2020ko uztailaren 31n eguneratutako deskripzio oharrean, Osasunaren Mundu Erakundeak dio antibiotikoekiko erresistentzia dela gaur egun munduko osasunaren, elikadura segurtasunaren eta garapenaren arrisku larrienetako bat. Gero eta infekzio gehiago daude gero eta tratamendu zailagoa dutenak –esate baterako, pneumonia, tuberkulosia, gonorrea eta salmonellosia–, antibiotikoak eraginkortasuna galtzen ari baitira.
Bakterio infekzioen prebentzio eta tratamendurako erabiltzen diren medikamentuak dira antibiotikoak. Antibiotikoekiko erresistentzia gertatzen da bakterioak mutatu egiten direnean farmako horien erabilpenari erantzuteko. Bakterioak dira, beraz, eta ez gizakiak ez animaliak, antibiotikoekiko erresistentzia lortzen dutenak. Bakterio farmakorresistente horiek infekzioak sorraraz ditzakete gizaki eta animalietan; eta infekzio horien tratamendua zailagoa da erresistentziarik gabekoena baino.
Antibiotikoekiko erresistentziak kostu medikoak handitzea, ospitaleko egonaldiak luzatzea eta hilkortasuna gehitzea dakar.
Behar-beharrezkoa da lehenbailehen aldatzea antibiotikoak preskribatu eta erabiltzeko era. Medikamentu berriak garatzen badira ere, gaur egungo portaerak aldatzen ez badira, aurrerantzean ere mehatxu larria izango da antibiotikoekiko erresistentzia. Portaera aldaketen artean egon behar dute infekzioen hedapena gutxitzeko neurriak ere, hala nola txertaketa, eskuak garbitzea, sexu harremanetako segurtasuna eta elikadura higiene txukuna.
Antibiotikoekiko erresistentzia handitzen ari da mundu osoan, oso modu arriskutsuan. Egunetik egunera ari dira agertzen eta barreiatzen planeta osoan erresistentzia mekanismo berriak, gaixotasun infekzioso ohikoenak tratatzeko dugun gaitasuna arriskuan ipintzen dutenak. Antibiotikoek eraginkortasun galdu ahala, gero eta gehiago dira tratatzen gero eta zailagoak –eta batzuetan, ezinezkoak– diren infekzioak, hala nola pneumonia, tuberkulosia, septizemia, gonorrea edo elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunak.
Antibiotikoak errezetarik gabe gizakiekin edo abereekin erabiltzeko eros litezkeen lekuetan okertzen ari da farmakorresistentziaren agerpena eta zabalkundea. Zuzentarau terapeutiko normalizaturik ez duten herrialdeetan, osasuneko eta albaitaritzako langileek gehiegitan preskribatzeko joera izaten dute –eta herritarrek, oro har, haiek hartzekoa–.
Neurriak lehenbailehen hartzen ez badira, munduak aurre egin beharko dio antibiotikoen ondorengo aro bati, non infekzio arruntak eta lesio txikiak hilgarriak izan ahalko baitira berriro ere. Ikus dezagun arazoaren adibide zehatz bat, eta har litezkeen neurriak.
Kanpilobakteriosia, gehienetan, Campylobacter bakterioarekin kutsatutako oilasko okela kontsumitzeagatik gertatzen da; Europako elikadura intoxikazio ohikoena da, 2019an 220.682 kasu erregistratu ziren, eta 2.400 milioi euroko kostua du urtean.
Gaur egungo kontrol neurriak antibiotikoen erabilpenean oinarritzen dira nagusiki; eta horrek Campylobacter anduiak barreiatzea dakar. Antibiotikoekin ez bada, ba ote dago bakterio horri aurre egiteko beste modurik?
Merkatuan badaude jada hainbat produktu fagoak oinarritzat dituztenak; izaki horiek bakterio itu jakin batzuk infektatu eta suntsitu egiten dituzte; esate baterako, Listeria monocytogenes, Escherichia coli eta Salmonella elikagai-patogenoak. Hala ere, oraindik ez dago produktu espezifikorik Campylobacter-ari aurre egiteko.
C-SNIPER (frankotiratzaile da ingelesez sniper) proiektuaren buruan ari da AZTI, eta hutsune hori beteko duen produktu bat lantzen ari dira. Fagoez baliatzen den arintze estrategia baten bitartez, ekimen horrek Campylobacteraren presentzia gutxitu egingo luke etxeko hegaztien haztegietan, hiltegietan eta prozesamendu instalazioetan. Gainera, Campylobacteraren aurkako tresna hori aise txertatu ahalko litzateke ekoizpenerako eta prozesaketarako jada ezarrita dauden higiene protokoloetan.
Antibiotikoentzako alternatiba bat da, eta guztiz espezifikoa denez bakterio genero bakar baten (Campylobactera) aurka, kaltegabea da landareentzat eta animalientzat, gizakiak barne, bai eta inguruko mikrobiota natural guztiarentzat. Gainera, konponbide horri esker errazagoa litzateke patogeno horren zabalkundea kontrolatzea azken produktuaren itxuran eta kalitatean kalterik egin gabe.
Fagoen espezifikotasuna gorabehera, C-SNIPER proiektuak beren-beregi eta esperimentalki aztertzen du konponbide horrek animaliaren hazkundean, osasunean eta ongizatean duen eragin orokorra. Horretarako, azterlanak egiten ari dira desorekak bazterresteko hegaztien hesteetako floran, eta tratamenduaren ondorengo bakteriofagoekiko erresistentziak. Hala, ebidentzia zientifiko berriak gehituta, proiektua lagungarria izango da bakteriofagoen erabilpenari buruzko erregulazioa finkatzeko; izan ere, AEBek, Kanadak eta Suitzak, adibidez, bakteriofagoak elikagaietan erabiltzea onetsi badute ere, Europar Batasunean oraingoz ez dago berariazko erregulaziorik horretaz.
(AZTI teknologia-zentroaren bideoa ingelesez, azpitituluak gaztelaniaz)
Egileaz:
Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.