Gene-teknikak zur-trafikoaren aurka

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zurezko altzariak preziatuak dira, batez ere zur nobleekin edo zur exotikoekin eginda badaude. Agian horregatik, azkenaldian zur-trafikoak gora egin du. Interporlek dio zur-merkataritzaren %15 eta %30aren artean urratzen dituela bertako legeak edo nazioarteko itunak. Tropikoko herrialde batzuetan, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Laosen edo Papua Ginea Berrian esate baterako, herrialdearen produkzioaren %70a izatera hel daiteke legez kanpoko zura. Gaitz honi aurre egiteko teknika berritzaileak erabiltzen dira, hala nola masa-espektrometria edota isotopoen analisia, bai eta gene-teknikak ere zur-trafikoa ikertzeko erabiltzen dira ere.

1. irudia: Zurezko altzariak. (Argazkia: tpsdave2 / pixabay.com)

Hatz-marka genetikoek bide berri bat ireki dute zur-trafikoaren ikerkuntzan. Hatz-marka genetikoek aspaldi erabiltzen dira aitatasun-frogak egiteko edo auzitegi-analisietan. Esate baterako, askotan ikusi dugu teknika hori polizia-telesailetan: susmagarri baten DNA erkatzen dute krimenaren gertalekutik lortutako DNArekin eta ondorioztatzen dute susmagarria bertan egon zela. Askotan ikusi dugun eszena horren oinarrian hatz-marka genetikoen azterketa dago. Teknika horren hastapenak 1980.eko hamarkadan daude. Hasieran RFLP deritzon teknikaren bidez egiten zen. Teknika horren bidez, DNA leku jakin batzuetatik mozten da eta, errepikakorrak diren DNA sekuentzien eraginaren ondorioz, zatien tamaina indibiduo bakoitzean ezberdina da. Lortzen diren zatien luzerak erkatuta, indibiduoak identifika daitezke. Teknika horren mugak ziren DNA kantitate altua behar zela eta DNA ezin zela endekatua egon. PCR teknikari esker, muga hori gainditu zen, azken teknika hau erabilita DNA kantitate altuak lor baitaitezke, DNA endekatua badago ere. Gaur egun hatz-marka genetikoak aztertzeko PCR teknika erabiltzen da, oso aldakorrak diren sekuentzia laburrak aztertzeko. Sekuentzia labur hauek aldakorrak badira ere, hainbat indibiduok alelo berdina izan dezakete. Hortaz, aldi berean halako sekuentzia labur asko aztertzen dira, bereizmena handitzeko eta horrela hatz-marka genetiko bera duten bi indibiduo edukitzeko probabilitatea asko jaisteko. Horixe da lehenago aipatutako telesailetan ikusi ohi duguna. Bada, teknika ezagun honek zuraren jatorria ezagutzeko aukera ere ematen du.

Teknika horri esker aztertzen da zuhaitz bakoitzaren gene-egitura esklusiboa eta frogatu da arrakastatsua izan daitekeela. 2015. urtean Gifford Pinchor National Forest basoan (Washington, EEBB) hosto handiko astigar bat (Acer macrophyllum) legez kanpo bota zuten. Ikertzaileek teknika hori erabili zuten gaizkileak aurkitzeko: zerrategi batean konfiskatutako oholak basoko zuhaitz-abarrekin lotu zituzten DNAren analisi horren bidez.

Halako ondorio argiak, ordea, ez dira ohikoak legez kanpoko zur-industriaren izaera globala dela eta. Hortaz, ikertzaileek espero dute bariazio genetikoa erabiltzea zur susmagarria toki bateko edo eskualde bateko zuhaitz espezieekin lotzeko. Era honetara, froga daiteke jatorria Brasilen bide duen kaobaren zuraren bidalketa batek Kolonbiako zuhaitzen profil genetikoa duela. Analisi hori posible egiteko munduko basoen liburutegi bat behar beharrezkoa da, informazio geografikoa barneratzen duena ere. Analisi hori posible egiteko, beharrezkoa da munduko basoen liburutegi bat, informazio geografikoa ere baduena. Tamalez, jada jaso diren milaka zur-laginen zati handi bat ez dago geoerreferentziatua. Hori dela eta ikertzaileak munduko basoetatik barreiatu dira lagin berriak jasotzeko.

2. irudia: Moztutako zuhaitzen enborrak. (Argazkia: Rudy and Peter Skitterians /pixabay.com)

Hala ere, horrelako liburutegiak gauzatzea ez da erraza. Esate baterako, 2014an egindako espedizio batean, balatá izenez (Manilkara huberi) ezagutzen den zuhaitz baten zur eta hosto laginak jasotzen ari ziren LargeScale Project egitasmoaren baitan. Egitasmo hau Thünen Institutek (Braunschweig, Alemania) zuzentzen du, Afrika eta Hego Amerikako zuhaitzen erreferentzia genetikoa eraikitzeko. Bertan, helburu modura hartu da zur-trafikoan lehentasun handia duten 20 espezieren informazioa genetikoa lortzea (Afrikako hamar zuhaitzena eta Hego Amerikako beste hamarrena), eta erreferentziazko bost laborategi abian jartzea bertoko ikertzaileak trebatuta (Afrikan hiru eta Hego Amerikan bi). Lehenago aipatutako espedizio horretan botanikoak ohartu ziren balatá delakoa espezie bat izan beharrean espezie ezberdin asko izan zitekeela. Hortaz, lehenengo espezieak ondo zehaztu behar dira gene-informazio zehatza eskuratu nahi bada. Horrelako adibideek agerian uzten dute erreferentziazko mapak eta datu-baseak sortzea zeregin ikaragarria dela.

Forest Stewardship Council (Bonn, Alemania) izeneko erakundeak horrelako ekimenak bultzatu nahi ditu. Horretako, AEBko Basoen Zerbitzuarekin, Agroisolab enpresarekin eta beste erakunde batzuekin batera egitasmo bat abiatuko du: Zuraren Erreferentzia Globala Egitasmoa, hain zuzen ere. Forest Stewardship Councilek 1500 baso inguru ziurtatu ditu. Bada, egitasmo horri esker, baso horietatik laginak jasoko dira teknika genetikoak eta beste teknika batzuk erabili ahal izateko. Gainera, lagin bakoitza geokokatuta egongo da eta modu seguruan garraiatuko da, lagin bakoitzaren jatorria ez galtzeko. Horrela, epaitegi batean onartu ahal izango dira froga moduan lagin horrekin egindako analisiak.

Halako datu-baseek ez dute zur-trafikoa geldituko baina lanabes bat izango dira bai poliziarentzat, bai gobernuz kanpoko erakundeentzat eta ikertzaileentzat. Horrela, pixkanaka zur-trafikoari aurre egitea espero da, salerosleek ikusiko baitute ez direla zigorrik gabe gelditzen.

Erreferentzia bibliografikoa

Irwin, Aisling (2019). Tree sleuths are using DNA tests and machine vision to crack timber crimes. Nature 568, 19-21. DOI:10.1038/d41586-019-01035-7


Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.