Asteon zientzia begi-bistan #354

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

piramide

Zientzia

Definizio formalak dio piramide bat oinarrian poligono bat duen edozein solido dela. Eta, poligonoaren aurpegiak, zein aldeak puntu bakar batean elkartzen diren triangeluak direla, hau da erpinean. Definizio horrez gain badaude bestelako piramideak: nutrizio piramidea, Maslowen piramidea, populazioaren piramidea eta ikerkuntzaren piramidea ere. Ikertzaile askoren bidea irudikatzen duen figura, aldats gorakoa. Hala ere, bideari ekin dioten hainbat ikertzailek beraien lana plazaratu dute UEUk antolatu duen IkerGazte kongresuan eta Jakes Goikoetxea kazetariak so eginez, Berrian azaldu digu: ikerkuntzaren piramideak baduela oinarria gurean.

Matematika

Piramidearen oinarri poligonalak badu matematikekin harremana. Matematikak baditu figura famadunak, denok ezagutzen ditugun horiek. Beraien artean dugu zenbaki irrazional bitxi bat: “pi. Pi zirkunferentzia baten luzeraren eta haren diametroaren arteko erlazioa (zatidura) bera da edozein delarik horretarako erabiltzen dugun zirkunferentzia. Javier Duoandikoetxea matematikariak sarritan izan du ahoan zenbakia eta asteon kontatu du Zientzia Kaieran, Pi zenbaki agortezina dela.

Paleontologia

Frantziako eta Erresuma Batuko ikertzaileek Pleistozeno berantiarreko indarkeria-zeinu berriak aurkitu dituzte Jebel Sahabako hilerriko eskeletoak aztertu ondoren. Ikertzaileen ustez, badirudi pertsonen arteko noizbehinkako indarkeria kasuak jazo zirela behin eta berriz. Horren arrazoietako bat, klima-aldaketak eragindako baliabide eskasia izan zela uste dute, janaria lortzeko lehiak borrokak eragin zituelarik. Juan Ignacio Pérez biologoak kontatu digu: Hezurretan idatzitako erasoak, liskarrak, segadak…

Meteorologia

Lurrean egunero, gutxi gorabehera, 44 000 ekaitz izaten dira, eta hauen ondorioz 8 600 000 tximista. Hau da, 100 oinaztarri erortzen dira segundoko. Baina guztiak ez dira lurrera heltzen. Aurreko astean izan genuen zeruak argitu zituen tximisten festa. Onintze Salazar meteorologoak Berrian azaldu du tximistak funtsean deskarga elektriko bat direla eta deskarga elektriko horien bidez oreka berreskuratzen dutela hodeiek. Ane Insausti kazetariak argitaratu ditu nondik norakoak: Tximista bat oreka lortzeko.

Biologia

Egun, planetako animalia mehatxatuenetako bat da euskaldunek harrapatzen zuten balea. Sardako balea, euskaldunen balea bezala ezaguna da. Haren izena, agian, urtean zehar migrazioa zela eta Bizkaiko Golkoko ura zehartzen zutenean, arrantzaleen pieza preziatua zelako izango da. Euskaldunen baleek, Eubalaena glacialis, 36-72 tona tarteko pisua du, 15-17 metroko luzera eta 270 balea-bizar zituzten. Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu digu azken 40 urteetan tamainaz txikitu egin direla giza jarduerak eragiten dien estresa dela eta.

Baleak albo batera utzi eta Ana Galarragak irakurri eta ezustean harrapatzen zaituen gai bat ekarri digu: entzefaloak eta barrabilek uste baino gauza gehiago dituztela elkarren artean, hau da, elkarren arteko antza ere badutela. Izan ere, 33 giza-ehun motaren artean, entzefaloak eta barrabilek dute proteina komun gehien. Elhuyar aldizkarian: Entzefaloa eta barrabilak, diruditen baino antzekoagoak.

Ingurumena

Klima eta biodibertsitate krisiei batera erantzutera dei egin dute zientzialariek. Aurrekoa, Iñaki Petxarroman kazetariaren titularra da, Berrian guztioi zuzendu digun deiadarra. Klima-aldaketa eta biodibertsitatearen galera gizakion jarduerak eragindako arazoak dira. Arazoei konponbidea ematea dagokigu eta horretarako, naturarekin dugun harremanak aldaketa sakon bat behar du. Zientzialariek ustez, besteak beste, geratu egin behar dugu karbono aberastasun handia duten ekosistemen degradazioa; ekosistema batzuk leheneratu behar ditugu eta lurraren erabilerari arreta jarri behar zaio, nekazaritza eta basozaintza iraunkorrak bultzatuz.

Mikrobiologia

Egoitz Etxebestek gai interesgarri bat plazaratu du Elhuyar aldizkarian. Afrika eta Asiara bidaiatu duten Herbehereetako 190 pertsonen gorotz laginak aztertuz, ikertalde batek ikusi du bidaiari horiek etxerako bueltan, sendagaien aurka erresistentzia garatu duten mikroorganismoak ekarri dituztela euren hesteetan. Xehetasunak, bidaiariek mikroorganismo erresistenteak hedatzen dituzte artikuluan.


Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude