Asteon zientzia begi-bistan #381

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

emakumeak zientzian

Emakumeak Zientzian

Otsailak 11 Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna da. Berrian lau emakume zientzialariri elkarrizketa egin diete, eta hauek nabarmendu nahi izan dute oraindik asko falta dela berdintasuna eskuratzeko. Emakume zientzialariek aukera gutxiago dituzte, gutxiago aipatu eta aitortzen da egiten duten lana eta gizartean gutxiago ikusarazten dira. Olatz Arbelaitz, Elixabete Rezabal, Amaia Iturrospe eta Aitziber L. Kortajarena zientzialarien adierazpenak irakur daitezke Egun bakarra ez da aski artikuluan.

Zientzia Kaieran ere emakume zientzialarien nazioarteko egunari erreparatu diote eta apaltasun-araua delako fenomenoa izan dute hizpide. Arau honek neskatoei txikitatik erakusten die beren trebetasunez ez harrotzen, eta, aldiz, mutilei hori egitera animatzen zaie. Apaltasun-arauak etorkizunean ondorio handiak ditu, eta horietako bat da, hain zuzen ere, emakumeak zientziatik baztertzea.

Egunari lotuta Elhuyar aldizkarian ere azaltzen dute kargu garrantzitsuetan ere emakumeen presentzia oso urria dela eta, esaterako, IPCC klima-aldaketa ikertzeko nazioarteko taldeak, adibidez, emakumeen parte-hartzea areagotu behar dutela onartu duela.

Medikuntza

Berrian irakur daitekeenez, paraplegikoak lehen egunetik oinez jartzen dituen teknika bat aurkeztu dute. Suitzako Lausanako Eskola Politekniko Federaleko eta hiriko erietxeko ikertzaileek garatu dute teknika, eta izatez, Epiduralaren Estimulazio Elektrikoaren teknikaren hobekuntza bat da. Azaldu dutenez, beste ebakuntza-teknika batzuk zutabe dortsalerako pentsatuta zeuden elektrodo plakak ezartzen dituzte. Horiek, pultsu elektrikoak bidaltzen dituzte muinera, baina lesiotik beherago, hankak mugitzeko erabiltzen diren giharretara. Teknika berri honek, ordea, hanken eta enborraren mugimenduez arduratzen diren sustrai dortsal guztiak estimulatzen ditu elektrodoen bidez eta lehenengo egunean zutitzen eta ibiltzen hasten dira pazienteak.

SARS-CoV-2arekin nahita infektatu zirenen emaitzak argitaratu dituzte ikertzaile britaniar batzuek. Osasunaren Mundu Erakundeak proposatutako esperimentu bat izan zen, eta boluntario osasuntsuak nahita infektatu ziren SARS-CoV-2 birusarekin, bilakaera ezagutzeko eta ondorioak ateratzeko. Ikusi ahal izan dutenez, birus gutxi nahikoak dira infektatzeko; inkubazio-aldia lau egunekoa da; kasu asko asintomatikoak dira; karga birala altua da, baita asintomatikoetan ere; hasieran eztarrian erreplikatzen da, eta gero sudurrean; eta antigeno-probak bat datoz karga biralarekin. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian.

Biologia

New Jersey estatuko Passaic ibaiaren ertzetan hasi zen Estatu Batuetako iraultza industriala, eta ibai oso kutsatua zen. Ezaguna egin zen Passaic ibaia DDT, azido sulfuriko eta herbizida isuri handiak egin zirelako bertan. Kutsadura guzti hau ibaiaren arroan metatu zen, baina animalia batzuk substantzia kaltegarri hauen eraginpean bizitzeko gaitasuna lortu dute. Hortxe bizi dira, besteak beste, zizare poliketo, txirla eta tunikatu ugari. Ornodunak ere badaude, Fundulus heteroclitus arraina, adibidez. Ingurune oso kutsatuetan bizitzeak gaitasun bereziak eman dizkio espezie honi. Datuak Zientzia Kaieran: Bizirik irauten dutenak.

Ozeano Artiko Zentrala Lurreko ozeanorik oligitrofikoena da, hau da, elikagai disolbatu gutxien duena. Hala ere, belaki-populazio handiak hazten dira bertan, 24 kg eta 1 m-ko belakiak. Planck Institutuko ikertzaile-talde batek belaki hauen elikadura aztertu du, eta ikusi ahal izan dute belaki hauen dieta jada desagertuta dagoen animalia-komunitate baten arrastoetan oinarritzen dela, fosiletan, hain zuzen. Elikadura-estrategia horrekin, bataz beste 300 urte bizi direla ikusi dute. Aitziber Agirrek azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Iraganeko animaliez elikatzen diren belakiak aurkitu dituzte Ozeano Artikoan.

Ekologia

Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, Lurraren % 30 babesteak desnutrizioa eragin lezake herrialde zaurgarrienetan, tokian tokiko ikuspegiaz egiten ez bada. Biodibertsitate-galera globala geldiarazteko neurri modura, Lurraren % 30 edo % 50 babestea proposatu da. Edinburgoko Unibertsitateko ikertzaileek neurri hauen ondorioak ikertu dituzte, eta adierazi dute Asiako hegoaldean eta Saharaz hegoaldeko Afrikan 200.000 heriotzatik gora eragingo lituzketela. Izan ere, balio ekologiko handiko lur asko gerriko subtropikalaren barruan kokatuta daude, eta, ondorioz, hango nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak murriztea ekarriko luke. Ikertzaileen arabera, biodibertsitatearen galerari hain modu globalean begiratzea herrialde aberatsentzat soilik da onuragarria. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa honetan, ikertzaileek ikertzaileek ohartarazi dute ezinbestekoa tokian tokiko aldagaiak eta baldintzapen sozialak kontuan hartzea.

Genetika

Gure arbasoek utzitako ondore genetikoaz gain, gure bizimoduak ere badu eragina gure osasunean, eta hori ikertzen du, hain zuzen ere, epigenetikak. Bizitzako esperientziek eta ohiturek gure osasunean eragin dezakete: genetikoki gaixotasun bat garatzeko joera baldin badugu, genetikoa ez den kanpoko faktore batek gaixotasun honen garapena piztu dezake. Baina DNAn ematen diren aldaketa epigenetiko hauek itzulgarriak dira, eta beraz, ikertzaileek gaixotasun konkretuekin loturiko aldaketa epigenetikoak ikertzen ari dira; horietako bat, minbizia. Gaur egun, jada badaude merkaturatuta minbizi mota batzuen aurka epigenoman eragiten duten farmakoak, eta mekanismo berdinarekin beste hogei bat farmakoren eraginkortasuna fase klinikoan ebaluatzen ari da. Datuak Zientzia Kaieran: Epigenetika helburu duten sendagaiak.

Klima-aldaketa

Gure lurraldean uholdeak oso ohikoak dira, baina Ane Zabaleta eta Iñaki Antiguedad EHUko Hidroingurumeneko Prozesuak talde kontsolidatuko ikertzaileek azaldu dute, klima-aldaketak ohikoago egingo dituela, klima gero eta muturrekoagoa izango baita. Hala ere, gizakiak ibaiarenak ziren eremuak okupatu ditu, eta honek handitu egiten du uholdeak pairatzeko probabilitatea. Uholde lautadak, esaterako, urbanizatu egin dira, eta ubideak kanalizatu. Horren ondorioz, euri ura lurrera jaustean, askoz azkarrago mugitzen da, eta ubidean ur gehiago pilatzen da normalean baino azkarrago. Baina ibai arroez gain, Antiguedadek eta Zabaletak diote lurraldea bere osoan hartu behar dela kontuan, lurzoruak euriaren eraginaren erregulatzaile gisa egiten baitu, eta hau ere erabat okupatu dugu. Arazo hau gaur egun eta etorkizunean saihesteko, beraz, ibaiei beren espazioa itzuli beharko zaie. Azalpen guztiak Berrian: Urak bare direnean aurrea hartu.

Ingurumena

Ellen Wohl geologoak eta Emily Iskin doktoretza mailako ikasleak Coloradoko Estatu Unibertsitatean ikerketa bat jarri zuten abian, ibaien bidez basoetatik itsasoetara iristen zen egur kopurua kalkulatzeko asmoarekin. Science Advances aldizkarian argitaratu dituzte orain arte lortutako emaitzak, eta, dirudienez, industrializazio aurreko erreketako egun hil kopurua askoz handiagoa zen. Balioespenaren arabera, urteko munduan 4,7 milioi metro kubiko egur inguru iristen dira itsasoetara fenomeno ezberdinen bitartez, baina ikertzaileen ustetan, zenbaki hori industria iraultza aurreko iraganean askoz altuagoa zen. Ibaiertzetan pilatutako material naturalek (enbor zatiak, orbelak eta adarrak) ibaiak eraldatzen dituzte, eta itsasora iristen direnean ere eragin bat badute ekosistemetan. Hondoratutako egurretan eta itsaspeko iturri hidrotermaletan bizi den mikrofloraren eta makrofaunaren zati batek lotura estua dutela ikusi da, baina ikerketa asko falta da egur hilaren faltak itsas ekosistemetan duen eragina ezagutzeko. Datuak Zientzia Kaieran: Ibaietako ‘egur emaria’ eragotzi dugu, horren ondorioak ondo ulertu gabe.

Teknologia

Fusioa izarretan gertatzen den prozesua da, bi hidrogeno atomo batu eta helioa sortzean datza, hain zuzen. Erreakzio honek energia ikaragarria sortzen du eta zientzialariak aspalditik dabiltza prozesu hau komertzializatu nahian. Berrian eta Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, aste honetan marka erabakigarria lortu dute fusio energia sortzeko lasterketan. Oxfordeko JET laborategian bost segundoz eutsi diote fusio erreakzio bati, eta 11 megawatt energia sortu dute. Azaldu dutenez, JET laborategian duten erreaktorearen imanek ezin dute bost segundoko erreakzio bat baino luzeagorik kudeatu, baina erakutsi dute, saiakera erreaktore ahaltsuago batean eginez gero, emaitza handiagoa lortuko litzatekeela. Fisioak fusioak baino arrisku gutxiago ditu, ez duelako kate erreakziorik sortzen eta tritioa erabiliko dutenez erreaktibo gisa, erradioaktibitate maila apala izango du.

Zientzia esperimentalen irakaskuntzan lan praktikoak jarri behar dira erdigunean. Oro har, ikerketa askok ohartarazten dute eskoletako testuliburuetan dauden ariketek ikerketa-maila oso eskasa eskatzen dutela, eta, orokorrean, ikasleak laborategietan egiten dituzten praktiketan ez dago hipotesiak formulatzeko, esperimentuak diseinatzeko eta galderak planteatzeko denbora-tarterik. Ikasketa prozesu hau hobetzeko helburua du Arduino mikrokontrolagailua oinarri duen proposamen didaktiko batek. Proiektuak bigarren Batxilergoko Kimika du muinean, hain zuzen ere termokimikarekin lotutako eduki kontzeptualak. Ikasleek kalorimetro elektroniko bat eraiki beharko dute Arduino mikrokontrolagailua erabiliz. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Lan esperimentala irakaskuntzaren erdigunean: Arduino oinarri duen adibidea.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.