Zerura begira

Argitalpenak

Uxue Razkin

Ez dut gogoratzen zenbatetan itzuli naizen “Harvardeko kalkulagailuen” argazkiak ikustera. XIX. mendearen amaieran, Harvardeko Astronomia Behatokian emakumez osatutako talde baten jarduna behatzea berezia dela pentsatzen dut.

Euren lana imajinatzen laguntzen didate garaiko irudiek: zer idatzi zuten koaderno horietan? Eta zer ikusten ari ziren une hartan? Dokumentu bikainak dira, jakina, denborazko kapsula modukoak. Bada, argazkien antzera, emakume horiek egindako lanaren erradiografia ederra eskaini digu Dava Sobel idazleak El universo de cristal liburuaren bitartez.

Edward Charles Pickering (1846-1919) Harvardeko Astronomia Behatokiko zuzendariak gidatuta, izarrak zenbatu eta sailkatu zuen emakume astronomo eta matematikarien taldearen historia kontatzen da bertan. Besteak beste, Antonia Mauryk, Williamina Flemingek, Henrietta Swan Leavittek eta Annie Jump Cannonek egindako lanak azaltzen ditu Sobelek modu erraz eta argian.

Hamaika dira egin zituzten aurkikuntzak: izarren konposizioa identifikatu, berauen distantziak neurtu eta izarrak sailkatzeko sistema berri bat sortu zuten, egun indarrean dagoena, hain zuzen. Beste gauza batzuen artean, proiektu handi batez ere mintzo da liburua: izarren espektroen katalogoaz, alegia.

Astronomia Behatokian aurkituko du bere burua irakurleak ezinbestean. Begi aurrean, eszena osoa: Cannon teleskopiotik begiratzen, Maury koadernoan idazten, Pickering taldea zuzentzen… denak daude lanean, isilik. Eta gu, taularatutako obra bat izango balitz bezala ikusten ari gara dena. Liburu honek sortzen duen gauzarik politena zera da: astronomo hauen lanaz irakurtzean, zerua imajinatzeko gai garela.

Argitalpenaren fitxa

    • Izenburua: El universo de cristal. La historia de las mujeres de Harvard que nos acercaron las estrellas
    • Egilea: Dava Sobel
    • Itzultzailea: Pedro Pacheco
    • Argitaletxea: Capitan Swing
    • Orrialdeak: 392
    • ISBNa: 978-84-946453-1-0

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude