Antibiotikoak: itxaropentsu egoteko balizko arrazoi bat

Amaia Portugal

AEBtako ikertzaile talde batek antibiotiko bat topatu du aspaldiko partez, eta teixobaktina izena jarri diote. Baina ez hori bakarrik. Patogenoak erresistentziarik gabe hiltzen ditu, eta ongi ateraz gero luze iraun dezakeen botika bihurtu daitekeela iradokitzen du horrek.

Joan den astean Zientzia Kaieran argitaratutako artikulu batean, 1987tik ez dela antibiotiko mota berririk aurkitu zioen Pablo Ortiz Farmazia doktoregaiak, eta luze eta zabal azaldu zuen zergatik. Baina artikulu horretako bertako post-datan zioen, aldi berean, teixobaktina izena jarri dioten antibiotiko baten aurkikuntza iragarri berri duela ikertzaile talde batek, ezohiko metodoak erabilita lortutakoa. Albiste hori dugu gaurko artikuluaren abiapuntua.

Kim Lewis Northeastern Unibertsitateko (Boston, AEB) ikertzaileak zuzendu duen ikerketa honetan, saguetan eraginkorra den antibiotiko bat topatu dute aspaldiko partez, baina ez hori bakarrik. Orain arte egindako esperimentuetan ikusi dutenez, patogenoek ez diote kontrarik egiten antibiotikoari: erresistentziarik gabe hiltzen ditu. Egiaztatuz gero, albiste bikaina litzateke, horixe baita, hain zuzen, antibiotikoen ahulunea: une honetan eraginkorra izanda ere, patogenoen erresistentziak ekar dezake etorkizunean bakterioek botikari neurria hartzea, eta orduan baliagarria izateari utziko dio. Lewisek eta bere taldekideek Nature aldizkarian plazaratutako artikulu batean eman dute haien lorpenaren berri.

antibiotikoak 1

1. irudia: Kim Lewis ikerketaren koordinatzailea (eskuinean), bere laborategian. (Argazkia: Brooks Canaday/Northeastern University)

Antibiotikoak sortzeko mikroorganismoak behar dira, eta lurzoruko mikroorganismoei esker lortu izan da mota horretako botikak ekoiztea orain arte. Arazoa zera da, mikroorganismo horien artean %1ak baino ez dituela laborategian hazteko moduko kondizioak, eta hain gutxi izaki, bide horretatik datorren lehengaia aspaldi agortu zela. Izan ere, 1960ko hamarkadatik aurrera oso antibiotiko berri gutxi agertu dira.

“Planeta honetako mikroorganismoen %99ak uko egiten dio laborategian hazteari. Baina gaur egun, nahikoa azkarrak gara jakiteko zer jarri behar dugun bertan hazi daitezen. Ziria sartzen diegu mikroorganismoei, ez baitakite zerbait gertatzen ari zaiela”, azaldu du Kim Lewisek. Hala, beste %99 hori ustiatzeari ekin diote Lewisek eta taldekideek, bizileku duten lurzoruan bertan bakterioak modu kontrolatuan hazteko. Horretarako,iChip izeneko gailu txiki bat sortu dute. Tresna honek ahalmena du zelula bakanak isolatu eta bere ingurune naturalean hazten laguntzeko.

Hala, orain arte ikertzaileek baliatzerik izan ez dituzten zenbait bakteriorekin lan eginez, 25 antibiotiko berri aurkitu dituzte. Horien artean, Lewisek berretsi du artikuluan hizketagai den teixobaktina dela interesgarriena, aurrez esan bezala, erresistentziarik jasan gabe hiltzen dituelako bakterioak.

2. irudia: iChip gailua (Argazkia: Northeastern University)

2. irudia: iChip gailua (Argazkia: Northeastern University)

Ortizek bere Zientzia Kaierako joan den asteko artikuluan adierazi bezala, “antibiotikoak gizakion osasuna zaintzeko eskuragarri ditugun botikarik eraginkorrenetarikoak dira, baina erabiltzen diren bakoitzean eboluzio-presioa eragiten dute jomuga duten bakterioengan. Horietako batek biziraunez gero, erresistentzia eman dien mutazio genetikoak beste bakterioei helaraz diezazkioke”. Horregatik, orain arteko esperimentuetan ikusi duten bezala, teixobaktinaren kasuan gaur egun erresistentziarik ez badago, haren eraginkortasuna bermatuta egon daiteke ohi baino denbora tarte luzeago baterako.

Teixobaktinak bakterioaren horma zelularrari erasotzen dio, eta badirudi horrek baduela zerikusirik erresistentziarik ezan. Adibidez, vancomicina izeneko antibiotikoaren jokabidea antzekoa da, eta 30 urte igaro ziren bakterioek haren kontrako erresistentzia garatu zuten arte.

Ikerketa talde honen ustez, teixobaktinaren aurkikuntzak aurrera egiten badu gizakiengan erabiltzeko moduan, tratatzeko bereziki zailak diren zenbait bakteriori aurre egiteko baliagarria izan daiteke. Esaterako, Staphylococcus aureus bakterioa edo tuberkulosia.

Erreferentzia bibliografikoa:

Losee L. Ling, Tanja Schneider, et al. A new antibiotic kills pathogens without detectable resistance. Nature, 517, 455–459, 22 January 2015. doi:10.1038/nature14098

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

Iruzkin 1

Eman iritzia

Cuando la ciencia es Zientzia #1 | Cuando la ciencia es Zientzia | Cuaderno de Cultura Cie...

[…] La Restinga (en la Isla del Hierro). Nos infundió esperanza al hablarnos del descubrimiento de la teixobactina, un nuevo antibiótico que, de momento, hace frente a los patógenos. Ha encendido nuestras alarmas al contarnos que […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>