Sarah Frances Whiting, emakumezko astronomoen irakaslea

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian


“Gaur egungo emakume gazteek ate guztiak dituzte zabalik, eta ezin dute imajinatu ere egin duela mende erdi baino gehiago ezagutzaren arlo guztietako ateak bultzada batez zabaldu zituztenen zailtasunak edo gogo bizia.” Annie Jump Cannon (1863-1941), astronomoa.

Hala hasten zen, bere heriotza dela eta, 1927an Popular Astronomy aldizkarian argitaratutako Sarah Frances Whiting astronomoari buruzko artikulu biografikoa; Annie Jump Cannon, haren ikasle ohiak idatzi zuen. Izarrak katalogatzen egin zuen lana funtsezkoa izan zen egungo izarren sailkapenerako. Whiting ezagutzaren ate horiek sakada batean ireki zituzten eta atzetik zetozenak sartzeko ateei eutsi zieten emakumeetako bat izan zen.

Akademikoen alaba, Mayflower-en kolonoen ondorengoa

Sarah Frances Whiting Wyoming konderrian jaio zen, New Yorkeko estatuan, 1847ko abuztuaren 23an. Bere aita, gerora Ameriketako Estatu Batuak bihurtu ziren lurretara Mayflower ontzian iritsi ziren kolonoen zuzeneko ondorengoa zen eta unibertsitate hezkuntza zuen, eta irakaskuntzan aritu zen, karguak betez hainbat ikastetxetan estatuan zehar. Sarah zientzian interesatzen hasi zen, aitari eskolak emateko frogapenak eta esperimentuak prestatzen laguntzen ziolako. Ez zuen hezkuntza formalik jaso, eta aita izan zuen tutore; hark erakutsi zizkion matematikak eta fisika.

Sarah Frances Whiting
1.irudia: Sarah Frances Whitingek emakume askori eman zien fisikako eta astronomiako prestakuntza eta, ondoren, haien ibilbidea interes handiz jarraitu zuen (Iturria: Wikimedia Commons)

1865ean, lehen titulu akademikoa lortu zuen Ingham Unibertsitatean, Le Roy herrian (New York), eta eskolak eman zituen emakumezkoen hezkuntza erakunde batean 1876ra arte; gainera, klase eta hitzaldi zientifikoetara joaten eta inguruko laborategiak bisitatzen jarraitu zuen. Horietako batzuetan piztu zitzaion astronomiari aplikatutako espektroskopiaren inguruko lilura, eta horretan espezializatu zen gerora.

AEBetako fisikako bigarren laborategia, lehena emakumeentzat

1878an, Boston hiriko emakumeen unibertsitate berri batean eskolak emateko kontratatu zuten. Hara joan zenean, Massachusetts estatuko Institutu Teknologikoko fisikako laborategira joaten hasi zen, MIT ospetsura, han egiten zena ikasi eta enplegu berrian aplikatzeko. Hura izan zen Ameriketako Estatu Batuetako graduatu aurrekoentzako lehen fisikako laborategia.

1878an, herrialdeko bigarrena ireki zuen berak Wellesley College unibertsitatean; emakumeentzako hezkuntza erakunde bateko lehena. Behaketa zientifiko eta astronomikorako aurrerapen eta aurkikuntza berrien garaia zen. 1895ean, Wilhem Roentgen fisikariak X izpiak aurkitu zituela argitaratu zenean, Whitingek behar zen ekipamendua eskuratu eta Ameriketako Estatu Batuetako lehen erradiografiak egin zituen: lehena, poltsa bateko txanpon batena, eta, aurrerago, esku bateko eta beso bateko hezurrena.

Ingalaterra Berriko Sozietate Meteorologikoan parte hartzera gonbidatu zuten lehen emakumea izan zen, eta gai horren inguruko ikastaro bat ematen hasi zen. Behaketa meteorologikorako estazio bat jarri zuen abian, eta bere ikasleek datuak biltzen zituzten Ameriketako Estatu Batuetako Eguraldiaren Bulegorako, ez baitzegoen antzeko beste instalaziorik hurbil.

Astronomiako irakaslea marmol zuriko behatokian

Hala ere, Whiting ezaguna da, bereziki, espektroskopioarekin eginiko lanagatik eta 20 urtez Wellesley Collegen ia ekipamendurik gabe emandako astronomiako eskolengatik. Astronomiako irakasle lanetan, ikasleak terraza eta teilatuetara eramaten zituen, fenomenoei behatzeko, esaterako, 1882ko Kometa Handiaren igaroa, edo Artizarraren trantsitua urte horretako abenduan. 1900. urtean, azkenean, funts dohaintza bati esker, errefrakzio-teleskopio bat, laborategi espektroskopiko bat eta fotometro bat erosi ahal izan ziren. Hala, unibertsitatetik hurbil behatoki bat eraiki zen; marmol zuriz egin zen, ekipamenduaren jatorrizko jabearen izenaren (White), dohaintza emailearen abizenaren (Whitin) eta irakaslearen abizenaren (Whiting) omenez.

Whitin behatokia
2. irudia: Whitin behatokia Wellesley College unibertsitatean. (Iturria: Wikimedia Commons)

Aparatu horiek beste herrialde batzuetan fabrikatzen ziren, eta ez zegoen haiek hautatzeko katalogorik; beraz, behar zena zer zen jakiteko, beste kide batzuen laborategiak bisitatu behar zituen Whitingek. Beti tratatu zuten adeitasunez, baina berak zioenez, “sumingarria zen emakumerik espero ez zen lekuetan egotea, lehenago ezein emakumek egin ez zituen gauzak egiten”.

Eskualdean eginiko bidaietan, zientzialari handiak ezagutu zituen, besteak beste, lord Kelvin; ospetsua da bere izena daramalako eskala termiko batek, hots, Kelvin graduenak. “Beste zientzialari asko ez bezala, sir William ez zen harritu ez asaldatu emakume bat matematikan eta fisikan jarduteagatik”, idatzi zuen Withingek ezagutu ziren aldiaz. Baina, bestalde, sir William Crookes kimikariak, bere laborategia atsegin handiz erakutsi ondoren, honako hau galdetu zion: “Emakume guztiek espektroskopioen inguruan hainbeste ikasten badute, nork prestatuko ditu gosariak?”

Goizeko behaketak, eragin handiko emakumeen mentorea

Ameriketako Estatu Batuetako Fisika Sozietateko kide izan zen; sozietateak, hasieran, ez zituen emakumeak gonbidatzen banketeetara. Bere garaian, Zientziaren Aurrerapenerako Ameriketako Estatu Batuetako Elkarteko kide hautatu zituzten bost emakumeetako bat izan zen. 1905ean, Tufts College unibertsitatean ohorezko titulua jaso zuen, irakaskuntzari eginiko ekarpenengatik.

1912an, Whitingek Fisika departamentuko lanak utzi eta Astronomiako irakasle lanetan jarraitu zuen; hala, goizetan zenbait behaketa eta ariketa, eta arratsaldeetan beste batzuk egiteko ohitura ezarri zuen, datu tarte eta behatu beharreko fenomeno gehiago lortzeko.

Batik bat irakasle lanengatik aintzatetsi izan dute: emakume askori eman zien fisikako eta astronomiako prestakuntza eta, ondoren, haien ibilbidea interes handiz jarraitu zuen. Haietako asko irakasle izan ziren eta zientzia ikerketekin jarraitu zuten; Whitingek animatu egiten zituen haien ingurunean ezagutzak baliatuta eragin handiko irudi izatera. 1916an, ia lau hamarkadaz lan egin ondoren, Wellesley College utzi zuen irakasle emerituaren karguarekin. Ondoren, Wilbraham herrira (Massachusetts) joan zen bere ahizparekin bizitzera; ahizpak ere berarekin jardun zuen elkarlanean irakaskuntza urteetan. 1927an hil zen, “lasai hilezkortasunaren gaineko fede irmoagatik, eta ahal goren batean tinko sinetsiz”, zioen, amaitzeko, Jump Cannon, beharbada bere ikasle ezagunenak, hil ondoren idatzi zuen nekrologikoak.

Iturriak:


Egileaz:

Rocio P. Benavente (@galatea128) kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko ekainaren 17an: “Sarah Frances Whiting, maestra de astrónomas“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.