Gaia misioak Esne Bideari buruzko datu andana argitaratu ditu, eta, horietan oinarrituta, lehen ondorioak argitaratu ditu. Galaxiaren iragana eta etorkizun urruna irudikatzeko ezagutzeko aukera dute ikertzaileek, eta beste aurkikuntza asko egiteko bidea irekita geratu da.
Zinez zaila da mundua mapa batean adieraztea. Kartografoek betidanik izan duten arazoa izan da. Hiru dimentsioko mundu bat paper bateko bi dimentsioetan doitasunez irudikatzea ezinezkoa da, eta, ondorioz, proiekzioak erabili behar dira, bidean errepresentazio kartografikoaren zehaztasuna galduta. Gaur egun, mapa gehienak XVI. mendean Gerardus Mercator kartografoak asmatutako proiekzioan oinarritzen dira. Duela hamarkada batzuk modan jarri zen Arno Peters zinegile eta historialariak moldatutako beste proiekzio bat, Mercatorren proiekzioan poloetatik gertueneko masak handitzen direlako, eta hori Mendebaldeko eurozentrismoaren eta inperialismo kartografikoaren erakusle omen zirelako, Petersen ustetan. Kartografikoki Petersen proiekzioa nahiko kaxkarra izan arren, ideia ondo saldu zen halako proposamenen kala natural diren zirkuluetan, eta, horregatik, espageti itxurako mapa hori askotan ikusiko duzu. Proiekzio bakoitzaren atzean dagoen filosofia modu arinean ikusi nahi baduzu, xkcd komikian aurkituko duzu sarrerarik hoberena.
Hiru dimentsioak mapa batean irudikatzea zaila bada —tira, euskarri berriek hau dezente hobetu dutela aitortu beharra dago—, pentsa zein zaila izango den lau dimentsioak mapa batean jartzea. Bai, lau. Izan ere, normalean mapa batean denbora kontuan hartu behar ez den aldagaia da, baina, espazio sakonari buruzko mapei buruz hitz eginez gero, denbora funtsezkoa izan daiteke. Distantziak hain itzelak izanda, praktikan objektu bakoitzetik jasotako informazioak benetan adierazten duena da objektu horrek noizbait izan zuen egoera.
Horregatik, gure galaxiaren eta inguruan diren beste objektuei buruzko informazioa biltzen duen Gaia misioa hiru dimentsioko mapa osatzen ari dela esaten den arren, praktikan, interpretazioan, mapa hori lau dimentsiokoa da. Izar edo objektu bakoitzaren inguruko kokapena eta ezaugarriak eskuratzeaz gain, informazio hori guztia denbora esparru batean kokatzen da, eta, horrela, gure begien aurrean mantso dabilen baina praktikan bizirik eta mugimenduan dagoen egitura izugarri baten mapa dinamikoa osatzen ari dira. Izarren kokapena eta ibilbideari erreparatuta, iraganaren eta etorkizunaren argazkiak osatzen ari dira, orainaldikoekin batera.
2013an martxan jarri zenetik, ESA Europako Espazio Agentziak sustatutako zunda datu andana biltzen ari da. Eta, noizean behin, behin txukundu dituela, datu horiek askatu egiten ditu, mundu osoko astronomoen pozerako. 2016an eta 2018an egin ziren datuen lehenengo eta bigarren kaleratzeak. Oraingoan hirugarrenaren txandaren lehen fasea iritsi da, teknikoki Datuen Hirugarren Irteera Goiztiar izendatu duten kaleratzearen bitartez (EDR3 edo Early third Data Release). Goiztiarra izendatzen dute, dena ondo bidean, hemendik bi urtera hirugarren irteera osoa espero dutelako.
Kopuru hutsei erreparatuta bederen, datuak izugarriak dira. Esne Bidean eta horren inguruan diren 1.800 milioi objekturen inguruko informazioa jasotzen dira bertan: aurrekoan argitaratu zituztenak baino 100 milioi gehiago. Koloreen informazioari dagokionez, 200 milioi iturri gehiago jaso dituzte oraingoan: orotara 1.500 milioi iturri jasota daudelarik. Baina iturrien kopurua handitzeaz gain, neurketen doitasuna ere hobetu dituztela azaldu dute misioaren arduradunek. Esne Bideko izarren eta bestelako objektuen kokapena lantzen duen misio astrometrikoa izanda ere, beste hainbat datu jasotzen ditu Gaiak, objektuaren eta distantziaren arabera: izarren abiadura erradiala, argi kurbak edota tenperatura. Asteroideen kokapena ere jasotzeko gai da.
“Helburu nagusia da geure galaxia ulertzea, horren arkeologia egitea”, azaldu du Gaia bitartez datuak aztertzen ari den DPAC taldeko ikertzaile Carme Jordi-k La Mecanica del Caracol irratsaioan. Baina izarrak behatzen ari garenez, izarrei berei buruz asko ikasten dugu ere: haien fisikaz, eboluzioaz, nola jaiotzen diren eta nola hiltzen diren. Modu berean, gure eguzki sistemako objektuak eta kanpoko galaxiak ere ikusten ditugu. Azken finean, astronomiaren eremu askotan eragina izaten ari gara, ez soilik galaxiari lotutakoetan”.
Zientzia komunitatearen esku jarri dituzten datuekin batera, informazio horrekin egin daitezkeen aurkikuntzen adierazle diren lau zientzia artikulu argitaratu dituzte. Artikulu hauek ez dira behin betiko artikuluak, misioan eskuratutako datuetatik atera daitezkeen emaitza zientifikoen artikulu erakusgarriak baizik.
Agian nabarmenena da Esne Bidea orbitatzen duen Sagitario galaxia nanoarekin izandako hurbiltze baten inguruan duela bi urte aurreratu zituzten zantzuak berretsi dituztela orain. Esne Bidearen ertzetako izarretan atzemandako mugimendu batetik ondorioztatu dute duela 300-900 milioi urteren bueltan izandako hurbiltze hori. Ikusi dutenez, hainbat izar galaxiaren planoarekiko mantso mugitzen ari dira, plano horretarantz doazelarik. Planoaren azpitik, berriz, gorantz ari diren beste izar multzo bat dago; azken hauek nahiko azkar mugitzen dira. Datuak aztertu dituzten ikertzaileen arabera, horiek lirateke Esne Bidearen eta Sagitario galaxia nanoaren arteko hurbilketa edo ia-talka horren ondorioak. Etorkizun urrun batean, Esne Bideak galaxia nano hori bereganatuko duela uste dute zientzialariek.
Gure galaxiak inguruan dituen beste bi galaxia satelite doitasun handiagorekin aztertzeko aukera izan dute: Magallanesen Hodeiak. Bertako izarrei buruz orain eskura izan dituzten datuak askoz zehatzagoak izanik, Hodei Handiak egitura kiribila duela berretsi dute, eta Handiaren eta Txikiaren artean dagoen izarren zubi bat argiago ikusi ahal izan dute.
Datuen zehaztasuna aldarrikatzeko, zifra bat jarri dute mahai gainean: 0,23 nm/s. Hori da, segundoko, gure eguzki sistemak duen azelerazioa, galaxiaren erdigunearen inguruan egiten duen orbitan. Zientzialariek diotenez, neurketa bat dator teoriak aurreikusten zuenarekin. Gutxi gorabehera atomo baten tamaina duen azelerazio hori kalkulatu ahal izateko beste galaxia eta objektu urrunek duten ageriko mugimendua neurtu dute. Mugimendu hori, noski, erlatiboa da, berez etengabeko hazkundean dagoen unibertso batean ez dagoelako behin betikoa den erreferentziarik; baina horiek hain urrun egonda, kalkuluak egiteko ia finkotzat hartu daitezke.
Azkenik, gertueneko objektuei erreparatu diete. Osatu duten Gertuko Izarren Katalogoan 331.312 objektu kontuan hartu dituzte. Gugandik 100 parseceko erradio batean dauden izarren %92 direla uste dute. Hau jauzi nabarmena da aurrean orain arte nagusi izan den Gliese katalogoarekiko: honek 3.803 objektu biltzen ditu, 25 parseceko erradio batean. Esan beharrik ez dago katalogo berriak doitasun handiagorekin eskaintzen duela objektu horiei buruzko informazioa, hala nola, kokapena, mugimendua eta distira.
Erreferentzia bibliografikoa:
Gaia Collaboration, Brown, A. G. A., Vallenari, A, Prusti, T., de Bruijne, J.H.J. et al. (2020). Gaia Early Data Release 3. Summary of the contents and survey properties. Astronomy & Astrophysics (forthcoming article). DOI: https://doi.org/10.1051/0004-6361/202039657
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
2 iruzkinak
[…] eguzkiaz eta planetez gain asteroideak eta kometak dauzkagu. Azken biak, oro har, asteroide-gerrikoan eta Kuiperren gerrikoan daude, hurrenez hurren, […]
[…] Harvardeko behatokiko zuzendariak, emandako hitzaldietako batera joan zen. Hitzaldi horretan, Esne Bidearen egituraz mintzatu zen astronomoa eta neska gaztearengan astronomiarekiko jakin-min handia piztu […]