Antonia Maury (1866-1952): Izarrak ezagutzen zituen emakumea

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Sara Teasdale estatubatuarrak izarrak ezagutzen zituela aitortu zuen poema honetan:

I know the stars by their names

Aldebaran, Altair,

And I know the path they take

Up Heaven’s broad blue stair.

(Izarren izenak ezagutzen ditut / Aldebaran, Altair, / eta egiten duten bidea ezagutzen dut / zeruko eskailera urdin zabaletik.)

Oso jende gutxik esan eta baiezta lezake halakorik izarrei buruz; Nerudak agian, izan ere, Oda a una estrella poeman azaltzen duenez, gau batean, izar bat hartu eta poltsikoan gorde zuen haren edertasunarekin liluratuta zegoelako. Haatik, izarrei buruzko ezagutzaz ari bagara, “Harvardeko kalkulagailuen” lana nabarmendu beharko genuke. Hamahiru emakumek osatutako talde honek Harvardeko Astronomia Behatokian jardun zuen XIX. mendearen amaieran. Izarrak zenbatzea eta sailkatzea zuten xede –astro bakoitzaren distira, posizioa eta kolorea neurtzen zuten argazki-plakei esker–. Eta talde horretan bazegoen distira paregabea zuen emakume bat: Antonia Maury, zeruan galtzen ez zen astronomoa.

Antonia Maury
1. irudia: Antonia Maury gaztetan. (Argazkia: Vassar College – Domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Izar baten sorrera

Antonia Maury 1866an jaio zen, New Yorken, zientzia maite zuen familia batean. Astronomia miretsi zuen hasieratik bi pertsonari esker: alde batetik, haren aitona John William Draper dugu, 1840an Ilargiaren lehen argazkia egin eta New Yorkeko Zientzia Akademian aurkeztu zuen historialaria eta kimikaria. Beste aldetik, haren osaba Henry Draper; harekin ordu mordoxka igarotzen zuen laborategian. Mauryk bere patuari jarraituz, Vassar Collegen ikasi zuen. 1887an graduatu zen, Maria Mitchell astronomoaren babespean.

Ikasketak amaitu ostean, Harvardeko Behatokian hasi zen lanean beste emakume batzuekin batera. Bertako zuzendariak, Edward Charles Pickeringek, emakumeak bakarrik kontratatu zituen. Garai hartan arraroa zen halako irudi bat ikustea, hau da, kopuruari begira emakumeak gizonak baino gehiago izatea zientzia arloko lantalde batean. Halere, esan beharra dago Pickeringek ez zuela hori egin genero-berdintasunaren alde zegoelako, hark soilik enpresa-errentagarritasuna baitzuen buruan. Haren aburuz, emakumeak gizonak baino hobeak ziren, askoz ere zehatzagoak izarrak sailkatzeko lanean, alegia. Baina gizonek ez bezala, emakumeek gutxiago kobratzen zuten eta hori zen hark ikusten zuen abantaila nagusia.

Katalogo erraldoia

Garai hartan, Pickeringek proiektu handi bat zuen esku artean: izarren espektroen katalogoa amaitzea. Antoniaren osaba izan zen proiektu hori lehendabizikoz abiatu zuena, eta hura hil zenean, haren emaztea arduratu zen zeregin hori berriz martxan jartzeaz. Azkenean, Behatokiko arduradun berriak, Pickeringek, hartu zuen erreleboa eta horretan jardun zuten “Harvardeko kalkulagailuek”. Esaterako, Mauryk Ipar hemisferioko izar espektroak sailkatu zituen.

Lan horretan ziharduenean, Pickeringek izarrak sailkatzeko sistema alfabetikoa kontuan hartzea eskatu zion. Sistema hori haren kide Annie Jump Cannonek garatu zuen; bertan, izarrak zazpi mailatan multzokatzen ziren. Alabaina, Mauryk beste bide batetik jo zuen, prozedura konplexuago bat otu zitzaion: aurreko eskemak jasotzen ez zituen espektro bereizketa maila batzuk zeudela ikusi zuen eta horren kariaz, plan berri bat asmatu zuen. Hogeita bi talde irudikatu zituen tenperaturaren beheranzko sekuentzia batean, eta bertan, espektroak lerroen zabaleraren eta argitasunaren araberako sailkapena gehitu zuen.

Antonia Maury
2. irudia: Antonia Maury Harvardeko Behatokian. (Argazkia: Harvard College Observatory – Domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Sistemaren berrantolaketa hau ez zuen zuzendariarekin aurretik adostu eta hori egin zuela jakitean, Mauryrekin izugarri haserretu zen agindutako lana ez zuelako hark esan zuen moduan burutu. Egindakoa gustatu ala ez, ez dago zalantzarik lortutako emaitzak iraultzaileak izan zirela. Are gehiago, 1913an, Hertzprung-Russell diagrama sortu zenean, Maury zuzen zebilela frogatu zen. Horregatik, 1922an, Nazioarteko Astronomia Elkarteak bere sailkapena onartu nahi izan zuen, eta 1943an, William Wilson Morgan, Philip Childs Keenan eta Edith Kellman astronomoek Mauryk proposatu zuena aintzakotzat hartu zuten Draper katalogoa berriz aztertu zutenean (MK sistema). Urte berean, Annie J. Cannon saria jaso zuen estatubatuarrak.

Antonia Mauryk berrogei urtez jardun zuen “Harvardeko kalkulatzaile” gisa. Denbora tarte hartan, desadostasun handiak izan zituen Pickeringekin, baina ez zion inoiz garrantzi handirik eman, ez zuen horretan denbora galdu nahi. Karmelo C. Iribarren poetak Diario de K liburuan idatzi zuen moduan: “Onarpen hutsa jasotzen duzunean, joatea duzu onena (“Cuando solo te admiten, lo mejor es irse”). Eta hala egin zuen: 1890. urtean behatokitik alde egin zuen, baina ez behin betiko, aldizka itzuli baitzen, bere lana 1897an argitaratu zen arte. Horren ondotik, Miss Masson eskolan klaseak eman zituen eta Draper Park Museoaz arduratu zen. 1948an erretiroa hartu zuen baina hori egin aurretik, beste behin itzuli zen Harvardera laguntzaile gisa 1918an, jada Harlow Shapley behatokiko zuzendaria zelarik. 1933an, Beta Lyrae izarrari buruzko haren ikerlanik ospetsuenetakoa argitaratu zuen.

Iturriak:

  • Mujeres con ciencia. Antonia Maury (1866-1952): la mujer que conocía las estrellas, 2019ko maiatzaren 9a.
  • Masegosa, Josefa. Antonia Maury: Un espíritu libre, IAA 34, 2011ko uztaila.
  • Gulis, Mar. El ‘harén de Pickering’: 13 mujeres para la historia de la astronomía, 20 minutos, 2015ko empinaren 22a.
  • La historia del mayor programa de búsqueda y estudio de estrellas variables de todos los tiempos fue escrita por mujeres, GEA.
  • Ferrer, Sandra. La exploradora de las estrellas, Antonia Maury (1866-1952), Mujeres en la historia, 2014ko martxoaren 6a.

  • Egileaz:

    Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

    Utzi erantzuna

    Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.