Henriette Avram, liburutegietako informazioa partekatzeko sistema garatu zuen programatzailea

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuaren Liburutegian dago egoera bikainean geratzen diren Gutenbergen Bibliaren lau kopietako bat, inprentak ekarritako iraultzaren sinbolo gisa. Inprentak, izan ere, iraultza ekarri zuen ezagutzaren arloan, idatzizko letra orokortzeko eta denen eskura jartzeko aukera eman baitzuen. Seguruenera, liburutegi hartako langile guztiek jakingo dute non dagoen liburu hori, baina ezin izango du edonork eskuetan hartu, haren segurtasuna bermatzeko.

Henriette Avram
1. irudia: Liburutegi batzuek ehunka kilometro lineal izan ditzakete apaletan. Liburuz beteta dauden apal horietako obrak bilatzea, sailkapen hamartar unibertsaleko sistemei esker da posible. (Argazkia: Michal Jarmoluk – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Beste liburu batzuk aurkitzea ez da horren erraza izango. Munduko liburutegi handienetako bat da hura: hiru eraikin hartzen ditu eta ia 160 milioi titulu dauzka; eta, haien artean, 37 milioi liburu inguru, 470 hizkuntzatan, gehi eskuizkribuak, liburu bitxiak, egunkariak, aldizkariak eta era guztietako dokumentu idatziak. Pentsatu zer litzatekeen haren apalategietan eta artxibategietan liburu zehatz baten bila aritzea. Edozein etxetako bilduma, bere autoreen sailkapen alfabetikoarekin edo gaikako antolamenduarekin, oso urrun geratzen da horrenbesteko informazio masatik, eta antolatzean eta handik aurrera partekatu ahal izatean datza haren balioa.

Horixe lortu zuen, hain zuzen, 1960 eta 1970 urte haietan Henriette Avram programatzaile informatiko eta sistemen analistak, MARC (MAchine-Readable Cataloging edo makinak irakur dezakeen katalogazioa) formatua garatu zuelako ospetsua egin zenak: informazio bibliografikoa kudeatzeko nazioarteko estandarra bihurtu zen hura, liburuzainen langintza erraztu zuen, eta katalogoak abiapuntutzat hartuz beste liburutegi batzuekin datuak eta iturriak partekatzeko aukerak ugaritu zituen. Haren sistemak ordezkatu egin zuen liburutegi askok erabili ohi zuten eskuz idatzitako txartelen sistema tradizionala, tiradera handitan jasota egoten ziren haiena.

Belaunaldi aitzindari bat, programatzen ikasten

New Yorken jaio zen Avram, 1919an, Henriette Davidson izenarekin, eta medikuntzarekiko grinarekin hazi zen. Maiz joaten zen auzoko liburutegira eta osasun zientziekin zerikusia zuten liburuak irakurtzen zituen. Medikuntza aurreko bi urte ere egin zituen bertako unibertsitatean, baina, garai hartako emakume askok bezala, 21 urterekin ezkondu eta gero utzi egin zituen ikasketak. Bigarren Mundu Gerraren urteak ziren.

Henriette Avram
2. irudia: Henriette Avram (1919-2006) programatzaile informatikoa eta sistema-analistak MARC (Machine Readable Cataling) formatua garatu zuen AEBko Kongresuaren Liburutegirako. (Argazkia: Library of Congress – Iturria: Wikipedia)

1952an, senar-emazteak eta bi semeak Washingtoneko bizitegi auzo batera joan ziren bizitzera. Avramen senarra, gerrako beterano dominaduna, matematikari trebea eta xake jokalaria, han hasi zen NSA-Segurtasun Agentzia Nazionalarentzat lan egiten. Bertan, George Washington Unibertsitateko hainbat matematika ikastarotan matrikulatu zen Henriette, eta, azkenean, NSArentzat lan eginez amaitu zuen berak ere. Programatzen ikasten ari zen belaunaldi aurrendari bateko kide bihurtu zen.

«Orduan programazioa ikastea ez zen orain bezala», esan zuen 1989ko adierazpen batzuetan:

«Zeure kasa ikasi behar zenuen, egokienak ez ziren lanabesekin. […] oso gutxik lortzen zuten ikasi eta programatzaile bihurtzea».

Handik, sistemen analista edo programatzaile postuetara igaro zen, Amerikar Ikerkuntza Bulegora (American Research Bureau) eta garai hartan Estatu Batuetan softwaregintzan ziharduen Datatrol enpresa handira. Hantxe ahalegindu zen lehen aldiz liburutegi batean ordena ezartzen, hain zuzen ere enpresaren liburutegian. Jardun horretan, katalogoekin eta erreferentzia bibliografikoekin aritzera ohitu zen, eta, aldi berean, erreferentzia horiek ordenatu eta partekatu ahal izateko lanabes baten arra piztu zitzaion.

Nola antolatu egundoko liburutegi bat

Interes horri eutsiz, 1965ean, eta liburuzaintzan inolako esperientziarik izan gabe, sistemen analista moduan hasi zen lanean Kongresuko Liburutegian. Han, liburutegi guztietan zerabilten katalogo estandarra hartu, eta haren elementuak kodifikatzeari ekin zion, makina batek irakurtzeko moduko eremu eta etiketatan banatuz. Ordurako, liburutegiek bazerabilten katalogazio partekatuaren ideia. Horren arabera, elementu bakoitza behin bakarrik katalogatu behar du erakunde batek, eta gero, nahi izanez gero, beste erakunde batzuekin partekatu ahal izango du.

Eskema horretan, Estatu Batuetako liburutegi publikoen sarearen biltegi nagusia zen Kongresuko Liburutegia, eta haren katalogazio lanaren emaitzak helarazteko eta beste liburutegi batzuen eskakizunak bidaltzeko eta erantzuteko balio zuen posta zerbitzuak. Avramen sistemak aukera ematen zuen informazioa konputagailu batek irakur zitzakeen zinta zulodunetan banatzeko, eta, ondoren, FTP bidez (sarean barrena artxiboak transferitzeko protokolo bat) bidaltzen ziren artxibo handiagoetan.

Henriette Avram
3. irudia: Henriette Avram programatzailea 1967. urtean, 9 300 erregistro dituen zinta magnetikoko bat aurkezten Britainia Handiko Bibliografia Nazionaleko Richard Coward arduradunari. (Argazkia: American Library Association – Iturria: Women of Library History)

Avramek sortu zuen MARC sistemak eutsi egin zion liburuzainek erabiltzen zituzten kartoi mehezko txartelen xumetasunari, eta, hain zuzen ere, horregatik izan zuen halako arrakasta. Gaur egun, gainera, oraindik ere erabiltzen da estandar hori. Formatuaren aldaketa batek (disketeetatik CDetara, VHS zintetatik DVDetara, disko gogorretatik lainora…) informazio preziatua galaraz dezakeen garaiotan, informazio bibliografikoa artxibatzeko formatu estandarizatu bakarra izaten jarraitzen du MARCek.

MARC 1968an ezarri zen programa pilotu moduan, eta 1970ean txertatu zen sistema. Hamarkada bat igarotzerako, herrialdeko liburutegi handi guztiak harekin ari ziren lanean. Praktikan, Avramen lanari esker liburutegietako bildumak eskuragarriago jarri ziren nola ikertzaile eta akademikoentzat, hala publikoarentzat oro har, liburutegien arteko mailegu programak erraztu egin ziren, eta ahalbidetu zuen jendeak, ordenagailu baten aurrean eserita, mundu osoko liburutegietako bildumak arakatu ahal izatea.

«Bazuen leialtasuna eta errespetua sorrarazten zituen zerbait»

1971n, Margaret Mann Citation saria irabazi zuen Avramek, katalogazioaren arloko saririk ospetsuena. Liburuzaina ez zen norbaiti eman zioten lehen aldia izan zen hura. 1971n, nazioarteko estandarra bihurtu zen MARC.

Sistema doitzeko eta hobetzeko lanean jarraitu zuen Avramek, 1992an erretiroa hartu zuen arte. Une hartan, 1.700 pertsonako lantalde baten burua zen, eta, halaber, liburutegiaren eta haren sareen funtzio automatizatu gehienen arduraduna. Garai hartako bere lankideetako batzuek esaten dute dinamo bat bezalakoa zela. «Emakume txikitxoa zen, baina sekulako energia zuen. Bazuen leialtasuna eta errespetua sorrarazten zuen zerbait».

Erretiroa hartu ondoren, Kaliforniara lekualdatu zen familia, Maryland estatuko eskualde batera; eta han, berak eta bere senarrak maiz parte hartzen zuten St Mary’s Collegeko klaseetan, eta haietara ekarri ohi zituen hizlari Kongresuko Liburutegiko goi kargudunak.

Minbiziak jota hil zen Avram, 2006ko apirilaren 22an.

Iturriak:


Egileaz:

Rocio P. Benavente (@galatea128) kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko apirilaren 22an: “Henriette Avram, la programadora que ayudó a los bibliotecarios a organizar y compartir sus libros“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

  • […] Liburutegi batzuek ehunka kilometro lineal izan ditzakete apaletan. Bertan biltzen diren liburuak antolatzea eta partekatu ahal izatea da liburutegien balio handiena. Horretarako, Henriette Avram programatzaile informatiko eta sistemen analistak MARC formatua (MAchine-Readable Cataloging -makinak irakur dezakeen katalogazioa-) garatu zuen […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude