Lurreko biomasaren banaketa

Juan Ignacio Pérez Iglesias

Uste dute 550 Gt C dela Lurreko biomasa, hau da, 555.000 milioi tona karbono. Horietatik %80a (450 Gt), landareetan daude, eta horien artean enbriofitak dira nagusi. Bakterioak %15 dira (70 Gt). Gainerako guztia honela bananduta dago: %10etik gertu, onddoak (12Gt), arkheak (%12, 7Gt), protistoak (4 Gt), animaliak (2 GT), eta birusak (0.2 Gt). Hala ere, honelako estimazioak badaezpadakoak dira, nekez iritsi daitezkeelako hainbat esparrutara, eta bertan bakterioak eta birusak oso ugariak izan litezke.

1. irudia: Biomasa deritzogu inguru zehatz batean dauden izaki bizidun guztien materiari. Biomasa hainbat modutan neur daiteke, esaterako, bolumena, azalera edo karbono unitateen bidez. (Argazkia: Pixabay – Creative Commons lizentziapean)

%60a (320 Gt), agerian dago itsasoan edo lehorrean. Beste guztia, urpean edo lur azpian dago. 130 Gt daude landareen sustraietan eta 100 Gt bakterioetan, dela lurrean daudenetan, dela itsasoko hondoaren pean. Landare-biomasaren %70a zurezkoa da eta jarduera biologiko ñimiñokoa. Horrelako jarduera dute akuiferoetan edo itsasoaren hondoaren pean dauden bakterioek. Horrek esan nahi du berriztatze-denborak oso luzeak dituztela: hilabete batzuetatik milaka urtera. Bizitza “geldo” horiek alde batera utzita, landare eta bakterioen biomasa handia da beti ere: 150 Gt landareen sustrai eta hostoetan, eta 9 Gt itsasoko eta lurreko bakterioetan. Onddoak hurbil dabiltza (12 Gt).

Arthropoda phylumeko klasea osatzen duten intsektuak dira espezie kopuru handia dutenak (milioi bat espezie), baina animali biomasaren zati txiki bat dira. Itsas artropodoak dira ugarienak: 1 Gt. Haien artean, espezie bakar batek 0.05 Gt ditu, gizakiaren parean (0.06 Gt). Espezie hori Euphasia superba da (balea urdinek jaten duten krilla). Antzerako biomasa dute behi-abereek eta termitek. Ugaztun eta hegazti basatiek askoz ere biomasa gutxiago dute: 0.07 eta 0.02 Gt hurrenez hurren. Itsas artropodoen atzetik, arrainak dira biomasa gehien dutenak (0.7 Gt), eta geroago datoz lurreko artropodoak, anelidoak (ar segmentatuak) eta moluskuak, haietatik bakoitzak 0.2 Gt dutelarik. Abereek 0.1 Gt dute, knidarioen antzera (hau da medusa, anemona eta antzekoen kantitatearen antzera).

2. irudia: Taxon bakoitzari dagokion biomasaren banaketa globalaren irudikapen grafikoa. (Iturria: Yinon M. Bar-On, Rob Phillips, and Ron Milo (2018). The biomass distribution on Earth | PNAS)

Aurreko zenbaki guztiak giza jardueren ondorio dira neurri handi batean. Izan ere, uste dute Kuaternarioaren bukaeran baino zazpi aldiz txikiagoa dela egungo lurreko ugaztunen biomasa. Bestetik, baleen eta bestelako itsas ugaztunen arrantzak bost aldiz txikiagoa izatera eraman du animalia horiei dagokien biomasa. Guztira, ugaztun basatien biomasa sei aldiz txikiagoa izatera iritsi da, gizakiek Lurrean zeharreko hedapenak eraginda. Gizakien abereak direla eta, ugaztunen osoko kopurua laukoiztu egin da (0.04 tik 0.17ra). Landareen biomasa erdira jaitsi da azken 10.000 urteetan, eta horrek esan nahi du osoko biomasari ere antzerakoa gertatu zaiola.

Gure espeziea ez da Lurrean dagoen espezierik ugariena, ezta biomasaren ikuspegitik ere, baina zalantzarik gabe, bera da gure planetako ekosistemei larrien eragin dien espeziea.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>