Gizakiok ez dugu adin bakarra. Alde batetik, denborak ematen duen adina daukagu, jaiotza-agiriak agerian uzten duen hori. Bestalde, adin biologikoa dugu, gure gorputzean eragina zehazten duen markatzaile biokimikoen multzoa. Azkenik, sentitzen dugun edadea dago, gure adin subjektiboa.
Adin subjektiboak norberaren zahartze-tasari buruzko pertzepzioa deskribatzen du. Pertzepzio hau aztertu duten ikerketek erakutsi dute, benetan garena baino gazteagoak sentitzen garela, batez ere 40 urtetik aurrera.
Zahartzeari buruzko azterketak adin subjektiboa kontuan hartzen hasi dira. Adin subjektiboa sentitzen dugun edadea da eta, bitxia bada ere, nerabezaroan eta gaztaroan gure adin kronologikoa baino zaharragoak sentitzen gara. Adituen ustetan, honen arrazoia izan daiteke, batetik, gazteek helduarora heltzeko prisa dutela eta, bestetik, erabakiak hartu beharrak zaharragoak sentiarazten dituela. Behin 40 urte beteta, aldiz, benetan garena baino gazteago ikusten gara. Kasu honetan gazteagoak “ikusi” bere horretan har dezakegu, izan ere, ispiluaren aurrean gaudenean ez ditugu hautematen honek erakusten dizkigun zimur eta ile urdinak dagokien neurrian. Badira ere iraganeko irudia ikusten dutenak ispiluaren aurrean, gazteagoko oroitzapena giltzaperatuta balukete bezala.
Ikerketen emaitzek erakutsi dute, esaterako, 30 urte betetzerakoan inflexio-puntu bat dagoela eta pertzepzioa kontrakoa bihurtzen da: adin kronologikoak adierazten duenak baino gazteagoak sentitzen gara. Adibidez, 40 urtekoen % 80 gazteago sentitzen da. Batez beste, hiru urte gazteagoa. 50 urte bete ondoren, kopurua handitu egiten da, eta 5 urte gazteagoak sentitzen omen gara. Aldiz, 70 urte inguru dituztenen % 60k 10 eta 15 urte gazteagoak sentitzen dira. Soilik 55 eta 64 urte bitarteko pertsonen % 25ak, eta 65 eta 70 urte bitartekoen %11k sentitzen du benetan duen adina.
Alexandre Kalache medikua aditua da zahartze-prozesuetan eta haren esanetan, adin kronologikoak zahartzaroa neurtzeko tresna erabilgarria izateari utzi dio. Gaur beste era batera zahartzen gara. Bizi-baldintza hobeagoek lagundu egin diete 65 urtekoei osasuntsu eta bizkor mantentzen eta erretiroa hartu ondoren, hogeita hamar urte inguru dituzte aurretik jubilatuek. Horregatik sentitzen dira gazteagoak kronologikoki adineko pertsonatzat har daitezkeen baina funtzionalki ondo dauden nagusiak. Azken urteetan hazi egin da kopuru hau eta, ondorioz, bizitzaren etapen definizioan, beste fase berri bat gehitu beharko litzatekeela uste du Kalachek: “gerontoneraberazoa” (gaztelaniaz, gerontolescencia; gerontologia eta nerabezaroa batzen dituen terminoa).
Gazteago sentitzearen ajeak
Adin subjektiboak aukera ematen die adinekoei proiektu berriak hasteko eta interes pertsonal berriak garatzeko. Behar duten bultzada emateko baliagarria izan daiteke. Baina, ba al du ondorio negatiborik? Ebidentzia zientifikoek adierazten dute adin errealaren eta adin subjektiboaren arteko alde horrek arazoak sortuko lituzkeela, baldin eta badira norberak dituen gaitasunak egoki neurtu edo baloratzen. Adibidez, badira bastoia erabiltzeari, audifonoa jartzeari edo hirugarren pertsonen laguntzari uko egiten diotenak, aldaketa fisikoak neurrian hauteman ez eta euren burua gaztetzat hartzen dituztelako. Ezezko horiek arriskuan jartzen dituzte adinekoak, eta euren bizi-kalitatea eta ongizatea galaraz ditzakete.
Hala ere, adineko pertsonen adin subjektiboari buruzko ikerketek adierazten dute harreman positiboa dagoela gazteago sentitzearen eta osasun hobea izatearen artean. Zergatik? Gazte sentitzerakoan, besteak beste, errazago parte hartzen da ekintzetan, aktiboagoak mantentzen gara, sedentarismoa ekiditen da eta elikadura gehiago zaintzen dugu. Bizi-ohitura on horiek, guztiek, osasun fisiko zein mental hobeago baten eragiten dute.
Azkenik, adineko pertsonak gazteago sentitzen dira, baldin eta adin txikikoez inguratuta badaude. Adibidez, aiton-amonak gazteago sentitzen dira bilobekin duten harremanagatik. Txikiekin batera paseatzea, jolastea edo zereginetan parte hartzeak aktibo mantentzen laguntzen die eta zahartze-prozesu hobeago bat izaten laguntzen die.
Iturriak:
- Celdrán, Montserrat (2021). ¿No le pesan los años? Entonces está en plena gerontolescencia. The Conversation.
Egileaz:
Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
1 iruzkina
[…] Ikerketek erakutsi dutenez, benetan garena baino gazteagoak sentitzen gara, batez ere 40 urtetik aurrera. Zahartzeari buruzko azterketak adin subjektiboa kontuan hartzen hasi dira, hau da, norberak sentitzen duen adina. Alexandre Kalache medikuak zahartze-prozesuak ikertzen ditu eta haren esanetan, adin […]