Asteon zientzia begi-bistan #368

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Biologia

Josu Lopez-Gazpiok Zientzia Kaieran azaldu duenez, Kaliforniako kondorrak partenogenesiz jaio daitezkeela berretsi dute, hau da, arrak ernaldu gabeko arrautzetatik txitak jaio daitezkeela. Hautazko partenogenesia ezaguna eta ohikoa da ornogabe askotan, eta baita zenbait ornodunetan ere, baina arraroa da hegaztietan eta lehen aldiz antzeman da Kaliforniako espezie honetan. Kaliforniako kondorra, Gymnogyps californianus, desagertzeko arrisku larrian dago eta beraz, San Diego Zoo Wildlife Alliance taldeak uste du, partenogenesia espeziearen arrisku egoeraren emaitza izan daitekeela. Azalpen guztiak Kondorraren partenogenesia artikuluan.

Klorofilaren fluoreszentzia behatuz, galdera anitz erantzun daitezke. Horretan dihardu, hain zuzen ere, Jose Ignacio Garcia Plazaola biologoak, UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko ikertzaileak. Klorofilaren fluoreszentziaren potentziala aztertzen dabil nazioarteko ikerketa bati esker eta honen helburua, hurrengo belaunaldiko basoen eta laboreen kudeaketa hobeago bat lortzea da. Honetarako, dorre, drone, hegazkin eta sateliteez baliatuta, eguzkiak zuzenean eragindako klorofilaren fluoreszentzia (SIF) kalkulatzen dute eta lortutako datuekin emaitza oso interesgarriak lortzen dituzte, hala nola, baso batek barneratzen duen CO2 kantitatea. Datuak Zientzia Kaieran: Fotosintesiaren ezagutzan sakontzen klorofilaren fluoreszentziarekin.

Eboluzioa

Giza garuna txikitzen joan da eboluzioaren puntu batetik aurrera. AEBko ikertzaile-talde baten arabera, txikitze hori duela 3.000 urte inguru nabarmenagoa bilakatu zen eta litekeena da txikitze hori adimen kolektiboaren garapenaren ondorio bat izatea. Ondorio hauek inurrietan egindako ikerketa baten ostean lortu dituzte eta Frontiers in Ecology and Evolution aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Azaldu dutenez, Homo-en garunak ez du hazkunde ez jarraitu ez unibertsala izan, baina, erregistro fosilaren arabera, handitzen joan da Pleistozenoaren amaierara arte eta hortik aurrera, bolumenaren murrizpen bat nabarmendu da gaur egunera arte. Hainbat arrazoi plazaratu dira hau azaltzeko, hala nola gorputzaren masa galtzea, dieta aldatzea edo auto-etxekotzea. Ikerketa honen egileen ustetan ordea, arrazoia soziokulturala izango litzateke, gizarte konplexuetan norbanakoek ez baitute hain garun handia behar. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Giza garuna adimen kolektiboaren ondorioz txikitu dela proposatu dute.

Ingurumena

Atmosferako CO2 kontzentrazioa igotzearekin batera, ur-masen (estuarioen, lakuen, itsasoen…) pH-a murrizten da, azken hauek CO2 gasa absorbatzen baitute eta erreakzio batzuen bidez, hidrogeno protoien kontzentrazioa handitzen baita uretan. Honen harira, uraren azidotasuna (pH murrizpena) ikertu dute Bizkaiko hiru estuarioetan: Urdaibai, Plentzia eta Nerbioi-Ibaizabal estuarioetan, hain zuzen. Hasieran batean, ikertzaileek uste zuten hiru estuario hauen kutsadura maila oso ezberdina izango zela, baina hiru urtez lagindu ostean, Urdaibai eta Plentziako estuarioek portaera antzekoa dutela zehaztu dute. Nerbioi-Ibaizabal estuarioan berriz, Galindo ibaiadarrean oso balio ezohikoak neurtu dituzte. Orokorrean, CO2-aren sistemarekin erlazionatutako parametro guztiak estuarioen gazitasunarekin korrelazio handia daukatela behatu dute. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Julen Astigarraga oñatiarrari egin diote elkarrizketa Unibertsitatea.net-en, bere ibilbide zientifikoaren inguruan. Julenek Geografia eta Lurralde Antolamenduko Gradua egin zuen UPV/EHUn eta Australian lanean egon ostean, Ekologia Masterra egin zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Gaur egun, Madrileko Alcalako Unibertsitate FORECO (Forest Ecology and Restoration Group) ikertaldean dabil tesia egiten, klima-aldaketak basoetan duen eragina ikertzen. Horretarako, azalera handiko nahiz txikiko basoen inbentarioak aztertu dituzte eta bakoitzak klima-aldaketaren aurrean duen portaera aztertu dute. Oraingoz behatu ahal izan duenarekin zera ondorioztatu du: birsortzen ari diren basoen hazkuntzak azkarragoak direla, baina klima-aldaketaren eraginen aurrean zaurgarriagoak izan daitezkeela.

Astronomia

Uxue Razkinek Fiammetta Wilson astronomoa aurkezten digu Zientzia Kaieran. Astronomo hau Lowestoften (Ingalaterra) jaio zen baina Suitza eta Alemanian egin zituen bere ikasketak. Fiammetta hizkuntzetan eta musikan nabarmendu zen, eta orkestra-zuzendari arrakastatsu eta hizkuntzalari ospetsua izan zen, baina 46 urte zituela, Alfred Fowler astronomoak Imperial College Londonen eman zituen ikasgai batzuetara joan ondoren, kalkulu astronomikoetaz maitemindu zen. Une hartan Britainia Handiko Astronomia Elkarteko kide bihurtu zen eta ordutik 1920ra arte, hil zen arte, 10.000 meteoro behatu eta, horietatik, 650 baten ibilbideak kalkulatu zituen zehatz-mehatz. Emakume zientzialari honen lana oso garrantzitsua izan zen, baina haren oihartzuna itzali egin zen ageriko arrazoirik gabe: Fiammetta Wilson astronomoaren suzko bolak.

Agustin Arrieta Canales ingeniariak Drakeren ekuazioari buruzko hitzaldia eman zuen urriaren 24an Gasteizen eta, honen harira, ekuazio berezi honen inguruko azalpenak eman ditu Juanma Gallegok Alea aldizkarian. Drake ekuazioak gure galaxian zenbat zibilizazio aurreratu egon daitezkeen kalkulatzea du helburu. Zehazki, Esne Bidean gurekin komunikatzeko ahalmena duten zenbat zibilizazio egon ote daitezkeen kalkulatzeko balio du. Hau kalkulatzeko Frank Drake astronomoak hainbat faktore deskribatu zituen, besteak beste, zein den bideragarriak izan daitezkeen izarren osaketaren ratioa, zenbatetan egon ote daitezkeen planeta sistemak edo zenbat diren biziarekin bateragarriak. Arrietak dioenez, zibilizazio posible asko egon daitezke ekuazio honen arabera, eta seguruenera teknologia eta denbora kontua izango da horiek aurkitzea. Datu guztiak Alea aldizkarian: “Behar adina teknologiarik ez dugu estralurtarrak topatzeko”.

Geologia

Blanca Martinez geologoak mikropaleontologia arloan garatzen du ikerketa. Hau da, fosil mikroskopikoen azterketaren bidez organismo horiek bizi ziren eremuetako parametro ekologikoen ezaugarriak identifikatu ditzakete ikertzaileek. Ikerketari buruz mintzatzen da eta baita klima-aldaketaz. Martinezen esanetan, erregistro historikoak aztertuz gero ikusten da ezohikoa dela: “Ezin dugu deusekin alderatu; ez dakigu zer gertatuko den. Beraz, egoera ahalik eta naturalenera itzuli behar dugu, garapen ahalik eta iraunkorrenera, gertatuko dena iragarri ahal izateko”. Haren hitzak Berriako elkarrizketa interesgarri honetan: “Planetari ez zaio deus pasatuko; gizakiari, ez dakigu“.

Osasuna

Elhuyar aldizkarian jakinarazi dute bidean daudela COVID-19ari aurre egiteko pilula antibiralak. Molnupiravir eta Paxlovid izena dute antibiral hauek eta SARS-CoV-2aren lehen sintomak izan eta infekzioa baieztatutakoan hartu behar dira. Bost egunetan hartu behar dira pilulak. Lehenak erribonukleosido baten analogoa du, eta birusaren erreplikazioan eragiten du; bigarrenak berriz, proteasa bat inhibitzen du lehenaren eragin bera sortuz. Paxlovid antibiralak ordea, Molnupiravirrenak baino askoz ere emaitza hobeak lortu ditu 2. eta 3. fasean, % 89ko eraginkortasunarekin murriztu baititu ospitaleratzeak eta heriotzak. Molnupiravirrek aldiz, % 50eko eraginkortasuna duela frogatu da.

Dementzia pairatzen duten edadeko pertsonen kopurua, hazten ari da, heriotza-tasa goiztiarrak jaitsi egin baitira. Datuek erakusten dutenez, 65 urtetik gorako hamar biztanletik batek du dementziaren bat. Hala ere, kalkulatzen da mundu mailan soilik dementzien %30 inguru daudela diagnostikatuta. Dementzien artean Alzheimerra da gaitzik ohikoena eta Berrian asteon publikatu dutenez, gaitza listuaren bidez detektatzeko markagailu berri bat garatu du ikerketa-talde batek: “Termometro” bat alzheimerra atzemateko.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude