Elikadura eta ariketa, zahartze osasuntsuaren oinarri

Elikadura eta ariketa fisikoa bezalako bizi-ohiturak adineko pertsona autonomoen osasun adierazleekin lotuta daude. Izan ere, zahartze osasuntsua izaten lagun dezakete. Hori da aztertu duena, erizaina eta UPV/EHUko ikertzailea den, Ana Belén Frailek haren doktorego-tesian: ” Elikaduraren eta jarduera fisikoaren eragina adineko pertsona autonomoen osasun eta oxidazio-estres parametroetan”.

Tesian ikusten da, besteak beste, ariketa fisikoa gehiago eta sarriago eginez arrisku kardiobaskularra gutxiagotzen dela; arteria-presioa, odoleko azukrea eta kolesterola hobeto kontrolatzen dela eta baita ere jarduera antioxidatzaile endogenoa haztea dakarrela. Baina kirola egiteaz gain, elikagaien aukeraketa ere kontuan hartu beharreko faktorea da zahartze-prozesuan bizi-kalitatea hobetzeko.

elikadura eta kirola zahartze osasuntsuaren oinarri

Zahartzaro osasuntsu baten ezaugarriak antzemateko asmoz, Ana Belén Fraile erizainak Gipuzkoako Donostialdea eskualdean bizi diren eta, batez beste, 70,3 urte dituzten ehun pertsona autonomoren (65 emakume eta 35 gizon) ezaugarriak aztertu zituen. Probak 2010 eta 2011 bitartean egin ziren: balorazio antropometrikoa (adina, altuera, pisua, gorputzeko masaren indizea), odolaren analisia (glukosa, kolesterola, oxidazio-estresa), arterietako tentsioa hartzea, elikadurari eta elikagaien kontsumoari buruzko galdetegia eta bost egunetan jarraian egindako ariketa fisikoaren neurketa objektiboa egin zituen azelerometro baten bidez.

Matia Institutu Gerontologikoaren laguntzarekin egin zen ikerketa. Helburua elikadurak eta ariketa fisikoak arteria-presioarekin, balio antropometrikoekin, odoleko parametro orokorrekin eta oxidazio-estresari dagozkionekin (giharren gainbehera gutxiagotzen eta zelulen zahartzea gelditzen laguntzen duten jarduera entzimatiko antioxidatzaileekin lotuta dago) duten lotura zehaztea izan da. Agertu diren loturak desberdinak dira adineko pertsonen generoaren arabera. Hau da, pertsonen generoaren arabera ariketa fisikoak eta elikadurak eragin desberdina dute.

Tesian adierazitakoaren arabera, emakumeen kasuan ariketa fisiko nahikoa egiteak eta gizonen kasuan pixka bat egiteak arteria-presioa hobeto kontrolatzen laguntzen du. Era berean, emakumezkoen taldean, ariketa fisikoaren intentsitatea eta maiztasuna handitzea parametro antropometriko baxuagoak izatearekin lotuta dago (gorputzeko masaren indizea esaterako), eta baita profil gluzemiko (azukre maila) eta lipidiko (kolesterol eta triglizerido maila) hobeekin ere. Horrek arrisku kardiobaskular gutxiago dutela eta antioxidatzaile endogeno gehiago dituztela esan nahi du. Gizonen kasuan, ariketa fisiko gehiago egitea parametro antropometriko hobeak izatearekin eta zelula-mintza gutxiago kaltetzearekin lotzen da. Ariketa fisikoa indartsua denean, profil lipidiko hobearekin lotzen da.

Elikadurari dagokionez, elikagai batzuk gizentasunarekin, antioxidatzaileen tasarekin eta arrisku kardiobaskularrarekin lotzen duten datuak aurkitu dira. Emakumeen kasuan, fruitu lehor gehiago jateak parametro antropometrikoak hobetzea (pisua eta gorputzeko masa esaterako), arteria-presioa jaistea eta arrisku kardiobaskularra gutxiagotzea dakartza. Talde beraren kasuan, barazki eta fruta freskoak, esnekiak eta arrautzak jateak profil lipidiko hobea izatea dakar. Gizonen kasuan, esneki, produktu findu, izozki eta haragi gantzatsu gehiago jateak odolean azukre, kolesterol eta triglizerido maila handiagoa izatea dakar. Oro har, gantz gabeko haragia edo haragi gantzatsua jatea gizentasunarekin lotutako parametroekin erlazionatzen da, eta produktu finduen eta gozokien kontsumoa arteria-presioaren balioak handitzearekin, batez ere sistolikoa edo tentsio altua.

Iturriak:

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>