Gizateriak dituen erronken artean klima-aldaketa da hauts gehien harrotzen duena, eta, era berean, gure planetaren etorkizuna gehien baldintzatzen duena. Gero eta ohikoagoak dira neurriak hartzeko antolatzen diren egitasmoak, biltzarrak eta protestak. Zientziak aspaldi jarri zuen gai hau mahaiaren gainean eta jakintza eremu anitzetatik aztertu da egoera eta egin dira proposamenak. Genetikak ere bere aletxoa jar dezake gai honetan.
Klima-aldaketaz gain basoek arazo ugariri aurre egin behar diote: esate baterako, deforestazioari, izurriteei eta gaitz berriei. Horiei guztiei aurre egiteko lanabes bat izan daiteke zuhaitzen ahalik eta gene-dibertsitaterik handiena jasotzea. Horrela, ingurune aldakorrei aurre egiteko gene-baliabide gehiago eman ahal zaizkie basoei. Haatik, urriak dira zuhaitzen gene-datu horiek. Aurreko batean zailtasun hori azaldu genuen Zientzia Kaieran, zur-trafikoaren aurka erabiltzen diren gene-teknikak jorratu genituenean, hain zuzen ere.
Gene-datuen eskasia hori betetzeko jarri zen abian GenTree egitasmoa. Egitasmo horren baitan, 14 herrialdetako ikertzailek lagindu dituzte, Europan zehar, ekonomikoki eta ekologikoki garrantzitsuak diren 12 zuhaitz-espezie. Horien artean daude izei zuria eta gorria, zenbait pinu espezie, hagin arrunta, urkia, pagoa, makal beltza edota haritza. Kontinente bateko basoak hain sakonki eta zabalki aztertzen den lehen aldia da. Egitasmo hau 2016. urtean hasi zen eta lau urtez luzatu da, hilabete honetan bukatuko baita. Zortzi milioi euroko aurrekontua izan du, Europar Batasunak lagunduta. Kontuan izan behar da Europar Batasuneko azaleraren %40tik gora basoek estaltzen dutela eta inguru horiek hornitzen dituztela egurra, janaria, energia, ur garbia edota uholdeen aurreko kontrola; eta basoak erabiltzen dituztela txori-behatzaileek, txangozaleek eta ehiztariek. Hortaz, garrantzitsua zen zuhaitzen gene-dibertsitatea dokumentatzea basoen kudeaketa hobetzeko. Alegia, kudeaketa hori, hazkuntzaren ikuspuntutik ez ezik, kontserbazioaren ikuspuntutik ere egiteko.
Datuak jaso ziren espezie bakoitzeko hamar eta hogeita bost populazio artean eta hogei zuhaitz inguru aztertu ziren populazio bakoitzean. Ikertzaileak saiatu ziren zuhaitzen hein guztia aztertzen eta muturreko inguruneetan –lehorteak dituzten eremuetan edo izozteak pairatzen dituzten lekuetan– bizi diren zuhaitzak lagintzen. Lagindutako zuhaitz bakoitzetik, sekuentziatu egin ziren aktibo zeuden geneak eta genomak; neurtu ziren urteko hazkundea, hosto-azalera, hazien ernetze-tasa eta gaixotasunei dieten erresistentzia; eta ikertu zituzten parametro horietan eragina zuten gene-aldaerak.
Azterketa horiei esker jakin daiteke zuhaitzak nola moldatzen diren beren inguruneetara; esate baterako, lehorteetara nola moldatzen diren eta zein gene-aldaerak eragiten duten moldaketa hori. Gainera, ikertzaileek ikusi dute espezie bakoitzaren barruan dibertsitate handia dagoela –oso ezaguna ez zen gertaera bat— eta basoen kudeaketan gutxitan kontuan hartzen den alderdia. Ikertzaileek uste dute egitasmo horretan bildutako datuek lagunduko dutela hobeto ulertzen zein eragin duen gene-dibertsitateak Europako basoen adaptazioan eta erresilientzian. Horrela, kontserbazionistek, baso-kudeatzaileek eta ikertzaileek aukera izango dute hobeto ezagutzeko basoak klima-aldaketara nola moldatzen diren. Ondorioz, basoak kudeatzeko orduan, gehiago izan beharko da kontuan genetika: garrantzia zuhaitz bakoitzaren gene-osaketari emango zaio, ez bakarrik zuhaitzaren jatorria zein den jakiteari. Azkenik, adituek uste dute gene-datuak erabiliko direla, orobat, basoen ustiaketa ekonomikoa erabakitzeko, ingurune bakoitzera hobeto moldatzen diren haziak erabilita.
Bestalde, ikertzaileek uste dute gene-datu hauek erabil daitezkeela aurresateko baso bat klima-aldaketaren aurrean moldatzeko gai izango ote den; eta horrela ez bada, baso horri laguntzeko. Adibidez, epeltzen ari den ingurune bateko basoan klima epeletara moldatuta dauden zuhaitzen haziak landa daitezke, migrazio lagundua deritzon prozesua erabilita, hain zuzen ere. Gene-datuak erabilgarriak izan daitezke erabakitzeko zein hazi landatu behar den landa berrietan edota zuhaitz sendoagoak hazteko. Edo alderantziz, baso batek gene-aniztasun nahikoa badu ez da beharrezkoa izango inolako esku-sartzerik eta zuhaitzak gai izango dira klima-baldintza berrietara moldatzeko.
Laburbilduz, inoiz jaso den zuhaitzen gene-dibertsitatearen bildumarik handiena egin da Europan. Ahalegin horri esker, datuak jarri dira ikertzaileen, baso-kudeatzaileen eta kontserbazionisten eskuetan, basoek aurretik dituzten erronkei hobeto erantzuteko. Ondorioz, klima-aldaketak basoetan eragin ditzakeen kalteen aurrean, lanabes berri bat eskuratu da genetikari esker.
Iturria
Pennisi, Elizabeth (2020). Massive effort to document the genetics of European forests bears fruit. Sciencemag.org. doi:10.1126/science.abb0632
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
6 iruzkinak
[…] 2020/03/04 Basoen gene-dibertsitatea klima-aldaketari aurre egiteko […]
[…] klonikoa denean, aspergarria izateaz gain, ez du malgutasunik aldaketei aurre egiteko. Izan ere, espezie barruko gene-aniztasuna lagungarria izan daiteke aldaketetara moldatzeko basoek duten gaitas…. Hau da, abeltzaintzarako, nekazaritzarako edo basogintzarako erabiliko diren espezieak hautatzean, […]
[…] aipatu dut eta baita ere itxialdia baino lehenago Zientzia Kaieran gene-aniztasunak basoen kudeaketan lagun dezakela azaldu nuen. Gaur gai honi beste ertz batetik helduko diot, orain dela gutxi argitaratutako […]
[…] eta bere ondorioek hamaika ertz dituzte. Aurreko batean hona ekarri genuen basoen gene-dibertsitateak klima-aldaketari nola egiten dion aurre. Gaurkoan beste ingurune batera begira jarriko gara klima-aldaketa eta […]
[…] honetan azaldu dugu genetika erabili daitekeela biodibertsitatea ikertzeko edo elikagaien ezaugarriak aztertzeko, hala nola, arrozarenak edo kafearenak. Horrez gain, aipatu […]
[…] urratzen da bide hori? Txoko honetara ekarri ditugu ingurune azidoetara moldatu diren arrainak eta bizi diren ingurunera moldatu diren zuhaitzak. Zelan gertatzen dira moldapen-prozesuak, […]