Henrietta Hill Swope, gure galaxiaren ateak ireki zituen astronomoa

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Bere mugak ez dira gure galaxian amaitzen; are gehiago, bidea irekitzen du eta ez dakigu non amaitzen den –mugarik baldin badu–. Unibertsoaren hedapenaren teoria onartuta dago, baina XX. mendearen hasierara arte ez zen hala izan. Ez genekien Esne Bidetik harago milaka milioi galaxia zeudenik ere. Gaur egun badakigu unibertsoa mugagabea dela eta urrunean beste galaxia batzuk daudela, hein batean, gaurko protagonistari esker. Henrietta Hill Swope da bera, zefeidak aztertu zituen astronomo estatubatuarra (zefeidak Lur planetatik ikus daitezkeen izar aldakorrak dira, gure planetatik oso urrun dauden distantziak neurtzeko balio dute).

Henrietta txikia eta bere erreferentziak

Henrietta Hill Swope (1902-1980) Missouriko familia aberats eta kultu batean jaio zen. Gerard Swope, bere aita, ingeniaria zen, eta General Electric teknologia enpresan egin zuen lan; enpresako presidentea izatera ere iritsi zen. Mary Hill-ek, Henriettaren amak, berriz, goi-mailako ikasketak egin zituen eta gizarte gaiekin konprometitu zen; hala, Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligan kargu bat izan zuen. Biak ala biak Hull-Houseko irakasleak izan ziren, non gizarte, hezkuntza eta arte arloetako programa oso berritzaileak garatu ziren. Henrietta txikia, beraz, ikasi nahi izateko eta bere gaitasunak gogokoen zuen eremu akademikoan garatzeko giro aproposean hazi zen.

Henrietta Hill
1. irudia: Henrietta Hill Swope astronomo estatubatuarrak zefeidak aztertu zituen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Zergatik hautatu zuen Astronomia? Horretarako arrazoietako bat familiaren udako bizilekua izan zen: Massachusetts-en iparraldean dagoen Nantucket irla. Izan ere, irlan hartan Maria Mitchell behatokia zegoen, Margaret Harwood astronomoak zuzendua. Zentroan, jende guztiarentzako mintegiak eta eskolak ematen zituzten eta Henrietta Harlow Shapleyk, Harvardeko behatokiko zuzendariak, emandako hitzaldietako batera joan zen. Hitzaldi horretan, Esne Bidearen egituraz mintzatu zen astronomoa eta neska gaztearengan astronomiarekiko jakin-min handia piztu zuen. Gero, amak bultzatuta, Henriettak Shapleyri idatzi zion, izarren inguruko ikasketei buruzko informazioa eskatzeko.

Harvard eta zefeiden azterketa

20ko hamarkadaren hasieran, Hill Barnard College (New York) unibertsitatean matrikulatu eta Matematikan lizentziatu zen, 1925ean. Ondoren, Chicagora itzuli, eta, Unibertsitateko Gizarte Zerbitzuen Administrazio Eskolan urtebetez aritu eta gero, Harvardeko Radcliffe College-n matrikulatu zen, Astronomiako maisutza eskuratzeko; 1928an lortu zuen.

Beka bati esker, Shapleyrekin batera izar aldakorrak aztertzen hasi zen –hau da, denborarekin distira eta tamaina aldatzen dituzten eta Lur planetatik ikus daitezkeen izarrak–. Han, Cecilia Payne-Gaposchkin eta Adelaide Ames lankideekin –astronomo bikainak haiek ere– adiskidetasun harreman handia izan zuen.

Henriettak, zehazki, zefeidak aztertu zituen; hots, denbora tarte laburretan –1 egunetik 50era artean– argitasuna modu erritmikoan aldatzen duten izar aldakorrak. Argitasunaren aldakortasuna izarren distantziarekiko proportzionala da; hortaz, aldaketa horiek behatzea baliagarria izan daiteke bai Esne Bidearen tamaina, bai beste galaxia batzuetarako distantziak neurtzeko.

Harvarden, izarren argazkiak behatuz aldaketa horiek kalkulatzen aditu bihurtu zen Henrietta. Objektu ugariren argitasuna eta pultsazio aldiak zehaztasun handiz kalkulatu zituen; 1927tik 1942ra bitartean, 1.600dik gora izar aldakor aztertzera iritsi zen, hain zuzen. Eta, epe horretan, inpaktu handiko artikuluak argitaratu zituen, Shapleyrekin batera. Adibidez, nukleo galaktiko masibo baten existentziaren lehenengo ebidentziei buruzko azterlana argitaratu zuten.

Bere grina, etenaldian

Ondo asko dakigu erreferentziazko pertsonak behar direla –etxe barrukoak nahiz kanpokoak– nor bere ametsak betetzen saiatu dadin, baina batzuetan ez dira nahikoak izaten hori lortzeko. Henriettaren kasuan, nahiz eta Harvarden astronomo lanetan aritu, gutxieneko soldata ordaintzen ziotenez, familiaren laguntza ekonomikoarekin biziraun behar izan zuen. Are gehiago, bizitza ia osoan, ezinbestekoa izan zuen laguntza hori astronomian lan egin ahal izateko.

Henrietta Hill
2. irudia: Henrietta Hill Swope, Las Campanas behatokira iristen, duPont teleskopioaren inauguraziora. (Irudia: Carnegie Astronomy. Iturria: Mujeres con Ciencia)

Garai hartan, baldintza ekonomiko eskasen eraginez, Henriettak Harvard utzi behar izan zuen. Hill, izarretatik urrunduz, MITeko erradiazio laborategian hasi zen lanean. 1942tik 1947ra bitartean, Bigarren Mundu Gerra bete-betean, LORAN itsas nabigazioko taulak kalkulatzen egin zuen lan Swopek. Estatu Batuetan sortutako irrati bidezko nabigazio sistema hiperboliko bat zen eta ohiko sistemak baino maiztasun baxuagoak erabiltzen zituen, Ozeano Barean itsasontzien eta hegazkinen arteko komunikazioak zehatzagoak izan zitezen.

Grinari berriz heltzea

1947an, MIT utzi eta berriz ere astroak aztertzen aritu zen. Lizentziatu zen erakundera itzuli zen, Astronomiako eskolak ematera, eta, halaber, Connetticut College for Women Unibertsitatean eskolak eman zituen.

1952an, Walter Baade izen handiko astronomo alemanak San Diegoko (Kalifornia) Palomar behatokira berarekin batera lan egitera joateko eskatu zion Henriettari. Hill bere ikertzaile laguntzailea izatea nahi zuen, Hale teleskopioak detektatutako izar aldakorren bidez izarren eboluzioa elkarrekin aztertzeko. Hillek, azkenean, nahiko modu independentean ikertu zuen eta argitalpen propioak idatzi zituen. Argitalpenen artean, Andromeda galaxiako 275 zefeidaren argi kurben analisia nabarmentzen da. Horren bidez, galaxia horretarako distantzia kalkulatu ahal izan zuen eta ordura arte kalkulatutako zehatzena izan zen: 2,2 milioi argi urte –gaur egun dakigunez, 2,5 milioi argi urtera dago–. Emaitza hark unibertsoaren tamainaren inguruko kontzepzioa aldatu zuen, eta nebulosa espiralak gure galaxiatik urrun dauden beste galaxiak batzuk direla –beraz, ez gure galaxiaren barruan kokatutako objektuak– egiaztatu zuen ebidentzietako bat izan zen. Henrietta Hill Swope gure galaxiaren ateak ireki zituen astronomoa izan zela esan dezakegu.

Alabaina, bere ibilbidearen amaierara arte, Henriettak ez zuen lortu ikertzaile lanpostu finkorik. Azkenean, 1968an eman zioten, Kaliforniako Teknologia Institutuan.

Erretiro eskuzabala eta aitortzak

Henrietta Hill
3. irudia: Henrietta Swope teleskopioa. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Erretiratu aurretik, Henriettak dohaintza handi bat egin zion Washingtongo Carnegie Institutuari, hegoaldeko hemisferioan behatoki astronomikoak garatu zitzan. Diruaren zati bat Txileko Las Campanas behatokiko teleskopioa eraikitzeko erabili zuten, zeina 1971n hasi baitzen jardunean, Henrietta Swope teleskopioa izenarekin.

Erretiratu zen urtean, 1968an, Henriettari Annie Jump Cannon saria eman zion Ameriketako Estatu Batuetako Astronomia Elkarteak, astrofisikan egindako ekarpenagatik.

78 urterekin hil zen, Pasadenan. Bere ondarearen zati handi bat Washingtongo Carnegie Institutuari utzi zion, Las Campanas behatokian mantentze-lanak egin zitzan eta erakundeak astronomia arloko ikerketan jarrai zezan.

Emakume hau izarren zale sutsua izan zen eta dena eman zion izarren azterketari; horren ondorioz, bai Esne Bidearen tamaina, bai haren zeruertzak hobeto ezagutu zituen. Eskerrik asko zure suhartasunagatik, Henrietta Hill Swope!

Iturriak:


Egileaz:

Maialen Muniozguren Puertas, UPV/EHUn Geologiako graduduna eta dibulgatzailea Zumaiako Flyschean.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko azaroaren 15ean: Henrietta Hill Swope, la astrónoma que abrió las puertas de nuestra galaxia.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

  • […] Henrietta Hill Swope astronomo estatubatuarrak zefeidak aztertu zituen, eta berari esker dakigu, hein handi batean, unibertsoa mugagabea dela eta urrunean beste galaxia batzuk daudela. Zefeidak Lur planetatik ikus daitezkeen izar aldakorrak dira, gure planetatik oso urrun dauden distantziak neurtzeko […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.