Asteon zientzia begi-bistan #373

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

igaraba

Geologia

Blanca Martinez geologoak gure planetako geologiari buruzko irakurketa egitera gonbidatzen gaitu Zientzia Kaieran. Jules Vernek gruyère gazta baten modura irudikatu bazuen ere, Lurraren barnealdea egitura askoz ere konplexuagoa da, material eta ehundura ugariz josia. Hasteko, Blancak azaltzen duenez, ez da esfera perfektu bat, elipsoide bat baizik eta geruzetan dago banatuta lurrazaletik nukleoraino. Geruza hauek, ordea, bi modutara sailka daitezke: konposizio kimikoaren arabera edo portaera mekanikoa kontutan izanik. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Gure planeta eta haren erraiak.

Psikologia

Ikerketek erakutsi dutenez, benetan garena baino gazteagoak sentitzen gara, batez ere 40 urtetik aurrera. Zahartzeari buruzko azterketak adin subjektiboa kontuan hartzen hasi dira, hau da, norberak sentitzen duen adina. Alexandre Kalache medikuak zahartze-prozesuak ikertzen ditu eta haren esanetan, adin kronologikoa jada ez da zahartzaroa neurtzeko tresna erabilgarria. Izan ere, gaur egun beste modu batera zahartzen gara, besteak beste, bizi-baldintza hobeak ditugulako. Adin subjektiboak aukera ematen die adinekoei proiektu berriak hasteko eta interes pertsonal berriak garatzeko, eta ikerketek erakutsi dute harreman positiboa dagoela gazteago sentitzearen eta osasun hobea izatearen artean. Datuak Zientzia Kaieran: Garena baino gazteagoak sentitzen gara.

Osasuna

Kukutxeztularen intzidentzia izugarri igo da azken hamarkadetan mundu zabaleko herrialde desberdinetan. EAEn esaterako, 2015ean Espainia osoko intzidentziarik altuena izan zuen, 100.000 biztanleko 91,67 kasurekin. Egoera hau hobetzeko, gorakada honen arrazoi posibleak identifikatu eta aurre egiteko tresnak diseinatu beharrean gaude. Osasun publikoa bermatzeko hautatutako neurririk erabiliena txertoa da, baina kukutxeztularen aurkako txertoek eraginkortasun txikia erakutsi dute. Horregatik, infekzioa sortzen duen Bordetella pertussisen bakterioaren ezaugarriak eta honek jariatzen dituen birulentzia faktoreak ere deskribatu dira. Informazio honetaz baliatuz, sendagai berriak diseinatu ahal izango dira. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Kukutxeztula: “gainditutako” gaitz baten itzulera.

Duela aste batzuk, COVID-19aren kontrako bi botika antibiralen berri eman zuten laborategiek eta sendagaien agentziek: Molnupiravir eta Paxlovid. Saio-klinikoetan jasotako emaitzen arabera, biak ziren eraginkorrak ospitaleratzeekiko eta heriotzarekiko, baina Molnupiravir antibiralak % 50-eko eraginkortasuna lortu zuen, eta Paxlovid-ek, berriz, % 89-koa. Bestalde, bi antibiralen saio-klinikoetan boluntarioek arrisku-faktoreak izan zituztela azaldu dute. Datuak Elhuyar aldizkarian: COVID-19aren kontrako antibiralak: Molnupiravir, ez hain eraginkorra; Paxlovid, oso.

Biokimika

Maxine Frank Singer biokimikaria 1931ko otsailaren 15ean jaio zen, New York hirian. Emakume honek zientziari eskaini zion bizitza guztia, esparru oso ezberdinetan gainera; laborategietan egin zuen zan, baina baita bulegoetan ere, zientzia kudeatzen eta defendatzen. Kimika ikasketekin hasi zuen bere karrera zientifikoa eta ondoren biologiara salto egitea erabaki zuen. Bere aholkulariak azido nukleikoen ikerketan espezializatzera animatu zuen Singer eta alor horretan espezializatu zen. Noizbait azaldu zuenez, berak 50eko eta 60ko hamarkadetan ez zituen izan beste emakumezko ikertzaile batzuek aurkitu zituzten zailtasunetako batzuk. Alabaina, urte batzuk beranduago, bere larruan bizi izan zuen garai hartan zientzia ingurunean ohikoa zen emakumeenganako diskriminazioa, bere laborategirako hautagai kualifikatu askok ez baitzuten emakumezko nagusi batekin lan egin nahi. Horren ondorioz, emakumeek aurrerapen zientifikoan duten rolaren aldeko defendatzaile eta ekintzaile bihurtu zen. Datuak Zientzia Kaieran: Maxine Singer, ikerketa genetikoaren ildo etikoak zehaztearen alde lan egin zuen biokimikaria.

Astronomia

Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, Esne Bidearen erdiko zulo beltzaren inguruko izarren irudi onenak lortu dituzte. Irudi hauek lortzeko, 2021eko martxotik uztailera bitartean behaketak egin dituzte, ESOren VLTI interferometroaren Gravity tresna erabilita. Izar horietako bat, S29 izenekoa, zulo beltzetik inoiz baino gertuago ikusi zuten, zulo beltzetik 13 mila milioi kilometrora, hain zuzen; Eguzkiaren eta Lurraren arteko distantzia 90 aldiz baino ez. Aurkikuntza honetaz aparte, beste izar bat behatu dute lehen aldiz eta S300 izena jarri diote.

Lehenengo aldiz, NASAren zunda bat Eguzkiaren koroan barneratu da. 2018an jaurti zuten Parker Solar Probe zunda eta azkenean, apirilean Eguzkiaren kanpo-atmosferan sartu zen. Bost orduz egon zen koroaren barnean eta denbora horretan, Eguzkiaren partikulak eta eremu magnetikoa aztertzeko laginak hartu zituen. Datu hauekin eginiko aurkikuntzak aste honetan argitaratu dira Physical Review Letters aldizkarian. NASAk informazio hau oso baliotsua izatea espero du, izarrak gure Eguzki-sisteman duen eragina hobeto ulertu ahal izateko.

Abenduaren 24ean, James Webb espazio teleskopioa jaurtiko dute Guyana Frantsesetik. Aparailu hau unibertsoaren eta galaxien sorrera orain arte ikusi gabeko zehaztasunez ikertzeko erabiliko da eta espaziotik egingo ditu neurketak. Espazioko izpi infragorriak jasoko ditu, hau da, Big Bangetik 250 milioi urtera sortu ziren izarren izpiak. Beroa eta distirak saihestu behar ditu teleskopio honek eta, horregatik, eguzkiaren inguruan orbitatuko du, baina beti Lurra atzean duela, itzala egiteko. Hainbat atzerapen izan ditu jaurtiketa honek, besteak beste, jarri dioten izenak sortu zuen asalduragatik, Webbek ustez LGTBI kolektibokoak baztertu zituelako. Datuak Berrian: Begi berria, aro berria.

Ingurumena

Milaka zientzialarik eta 30 elkartek adierazpen bat sinatu dute natura lehengoratzeko asmo handiko lege bat eskatuz, SERE natura lehengoratzeko Europako elkartearen gidaritzapean. Idatzi horretan azaldu dutenez, gizateria arrisku goreneko egoera batean dago klimari eta biziari dagokionez eta, beraz, ahaleginak areagotu behar direla adierazi dute. Xede zehatzak jaso dituzte adierazpenean, besteak beste, ekosistema jakin batzuei lehentasuna ematea, ebidentzia zientifikoan oinarritutako metodologiak erabiltzea eta epe luzeko konpromisoa hartzea. Sinatzaileek baieztatu dutenez, horrekin guztiarekin, klima-larrialdiaren ondorioak apaltzea eta biodibertsitatea babestea lortuko da. Ana Galarragak azaldu du Elhuyar aldizkarian: Natura lehengoratzeko asmo handiko lege bat eskatu diote zientzialariek Europako Batasunari.

75 urte eta gero, igaraba berriro azaldu da Urumearen behe eremuan. Iñaki Sanz-Azkue biologoaren hitzetan, aurreko asteko uholdeak bultzatuko zuen igaraba eremu horretara, igelak ehizatzera ziurrenik. Igaraba galtzeko arriskuan dagoen espezie bat da, eta, duela urte gutxi arte, Gipuzkoan galdutzat ematen zen. Itsas Enara ornitologia elkarteko eta Haritzalde naturazaleen elkarteko kideen laguntzaz, igaraba filmatu dute gauez eta Berrian dago ikusgai. Iñakik biodibertsitatearen aldeko proiektu lokalak beharrezkoak direla nabarmendu nahi izan du, ikusi denez, luzera emaitzak ematen baitituzte.

Artikoan inoiz neurturiko tenperaturarik altuena erregistratu zuten iaz. Siberian izan zen, 2020ko ekainaren 20an, eta 38 gradu zentigraduko tenperatura izan zen. Zientzialariek azaldu dutenez, bero uholde luze batean neurtu zen. Uda horretan, Siberiako Artikoko batez besteko tenperaturak normalean baino hamar gradu beroagoak izan ziren. Uda horretan bertan, Antartikan ere tenperatura errekorra erregistratu zen: 18,3 gradu. Petteri Taalas Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusiak azaldu duenez, erakunde honetako fitxategiak ez du inoiz horrenbeste ikerketa eduki mahaiaren gainean aldi berean. Edu Lantzargurenek azaldu du Berrian.

Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, urtean 1,5 trilioi musuko beharko dira munduan, berrerabilgarriak sustatzeko politika aktiboak egin ezean. Portsmoutheko Unibertsitateko ikertzaileek salatu dute arazo hau eta, beraien esanetan, gobernuek giza osasuna babesteko irizpidetan oinarrituta erantzun diote pandemiari, baina ingurumen-arazo larri bat sortu dute bitartean. Gaur egun, zabortegiak eta kaleak polimero ez birziklagarriez egindako milioika musukoz, eskularruz eta toallatxo desinfektatzailez beterik daude. Ingurumen-arazoa kuantifikatzeko, 2020ko martxotik azaroa bitartean munduko hamaika herrialdetan bildutako zaborra aztertu dute eta joera orokor batzuk identifikatu dituzte: pandemiaren hasieran eskularruak izan ziren gehien erabili zirenak, baina ondoren musukoen erabilera gailendu zen, OMEk komunikatu zuenean birusa batez ere aerosolen bidez transmititzen zela. Datuak ikusirik, zaborraren arazoa lehenesten duten politikak ezarri behar direla adierazi dute ikertzaileek.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..