Artelan neolitiko baten egiletza argitara ekarriz

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Hatz-marketan abiatuta, ikertzaile talde batek Neolito aroko artelan baten egileen profila ondorioztatu du: gazte batek eta gizonezko heldu batek parte hartu zutela uste dute. Gaztea emakumezkoa izan zitekeela ere proposatu dute.

artelan
1. irudia: Granadako Los Machos harpean dagoen labar arteko panelean aurkitu dituzte hatz markak. (Argazkia: F. Martinez Sevilla / Granadako Unibertsitatea)

Askotan esan ohi da: arkeologoak iraganaren detektibeak dira. Profesional horiek egindako aurkikuntzak saltzeko argudio polita da, eta hedabideetan gustuko dugu horrelakoak erabiltzea. Topiko bat da noski: arkeologoen lana arrastoei tiraka historia argitzea den modu berdinean, kazetarion lana unean-uneko istorioak saltzea da; eta, batzuetan, kontakizun horiek zertxobait apaindu behar dira. Detektibeei dagokienez, argitu gabeko kasuei irtenbidea ematea da haien jardun topiko eta tipikoa.

Ogibide horien inguruko ikuspegi erromantiko bat zabalduta dago sarritan, baina errealitatea ez da beti hain polita. Arkeologoen lana askotan zikina eta emaitzarik gabekoa da, eta hilabeteak edo urteak eman ditzakete burokraziaren paperetan zein lokatz artean galduta. Detektibeek ez dute denbora ematen azaldu gabeko hilketak argitzen, hankan mina izateagatik laneko bajan dagoen eta hala ere eskiatzen dabilen lotsagabe horri jarraipena egiten baizik. Kazetarioi dagokigunez… tira, hobe isilduko gara, autozentsura Jainkoak ematen duen dohain horietako bat delako.

Batzuetan, ordea, topiko horien atzean dagoena inoiz baino errealagoa bilakatzen da. Hori gertatu da oraingoan, ikertzaile talde bat duela 7.000-5.000 urte margotutako horma irudi batzuen aurrean jarri denean. Detektibeek bezala, hatz-markak aurkitu dituzte, eta, horien analisian oinarrituta, margo horiek zeinek egin zituen argitzeko moduan egon dira. Teknika hori baliatuta ondorioztatu dutenez, 36 urte baino gehiago zituen gizonezko batek eta 10-16 urte zituen gazte batek egin zituzten irudiak. Aztertutako ezaugarrien arabera, gaztea emakumezkoa izan zitekeela ere proposatu dute. Antiquity aldizkarian argitaratutako ikerketa batean azaldu dute ondorio horretara iristeko jarraitu duten prozesua.

artelan
2. irudia: Orotara, 32 irudi daude panelean, eta arte eskematiko izeneko estiloaren barruan sailkatzen dira. B argazkian, irudi tratamendu bitartez koloreak ase dira, hobetu ikusarazteko. (Argazkia: F. Martinez Sevilla / Granadako Unibertsitatea)

Los Machos izeneko harpean daude aztertutako horma irudiak, Granadako Jabalcon muinoan. Neolitoan marraztutako 32 irudi dira, adituek arte eskematikoaren baitan sailkatzen dituztenak. Izenak berak argi uzten duenez, arte figuratiboa da, oso modu sinplean marraztua, baina, aldi berean, oso aberatsa. Irudi antropomorfoak eta geometrikoak dira, eta atzean egon daitekeen mezua ez da oraindik argitu.

Baina irudien artean beste zerbait ere bazegoen: bi hatz-marka. Edo, adituen hizkeran, bi paleodermatoglifo; iragan urrun batean utzitako hatz-markak, hain justu. Horiek ikertzeko, daktiloskopia edo lofoskopiaren teknika erabili dute. Jakina denez, batez ere polizia da hori baliatzen duena delituak eta bestelako gertakariak argitzeko, hatz-marka baten egilea identifikatuz. Horretarako, gordeta dauden hiritarren hatz-marken datu basearekin alderatzen dira krimenaren gertalekuan jasotako markak.

Esan beharrik ez dago: Neolitoan bizi zirenen hatz-marken datu baserik ez dago. Baina horrek ez ditu ate guztiak ixten. Izan ere, marka horiek ere islatzen dituzte pertsonaren hainbat ezaugarri, oso modu orokorrean bada ere. Adinaren eta sexuaren arabera, marka horiek pixka bat desberdinak dira, eta ezagutza horretan oinarritu dira artelanaren egileen sexua eta adina ondorioztatzeko. Sexuaren arabera, hatzetan dauden gandor papilarren kopuruan eta zabaleran aldeak daude, gizonezkoen gandorrak emakumezkoenak baino handiagoak direlako. Adinarekin, gainera, gandorren arteko distantzia handituz doa, eta helduarora iritsita baino ez dira egonkortzen.

artelan
3. irudia: bi fase bereizi dituzte artelanean. Hatz markak kolore ilunagoa duen bigarren fasean aurkitu dituzte. (Irudia: F. Martinez Sevilla et al. / Antiquity)

Hau kontuan hartuta, marka horiek gaur egungo gizakiek dituztenekin alderatu dituzte. Horretarako, Espainiako 546 lagunen hatz-marken aldean jarri dituzte (304 emakumezko eta 242 gizonezko), konparaketa estatistikoak eginez. Horretan oinarritu dute egin duten atribuzioa.

Bestetik, koloreen arabera ebatzi ahal izan dute bi fase desberdinetan egin zirela marrazkiak. Kasu bietan, atzamarrekin margotu zuten. Hatz-markak okre ilunez margotutako bigarren faseari dagokie.

Labar artean ez ezik, zeramikaren alorrean ere agertu daitezke halako markak; poteak eta bestelakoak egiterakoan, erraza izan daitekeelako nahigabean hatzen aztarnak uztea. Halako kasuetan, egon ohi den arazorik handiena kontserbazioarena da. Los Machos harpeko artelanak, berriz, nahiko ondo mantendu dira: marraztuta dauden tokia ekialdera begira dagoenez, gehienetan mendebaldetik etortzen diren haizeek eta euriek ez dute asko kaltetu.

Behin bide hau irekita, metodologia beste zenbait eremutara eramateko aukera ikusten dute egileek, gaur artetzat jotzen dugun jardun horren atzean zeuden motibazioak eta egileen inguruko xehetasunak argitu aldera. “Norbanakoak identifikatzeko gaitasunak inferentzia berriak eskuratzeko bidea eman dezake, bai lekuaren beraren inguruan zein arte hori sortu zuten lagunen inguruan”, idatzi dute zientzia artikuluan. “Egiletzari buruzko ikerketan hemen erabili dugun metodologiak mundu osoko labar artearen kokaguneetan dimentsio sozial zabalagoak aurkitzeko baliogarria izan liteke”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Martínez-Sevilla, F., Arqués, M., Jordana, X., Malgosa, A., Lozano Rodríguez, J.A., Sánchez Romero, M., Sharpe, K.y Carrasco Rus, J. (2020). Who painted that? The authorship of Schematic rock art at the Los Machos rockshelter in southern Iberia. Antiquity, 94 (377), 1133-1151. DOI: https://doi.org/10.15184/aqy.2020.140


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] Ikertzaile talde batek Granadako Los Machos harpean dagoen labar arteko panelean hatz-markak aurkitu ditu eta horien analisia eginda, ondorioztatu du 36 urte baino gehiago zituen gizonezko batek eta 10-16 urte zituen gazte batek egin zituztela irudiak. Gazte hori, gainera […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.