Elikatzeko onddoak lantzen dituzten kakalardoak badira. Anbarean harrapatutako fosilak aztertu ondoren, ikertzaile talde batek ondorioztatuta du harreman hori uste baino zaharragoa izan daitekeela, eta duela 100 milioi urte hasi zela.
Gutxitan erreparatzen diegu kakalardoei, baina zenbait espeziek portaera guztiz bitxiak dituzte, batez ere haien ondorengoak babestu behar dituztenean. Portaeren artean, agian ezagunena kakalardo pilotagileena da. Intsektu horiek gorotzak bilatzen dituzte, eta, horiekin pilotak sortzen dituzte, bertan arrautzak jarri eta, larbak jaiotzean, jatekorik izan dezaten. Antzeko zerbait egiten dute kakalardo sarraskijaleek. Kasu honetan, gorotza beharrean, hilik aurkitutako animalien gorpuak baliatzen dituzte, horiek lurperatuz, haien larbek bazka egokia izan dezaten. Animalien hondarrak handiegiak direnean, lurperatu beharrean, zerraldoetan edo inguruetan arrautzak jartzen dituzte. Entomologo forentseek ederki dakiten moduan, gainera, kakalardoak ez dira horrelako gauzak egiten dituzten intsektu bakarrak.
Portaera bitxien katalogoan, baina, bada oinarrizko planteamenduan bederen gugandik askoz gertuago egon daitekeen beste bat: kakalardo espezie batzuk onddoak lantzen dituzte; hortaz, zentzu batean, esan liteke beraiek ere, gizakiok bezala, nekazariak direla. Anbrosia izeneko onddoak (Fusarium generoa) lantzen dituztenez, kakalardo hauek anbrosia kakalardo gisa ezagunak dira (teknikoki, Scolytinae eta Platypodinae azpifamilietan biltzen dira intsektu hauek).
Elkarlanaren abiapuntua sinplea da: kakalardoek zuhaitzetako enborrak zulatzen dituzte, bertan arrautzak jarri eta babestutako ingurune egokia izateko. Hobia zulatzean, anbrosia onddoaren esporak zabaltzen dituzte. Onddo horiek izango dira helduen zein kakalardo larben bazka. Hori ez ezik, behin nagusitzen direla eta etxetik alde egiteko unea iristen zaienean, heldu berriek beraiekin eramango dituzte onddoen esporak, haien enbor berriaren barruan ereiteko. Kakalardoak ez dira ogibide honetan trebatuta dauden intsektu bakarrak: termita, labezomorro eta inurri espezie batzuk ere onddoak lantzen dituzte.
Prozesua ezagutzen bada, oraindik badira hutsune asko intsektu hauen ezagutzan. Haien jardun gehiena zuhaitzen barruan egiten dutenez, ez da erraza haien portaera aztertzea. Haien zuhaitz barruko bizipenez lortu diren datu apurrek, halere, erakusten dute hein batean portaera soziala ere badutela.
Bada, kakalardoen kasuan, harreman sinbiotiko hau uste baino zaharragoa izan daitekeela proposatu dute Bartzelonako eta Bergengo (Norvegia) Unibertsitateetako ikertzaileek Biological Reviews aldizkarian.
Orain arte, zientzialariek kalkulatu dute kakalardoen eta onddoen arteko harremana duela 50 milioi urte hasi zela. Horretarako, baina, ikerketa filogenetikoetan oinarritu dira. Hau da, biziaren zuhaitzean atzera jo dute, espezie batetik bestera zer puntutan desberdintzen diren kalkulatuz, eta, horren arabera, denbora estimazioak egin dituzte. Beste zenbait ikerketek are atzerago jo dute, harreman sinbiotiko hori duela 86 milioi urte hasi zela proposatuz.
Orain, ikertzaile hauek proposatu dute harremana duela 100 milioi urte hasi zela. Argudiatu dutenez, Kretazeoan bazen harreman mota hori onddoen eta intsektu batzuen artean, baina, orain arte, lotura hori igarri ez dela argudiatu dute.
Ondorio horretara iristeko, erregistro paleontologikora jo dute. Kretazeoan datatutako anbaretan harrapatuta geratu diren fosilak aztertu dituzte, eta konturatu dira anbrosia onddoak gaur egun nekazaritza jardun horretan aritzen diren kakalardo motak baino zaharragoak direla. Horregatik, sinetsita daude garai horietan bestelako intsektu batzuk izango zirela onddo horiek zabaltzea ahalbidetzen zutenak.
Aurreko beste hainbat ikerketatan ikusi izan dute badirela anbrosiaren kakalardoaren antzeko portaerak dituzten beste koleopteroak (batez ere, Lymexylidae familiakoak). Horiek zaharragoak dira erregistro fosilean. Egileen irudikoz, horiek izan daitezke iragan urrun horretan onddoak landu zituztenak.
Ikertzaileek egin duten azalpenaren arabera, Kretazeoan onddo zein egurraz elikatzen ziren kakalardo ugari bizi ziren, eta horrek ahalbidetu zuen intsektuek esporak enbor batetik bestera garraiatu izana. Denborarekin, “bientzako onuragarri zen harreman hori eboluzionatu zen, intimoagoa zen sinbiosi mota batera”, azaldu dute egileek prentsa ohar batean. Horrela, eta beti ere eboluzioari lotutako hizkera erabilita, kakalardoek onddo horiek etxekotu zituzten.
Ikerketa honen interesa ez da zientziaren alorreko jakin-mina asetzera mugatzen. Izan ere, kakalardo hauek baso eta zuhaitz sail ugaritan izurriteak sortzen dituzte, eta, horregatik, premiazkoa da bizidun hauen portaera ondo ulertzea, ekosistemetan eta jardun ekonomikoetan sortzen diren galerak gutxitu aldera. Baina, horretaz gain, enbor baten barruan garatzen den jardun ikusezin hori azaleraztea ere soberako arrazoia da gehiago ikasteko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Peris, D., Delclos, X. and Jordal, B. (2021). Origin and evolution of fungus farming in wood-boring Coleoptera – a palaeontological perspective. Biological Reviews. DOI: https://doi.org/10.1111/brv.12763
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] Juanma (2021). Kakalardo nekazarien lan isilak milioika urte ditu, Zientzia Kaiera, 2021eko uztailaren […]