gara gehiagotan. Gutxiago jateak bizi fisiologiko geldoagoa dakar, eta, neurri batean, efizienteagoa.

Horri guztiorri egozten zaio kaloria murrizketak bizialdian duen efektu positibo ia ziurra. Hori, ordea, albiste txarra da gehiegizko pisuaren eta II. motako diabetesaren Damoklesen ezpata buru gainean dugunontzat.

Ez naiz nor nire ohiturak inori gomendatzeko, baina ez dit ardura nire hautuaren berri emateak:

  1. Lehen baino gutxiago jaten dut, eta jaten dudana lehen baino gehiago zainduta, baina, aitortzen dut, noiz edo noiz opariren bat egiten diot neure buruari.
  2. Ariketa fisiko neurritsua egiten dut, astean 150 km bizikleta estatikoan, eta oinez noa ahal dudan leku guztietara.

Bizitza, oraingoz, ez zait betiereko bihurtu.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.


Oharra: Jatorrizko artikulua The Conversation webgunean argitaratu zen 2019ko ekainaren 9an: El ejercicio ayuda poco a adelgazar: es más efectivo comer menos.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.