Ikertzaile talde batek giza gibelak zazpi egunez gorputzetik kanpo kontserbatzeko gai den makina eraiki du. Aurrerapenak transplanteen alorrean erabilgarria izatea espero dute.
“Jainkoetara jolasten ari gara”. Zeinek ez du entzun argudio hori, aurrerapen berrien aurrean erabateko ezetza adierazteko. Eskerrak jolasten garen. Denbora askoan osasuna jainkoen kapritxoen esku utzi zen. Noah Gordon idazlearen Medikua eleberrian ederki adierazten da ideia hori. Sendatzeko bazen ere, Erdi Aroan gorputza urratzea bekatua zen, Jainkoaren esku baitzeuden giza gorputza eta arima. Hala, apendizitis ziztrin batek jendea akabatzen zuen. Gaur egun milioika lagun dira (gara), zirujau bati esker bizitza gozatzen ari direnak (garenok).
Erdi Aroko argudio hori erabili ohi da duela gutxira arte imajinaezinak zitzaizkigun aukera berriak zabaltzen diren aldiro. Hala gertatzen da organoen transplanteetan erabiltzeko moduko kimerak sortzeko ikerketetan. Organo “artifizialak” ereitea biziak salbatzeko jorratzen den lerroetako bat izanda ere, ohiko bideak hobetzeko estrategiak lantzen ari dira. Adibidez, organo berrien errefusa immuneari aurre egiteko edota emailearengandik hartzailearentzako tartea ahalik eta laburrena izan dadin. Horretarako, eta Euskal Herrian bertan, droneen erabilera ere aztertzen hasiak dira zenbait proiektutan.
Norabide horretan, beste aurrerapen itxaropentsua aurkeztu dute asteotan. Nature Biotechnology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean Suitzako ikertzaile talde batek giza gibelak astebetez kontserbatzeko gai den makina baten garapena azaldu du. Gibelak baldintza onetan mantentzeko ez ezik, baldintza horiek hobetzeko gai omen da makina hori. Ikerketa artikuluan zehaztu dutenez, ospitaleetan transplanteetan erabiltzeko gai ez zirelakoan atzera botatako hamar gibeletatik seitan lortu dute horiek erabilgarri izatea, perfusio-gailuan astebete eman ondoren.
Suitzako hainbat zientzia erakundetako ikertzaileek Liver4Life izeneko egitasmoaren barruan garatutako gailua da. Wyss Zurich institutua, Zuricheko Unibertsitate Ospitalea, ETH Zurich eta UZH Zuricheko Unibertsitatea dira erakunde horiek. 2015ean abiatu zuen egitasmoa, eta, hasieran, gibelek 12 orduz besterik ez zuten irauten makinaren barruan, baldintza egokietan. Orain, iragarri dutenez, zazpi egunera luzatu dute tarte hori.
Transplanteak egiteko baldintzak erraztea da proiektuaren helburua. Ezaguna da transplanteen alorrean dagoen muga etsigarria: hil berri den emaile baten organo baten zain dago gaixoa, eta berehalakoan egin behar da transplantea. Izan ere, gaur egun hildako emailearengandik jasotako organoa ordu batzuetan besterik ezin daiteke kontserbatu. Teknikarik hoberenak erabilita ere, gehienez 24 orduz kontserba daiteke organo hori gorputzetik kanpo. Horrelako makinen garapenarekin, ordea, transplantea egiteko orduan denbora gehiagorekin jokatzeko aukera izango lukete ospitaleetako profesionalek. Modu horretan, sinetsita daude bizitzak salbatzeko aukerak handituko direla.
Transplantea burutzeko dagoen denbora tartea luzatzeaz gain, espero dute eskuragarri dauden gibelen kopurua handitzea. Bada, zenbait kasutan kaltetuta dauden gibelen kalitatea hobetzeko gai da gailua. Makinak perfusio teknologia erabiltzen du, eta, horri esker, hasiera batean transplanteetan erabiltzeko modukoak ez diren gibelak nolabait berreskura daitezke, ikertzaile hauen esanetan. Ez da kanpotik egindako sendaketa, behin gaixo dagoen gorputz batetik “askatuta” gibelak berak leheneratzeko duen ahalmenari probetxu ateratzea baizik. Hobekuntza hori erakusteko, kalteari eta hanturari lotutako zenbait konposaturen beherakada neurtu dituzte. Modu berean, bertako zelulek lanean jarraitu dutela egiaztatzeko moduan egon dira, energiari lotutako prozesuak mantenduz eta proteinak sortuz.
Perfusioaren bitartez, oxigenoa eta nutrienteak helarazten zaizkio gibelari, gorputzak eguneroko funtzionamenduan egiten duen prozesua errepikatuz. Funtsean, makina saiatzen da prozesu metabolikoak ordezkatzen, organoa osasuntsu mantendu aldera. Gorputzaren barruan dagoen presio berdina ere ezartzen zaio organoari. Modu berean, prozesu horietan hondakin gisa sortzen diren karbono dioxidoa eta beste hainbat konposatu kanporatzen ditu.
Orain, berriz, beste hainbat aukera irekitzen dira, eta horietan sakondu nahi dute datozen urteotan. Adibidez, aurretik organoetan zeuden lesioen konponketa, gibeletan egon daitezkeen gantz deposituen garbiketa edota gibelen leheneratzeak dira aukera horietako batzuk. Oraindik ikerketa fasean dauden arren, helburu nagusia logikoa da: makinan sartutako gibel horiek transplanteetan erabiltzea. Jainkoetara jolastea, hain justu, zerua iritsi bitartean, giza bizitzen salbazioan sakontzeko.
Erreferentzia bibliografikoa
Eshmuminov, D., Becker, D., Bautista Borrego, L. et al., (2020). An integrated perfusion machine preserves injured human livers for 1 week. Nature Biotechnology, (2020). DOI: https://doi.org/10.1038/s41587-019-0374-x.
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.