Chagasen gaixotasuna Europan, endemikoa ez izan arren kontuan hartzekoa

Argitalpenak · Dibulgazioa

Chagasen gaixotasuna, tripanosomiasi amerikarra bezala ere ezaguna dena, 1909. urtean Carlos Chagas mediku brasildarrak aurkitu zuen eritasun tropikala da. Gaitz hau parasito-infekzio kroniko eta sistemikoa da eta Latinoamerikan 8 milioi pertsona ingururi eragiten dio.

Chagasen gaixotasuna
1. irudia: Trypanosoma cruzi parasitoak sortzen du Chagas gaixotasuna, intsektu bektoreak baliatuta.

Populazio honen % 30 eta % 40 inguruk kalte organiko desberdinak pairatuko ditu. Eritasuna hainbat ornodun basatitatik triatomino deituriko intsektuen bitartez gizakira transmititzen da Chagasen gaixotasuna endemikoa da Amerikako 21 herrialdetan eta Estatu Batuetako hegoaldetik argentinar Patagoniara zabaltzen da. 70 milioi pertsona baino gehiago daude eritasun hau pairatzeko arriskuan, batez ere landa ingurunean. Azken 40 urteetan, mundu mailako osasun-arazo bilakatu da Latinoamerikatik Europa, Estatu Batuak, Kanada eta Japoniara gertatu diren migrazio-fluxuen ondorioz.

2. irudia: Trypanosoma cruzi-en bizi-zikloa. (Irudia: AEBko CDC erakundearen irudia, moldatua).

Lan honetan, hain zuzen ere, gaixotasun honek Europan dituen ezaugarriak eta bere prebentzio eta kontrolerako dauden neurrien berrikuspena aurkezten dugu. Europa bezalako eremu ez endemikoetan parasitoa transmititzeko moduak:

  • Sortzetiko transmisioa (amak umekiari).
  • Organoen transplantea.
  • Odol-transfusioa.

Europan, zonalde endemikoetako etorkin gehienak Espainiako Erresuma, Italia, Frantziako Errepublika, Erresuma Batua eta Suitzan biltzen dira. 2008. urtean, 38 milioi etorkin baino gehiago bizi ziren Europan (horien erdiak inguru Espainiar erresuman) eta horien % 11 latinoamerikarra zen.

Euskal Herrian, zehazki, zonalde horretako jatorria duten 110.000 lagundik gora daudela kalkulatu dugu. Europan burutu diren seroprebalentziaren ikerketa konbinatuek % 4,2 inguruko prebalentzia orokortua adierazten dute eta prebalentzia altuena (% 18,1) jaioterria Bolivian duten banakoei dagokie. Hala eta guztiz ere, Europako herrialde gehienetan gaixotasuna ez da kontuan hartzen eta honen adierazgarri dira detekzio-programen gabezia eta diagnosi eta tratamendua izateko aukera eskasia. Etorkin latinoamerikar gehien dituzten Europako herrialdeek beraien legedia aldatu eta jokaera protokolo desberdinak garatu dituzte.

Sortzetiko transmisioari dagokionez, orokorrean ez dago baheketa edo jagoletza eskatzen duen legedirik Europako herrialdeetan. Salbuespenak bost dira: Espainiako Erresumako hiru autonomia erkidego (Katalunia, Galizia eta Valentzia), Italiako eskualde bat (Toskana) eta Suitzako hiri bat (Geneva).

Odol-transfusioei dagokionez, hainbat herrialdetan egiten da kutsatuta egoteko arriskua duen odolaren analisi sistematikoa. Neurri hau inplementatu zuen lehenengoa Erresuma Batua izan zen, 1999. urtean. Ondoren, Espainiako Erresuma, Frantziako Errepublika, Suedia, Suitza; eta, azkenik, Belgika gehitu ziren araudi honetara.

Azkenik, organo solidoen transplanteari dagokionez, ez dago legerik. Hiru dira beraien gidalerroetan Chagasen gaixotasuna nola kontrolatu gomendatuz atal espezifikoa gehitu duten transplanteen erakundeak; eta horiek Espainiako Erresuma, Italia eta Erresuma Batuko erakundeak dira. Ondorioz, herrialde hauetako organo-emaileak modu erregularrean aztertzen dira. Azpimarratzekoa da neurri hauek guztiak ez direla nahikoak, ez baitute bermatzen etorkizunean transmisio kasurik ez izatea.

Amaitzeko, ezaugarri epidemiologikoei dagokienez, nahiz eta populazioaren heterogeneotasuna nabaria den, gaixoen gehiengoa adin ertaineko emakumeak direla ikusi da. Beraz, populazioa gaztea izateak arazo larriak ekar ditzake osasun-sistemarentzat, hainbat ikerketatan paziente asintomatiko ehuneko oso altua behatu delako. Gaixo horietako batzuk kalte organikoa dagoen fasera igaroko dira eta aldi honetan tratamendua ez da batere eraginkorra.

Hori dela eta, kasuen detekzio goiztiarra ezinbestekoa da osasun-sistemaren etorkizuneko arazoak saihesteko. Gainera, adin ugalkorrean daudenez, sortzetiko transmisioa ekiditeko protokoloaren berebiziko premia dago. Laburbilduz, gauza batzuk egin diren arren, oraindik asko dago egiteko. Prebentzioan eta lehen mailako arretan oinarritzen den legedi europar komunean dago gakoa.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 36
  • Artikuluaren izena: Chagasen gaixotasuna Europan, endemikoa ez izan arren kontuan hartzekoa
  • Laburpena: Chagasen gaixotasuna, tripanosomiasi amerikarra izenez ere ezagutzen dena, Carlos Chagas mediku brasildarrak 1909. urtean aurkitu zuen eritasun tropikala da. Intsektu bidez transmititzen da eta morbimortalitate-tasa altua du. Infekzioa endemikoa da Latinoamerikan, batez ere landa-ingurunean. Azken 40 urteetan, mundu-mailako osasun-arazo bilakatu da Latinoamerikatik Europa, Estatu Batuak, Kanada eta Japoniara izan diren migrazio-fluxuen ondorioz. Lan honetan, hain zuzen ere, gaixotasun honek Europan dituen ezaugarriak eta haren prebentziorako eta kontrolerako dauden neurrien berrikuspena aurkezten dugu. Europa bezalako eremu ez-endemikoetan parasitoa transmititzeko moduak sortzetiko transmisioa (amak umekiari), organoen transplantea eta odol-transfusioa izan daitezke. Europan, eskualde endemikoetako etorkin gehienak Espainiako Erresuma, Italia, Frantziako Errepublika, Erresuma Batua eta Suitzan biltzen dira. Europan egin diren seroprebalentziaren ikerketa konbinatuek % 4,2 inguruko prebalentzia orokortua adierazten dute, eta prebalentzia altuena (% 18,1) jaioterria Bolivian duten banakoei dagokie. Hala eta guztiz ere, Europako herrialde gehienetan gaixotasuna ez da kontuan hartzen eta honen adierazgarri dira detekzio-programen gabezia eta diagnosia eta tratamendua izateko aukera eskasia. Etorkin latinoamerikar gehien dituzten Europako herrialdeek beren legedia aldatu eta jokaera-protokolo desberdinak garatu dituzte; baina, hala ere, neurri hauek ez dira nahikoak, ez baitute bermatzen etorkizunean transmisio kasurik ez izatea. Azkenik, ezaugarri epidemiologikoei dagokienez, gaixo gehienak adin ertaineko emakumeak direla ikusi da. Beraz, populazioa gaztea izateak arazo larriak ekar ditzake osasun-sistemarentzat, hainbat ikerketatan paziente asintomatikoen ehuneko oso altua behatu delako. Gaixo horietako batzuk kalte organikoa dagoen fasera igaroko dira eta aldi horretan tratamendua ez da batere eraginkorra. Hori dela eta, kasuen detekzio goiztiarra ezinbestekoa da osasun-sistemaren etorkizuneko arazoak saihesteko.
  • Egileak: Gorka Gomez eta Felix Olasagasti
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 311-330
  • DOI: 10.1387/ekaia.20704

Egileez:

Gorka Gomez eta Felix Olasagasti UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko ikertzaileak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.