Hezurretan idatzitako erasoak, liskarrak, segadak…

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Jebel Sahabako hilerria da Niloko ibarreko hilobi-gunerik zaharrena. Gune hau duela 13 400 eta 18 600 urte bitartekoa da. Eskeletoen lehen azterketak duela sei hamarkada egin ziren eta emaitzek indarkeriaren arrastoak erakutsi zituzten, lurperatutako banakoen erdien kasuan, gutxienez.

Jebel
Irudia: Hilobi bikoitzaren irudia. Bertan arkatzen bidez tresna litikoak aurkitzen ziren kokapena adierazten da. (Argazkia: © British Museum, Wendorf Artxiboa. Iturria: CNRS)

Jebel Sahabako hilobietan Qadan kulturan ohikoak ziren harrizko tramankuluak ere bazeuden. Hauek, gorputzean ehun bigunek hartu zuten tokietan zeuden eta, batzuetan, hezurretan bertan sartuta. Posizio honen arabera, tresnak ez ziren hilobi-objektuak; gainera, lurperatutako gizabanakoak ez ziren Qadan kulturakoak, beste kultura batekoak baizik.

Hilerria 1960ko hamarkadan induskatu zen lehen aldiz, eta indarkeria eta gerra antolatuaren lekukotzat hartu da. Duela gutxi aztertu dituzte berriz ehorzketaren aztarnak eta ondorio interesgarriak atera dituzte.

Besteak beste, egiaztatu dute identifikatutako lesioen jatorria pertsonen arteko indarkeria izan zela, eta gehienak jaurtigaiek eragin zituztela. Gutxi gorabehera, indibiduoen laurden batek traumaren baten zantzuak zituen hil baino lehentxeago, eta ia bi herenek aurreko traumak erakusten zituzten, sendatuak edo sendatu gabeak (seinale hauek sexu edo adinarekiko independenteak ziren, lau urte baino gutxiagoko haurrak barne zeudelarik). Bestalde, hobi bakoitzari lotutako harrizko objektuak jaurtigai baten parte izandakoak ziren (geziak edo lantzak). Behaketek iradokitzen dute agresioak ez zirela gertatu talde berbereko kideen artean edo familien barruan, baizik eta beste giza talde batzuen erasoen ondorioz izan zirela.

Hobi batzuk bikoitzak edo aniztunak ziren arren, eta, seguruenik, hilobietan ehortzitako subjektuak aldi berean hildakoak izan, datu demografikoek eta geroago ehorzketa berriek eragindako aldaketak iradokitzen dute hilerriak ez dituela soilik gerra bakar bateko giza aztarnak.

Ezin da baztertu Jebel Sahabako hilerria indarkeriaren biktimak ehorzteko tokia izatea, baina lurperatutako gizabanakoek zituzten sendatutako zauri ugariek adierazten dute behin baino gehiagotan eraso zituztela. Horrez gain, hileta-espazioa berrerabiltzeak ideia hau indartzen du: pertsonen arteko noizbehinkako indarkeria kasuak jazo zirela behin eta berriz. Gainera, zauriak gorputzaren aurreko eta atzeko aldean gertatu ziren, beraz, ez dirudi jatorria bi talderen arteko aurrez aurreko liskarretan zegoenik. Horregatik, litekeena da gehienak liskarren, razzien (erasoaldi) edo segaden ondorio izatea.

Pleistozenoaren amaieran eta Holozenoaren hasieran Niloko ibarrean aurkitutako objektuek erakusten dute tradizio kultural desberdinak zeudela inguruan, eta horrek iradokitzen du giza taldeen nolabaiteko zatiketa eta isolamendua.

Gainera, ehorzketa handien esan nahi du sedentarismo maila bat hedatu zela, eta oso litekeena da lehia handia egotea ehizatik, arrantzatik eta fruituen bilketatik bizi ziren taldeen artean, Azken Maximo Glaziarraren amaieran (duela 20 000 urte inguru) eta Afrikako Periodo Hezearen hasieran (duela 16 000-6 000 urte) gertatu ziren ingurumen-aldaketei aurre egin behar izan zietenean.

Ezaugarri kultural desberdinak zituzten giza taldeen arteko indarkeriazko gertaera errepikakorrak, lehia gogor horren ondorio zuzena izango ziren. Hau da, sasoi hartan izandako ingurumen-aldaketen eraginez. Aipatutako gertakariak duela 15 000 urte inguru jazo ziren, baina etengabe suertatu dira hainbat modutan eta eskala desberdinetan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Crevecoeur, I., Dias-Meirinho, MH., Zazzo, A. et al. (2021). New insights on interpersonal violence in the Late Pleistocene based on the Nile valley cemetery of Jebel Sahaba. Scientific Report, 11 (1), 9991. DOI: 10.1038/s41598-021-89386-y


Egilea

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.