Kakalardoekiko neurrigabeko zaletasuna

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Milioi eta erdi espezie inguru deskribatu dira animaliak sailkatzeko erabiltzen ditugun 33 filumetan (edo talde handiak). Espezie horietako milioi bat eta berrehun mila, filum bakarrari dagozkio, artropodoei hain zuzen ere. Eta espezie horietako milioi bat inguru klase bakarrari dagozkio: Insecta.

Zenbaki horrek zer esan nahi duen jakiteko, nahikoa da honakoa azaltzea: protisto, landare, onddo eta animalia espezie guztien erdiak baino gehiago intsektuak dira, hau da, intsektuak dira organismo eukariotikoen erdiak baino gehiago (nukleodun zelulak dituzten organismoak dira eukariotikoak). Oraindik ere gizakiak ez ditu ezagutzen existitzen diren intsektu espezie gehienak eta kalkulatzen da guztira sei eta hamar miloi artean izan daitezkeela, agian, animalia espezie guztien % 90 baino gehiago.

Irudia: Intsektu bilduma bat. (Argazkia: Domianick – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)

Orain arte ezagututako intsektuak 35 ordenatan sailkatzen dira, eta horietako 28 ordenaren ordezkari bizidunak daude. Bada, espezie mota gehien dituen intsektua, kakalardoa (Coleoptera) da, 400.000 ingururekin. Hori bai, urtero-urtero 2.000 espezie berri deskribatzen dira, eta, egindako estimazioen arabera, litekeena da errealitatean hiru milioitik gora kakalardo espezie izatea.

Orain dela 300 milioi urte inguru sortu ziren koleopteroak. Hori bai, orain dela 120 eta 100 milioi urte inguru izan zen benetako eztanda, loredun landareak agertzean: garai horretan koleoptero espezie kopurua seiehun aldiz handiagoa zen. 50 miloi urte lehenago sortutako Phytophaga taldea izan zen batik bat onura atera zuena; gaur egun, talde horretako 135.000 espezie inguru daude, hau da, kakalardo belarjaleen % 80 baino gehiago eta intsektu belarjaleen erdiak baino gehiago –loredun landareak janez elikatzen dira gehien-gehienak–.

Belarjaleen artean barietatea handia da; landareak jaten dituzten antofagoak daude, fruituak jaten dituzten frugiboroak, hostoak jaten dituzten filofagoak, polena jaten duten polinifagoak, sustraiak jaten dituzten errizofagoak… Baina landareak ez dira talde horretako kakalardoen elikagai bakarra: koleoptero predatzaileak daude (ehizakiak harrapatzen dituzte), koprofagoak (beste animalia batzuen gorozkiak jaten dituzte), saprofagoak (deskonposizioan dauden hondakin begetalak jaten dituzte), nekrofagoak (gorpuzkiak jaten dituzte)… Hain zuzen ere, dibertsitate hori zuzenean lotuta dago jaten dituzten elikagaien barietate handiarekin.

Ordezkarietako batzuk ezagunak dira zenbait arrazoi tarteko, adibidez pipia (egurrean kalteak eragiten ditu), gurgurioa (izurriteak eragiten ditu landutako landareetan), sakratu edo pilotagilea (gorozki-pilotetan barnean jartzen ditu arrautzak) edo marigorringoa (kolorazio patroi ikusgarria du). Beste batzuk, berriz, ez dira hain ezagunak, adibidez, kakalardo bonbaketaria. Guztira, bostehun espezie baino gehiago daude, guztiak ere Carabidae familiakoak. Defentsa sistema izugarri sofistikatua dute, bi substantziaren konbinazioan oinarritzen dena: hidrogeno peroxidoa eta hidroxikinona. Kakalardoak bere burua arriskuan ikusten duenean, bi substantziok nahastu egiten dira eta katalasa eta peroxidasa entzimekin kontaktuan sartzen dira. Hidrogeno peroxidoaren hidrolisiak eta hidrokinonaren oxidazioak bat-batean bero handia askatzea eragiten dute, eta, sortutako eztandak, kakalardoak spray motako nahaste erasotzaile leun bat kanporatzea eragiten du, 100 ºC-ko tenperaturan.

Ziurrenik anekdota apokrifoa baldin bada ere, kontatzen denez, aurreko mendeko 40ko hamarkadan, teologo batek J.B.S. Haldane biologo ezagunari galdetu zion ea zer ondorio ateratzen zuen berak Jaungoikoaren izatearen inguruan haren sorkuntza aztertu ostean, eta Haldanek honakoa erantzun omen zion: “Kakalardoekiko neurrigabeko zaletasuna du, antza”.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

1 iruzkina

  • […] Jakina da oraindik ez ditugula ezagutzen existitzen diren intsektuen espezie gehienak baina kalkulatzen da guztira sei eta hamar miloi artean izan daitezkeela, agian, animalia espezie guztien % 90 baino gehiago. Kakalardoa da, adibidez, espezie mota gehien dituen intsektua. Hain […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude