“Fisika” hitza entzun orduko arnasestuka hasten gara, bat-batean zama pisutsuren bat hartuko bagenu bezala. Fisika kontzeptu abstraktua da, distortsionatuta entzuten dugun soinua bezalakoa. Askok pentsatzen dugu gure bizitzatik at dagoen alorra dela, eta era berean, gizarteko pertsona oso gutxik uler dezaketela.
Haatik, makinatxo bat zientzialarik lanean dihardu termino horrek sortzen duen sentsazio hori aldatzeko, alegia, ulerterraza bilakatzen dute hasieratik hain korapilatsua egiten zaigun gaia. Eta ez da lan erraza, izan ere, diziplina horretan murgiltzen garen bakoitzean, ez dugu irtenbiderik aurkitzen.
Helen Czerski fisikaria eta ozeanografoa da eta zientziaren dibulgazioan lanean dihardu, hots, fisika ere gure inguruan dagoela erakutsi nahi du. Haren esanetan, beharrezkoa da alor honi buruz dugun ikuspegia zeharo aldatzea; izan ere, eta hainbatetan azaldu duenez, “ideia zientifiko handiak inguruan ditugun objektu txikietan ezkutaturik daude“. Gainera, argudiatzen du gure etxean aurki dezakegun edozein objektuk balio duela esperimentuak egiten hasteko: arrautzak, te kikara bat edo mahaitik erortzen zaigun ogi txigortua, adibidez. Argi dago fisika eskura dugun zientzia dela eta harekin jolastea ezinbestekoa dugula hura ulertzeko.
Burbuilak eta ozeanoa
Zientzia dibulgatzailea izateaz gain, Czerski ikertzailea da Londresko University Collegen (UCL). Bertan, atmosferaren eta ozeanoaren arteko lotura du ikergai. Zehazki, ozeanoaren burbuilak eta euren optika eta akustika, eta itsasoaren eta airearen arteko gas transferentzia aztertzen ditu. Iaz, dozenaka zientzialarirekin batera, Artikora bidaiatu zuen, planeta zergatik gaixotzen ari den argitzeko xedez. Halaber, BBCk eskaintzen dituen zientzia-programa eta dokumental ugariren aurkezlea ere bada. Oro har, fisikari buruzkoak dira, zehazki, zientzia atmosferiko eta ozeanikoaren gainean aritzen da horietan.
Czerski 1978an jaio zen, Altrincham hirian, Manchesterretik gertu. Txikitatik, matematikak eta, bereziki, fisika laket zitzaion. Haren familiak mundu hori arakatzeko beharrezkoa zuen jakin-mina piztu zion; bereziki, haren ama izan zen bultzatzaile nagusia, programatzailea izanda, inspirazio iturria izan zen bere alabarentzat. Cambridgeko Churchill Collegen lizentziatu zen ozeanografo ingelesa. Urtebete geroago, lehergai esperimentalei buruzko fisikako doktoretza ikasi zuen. Ikasketak amaitu ostean, egindako esperimentuak haren inguruan aplikatu ahal izateko ikerketa lerro bat bilatzen saiatu zen. Une hartatik aurrera, burbuila eta ozeanoak izan ziren haren ikerlanen erdigune. Lehenik, Ozeanografiako Scripps Erakundean hasi zen lanean (AEB). Hori gutxi balitz bezala, doktoretza-ondoko bat egin zuen, eta Erresuma Batura itzuli zenean, burbuila ozeanikoen fisikari buruzko ikerketa programa propio bat abiatu zuen, lehenik Southamptoneko Unibertsitatean, eta ondoren, University Collegen.
“Eta zertarako balio du horrek?”
Czerskik, hitzaldi batean, fisikaren inguruan dugun pertzepzioa eta irudia ulertzeko balio duen anekdota bat kontatu zuen. Unibertsitatean zegoenean, haren amonaren etxean ikasteko ohitura zuen. Behin, mekanika kuantikoa ikasten ari zela, haren amonak txundituta begiratu eta honako hau bota zion: “Eta zertarako balio du horrek?”. Galdera horrek islatzen du gehienok pentsatuko genukeena fisikako artikulu edo azalpen-testu bat irakurtzean. Horregatik, Czerskik bere lanaren bidez erakutsi nahi du diziplina hau guztion eskura dagoela eta, batez ere, alor hau inguratzen duten topikoekin amaitu nahi duela behin betiko: fisika ez da ezinezkoa, fisika gure artean dago, eta ondo dago horren gaineko ikusmina izatea. Dibulgatzaile gisa egindako lanari dagokionez, ideia hori indartzen duten bi liburu argitaratu ditu: Storm in a Teacup (2016) eta ¿Por qué a los patos no se le enfrían los pies? (Paidos-2017). Lan horri esker, Kelvin saria irabazi zuen duela bi urte, gure egunerokotasunean fisikaren alde egiteagatik.
Oro har, fisikarekin jolastera eta hori esploratzera animatzen gaitu Czerskik. Aipaturiko liburuan, ¿Por qué a los patos no se le enfrían los pies?, argitzen du jolasean ari zela egindako aurkikuntzak izan direla pozgarrienak harentzat, hain justu zientzia egiten ari ez zen uneetan. “Fisikako oinarrizko ezagutza edukiz gero, jostailuen kutxa moduko bat bilakatzen da mundua”, dio.
Era berean, ikuspegi berri bat irakatsi nahi digu ikertzaileak: edertasunak badu lekua zientzian, ezagutzan eta egiten diren esperimentuetan. Hain zuzen, Richard Feynman fisikaria saiatu zen ideia hori bera azaltzen, 1981ean BBCn egindako elkarrizketa batean, Antonio Martínez Ron kazetariak artikulu honetan bildu duena, alegia. Feynmanek kontatzen duenez, bere lagun artista batek zioen berak lore baten edertasuna erraz ikus zezakeela, aldiz, zientzialari bat ez zela hori egiteko gai izango, “dena desmuntatu eta interesik gabeko gauza batean bihurtuko lukeelako ezinbestean”. Fisikariak gaineratu zuen ez zegoela ados ideia horrekin, ezagutzari esker askoz gauza gehiago ikus zitzakeelako, hala nola, lorearen zelulak imajinatu eta egingo lituzkeen ekintzak ulertu. Bukatu zuen esanez, zientziari esker objektuen edertasuna biderkatu egiten dela. Czerskik bat egiten du iritzi horrekin eta gaineratzen du zientzia dibertigarria ere badela, gure kabuz mundu fisikoa ikertzeko behingoz beldurra kentzen badugu, bederen.
Iturriak
- Helen Czerski-nen webgunea
- Dr Helen Czerski: “We need to improve the attitude that society has about science and that science has about society”, The Scientific23
- Helen Czerski, What’s happening to our weather? The answers are hiding in Arctic air, The Observer, 2018ko irailaren 1a.
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.