Emakumeen emozio-zurrunbiloa erditzean

Argitalpenak · Dibulgazioa

Erditzea prozesu indibidual eta konplexua da, emakume bakoitzaren bizitzan mugarri dena. Erditze-gertaeran prozesu fisiologikoen eta psikologikoen arteko erlazioa gertatzen da, emakumearen, semearen edo alabaren ongizatean eta amaren eta bikotearen arteko harremanean eragina izan dezaketen gizarte-, ingurumen-, antolamendu- eta politika-testuinguruek eraginda.

Emakumeek bizitza osoan dute gogoan erditzearen esperientzia. Esperientzia hori ona bada, amatasunarekiko eta jaioberriarekiko jarrera positiboarekin erlazionatzen da. Aldiz, negatiboa bada, lotzen da trauma osteko estresarekin, erditze ondorengo depresioarekin, hurrengo haurdunaldietan depresioa jasateko arriskuarekin eta zesarea aukeratzeko eskaera handiagoarekin, eta horiek etorkizuneko ugalketetako erabakietarako transzendenteak izan daitezke. Azken ikerketek erditze-esperientziaren bizipen positiboan edo negatiboan eragina izan dezaketen hainbat faktore aztertu dituzte, hala nola, informazioaren komunikazioa, zaintzaileekiko harremana, erabakiak hartzeko parte hartzea eta kontrol-sentsazioa. Faktore horiei lotuta, sentimendu negatiboak ikerlan ugaritan aztertu dira, hala nola, beldurrak eta erditzeak eragindako trauma psikologikoa.

emozio-zurrunbiloa erditzean
Irudia: Gehien izendatutako emozio eta sentimenduak erditu eta 8 astera, eta 8 hilabeteren ondoren. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Gaur egungo osasun-paradigmen bidez sustatzen da erabiltzaileek beren bizipenen alderdi positiboei eta negatiboei buruzko ikuspegia eta gogoetak adieraztea. Beraz, lan honetan aztertu dira amek ospitaleko erditzean positibotzat edo negatibotzat hartzen dituzten esperientziak eta izandako emozioak eta sentimenduak.

Ikerketa metodologia kualitatibo batetik planteatu da, ikuspegi fenomenologiko interpretatzailea erabiliz. Fenomenologiaren ikuspuntutik eta Heideggerren arabera: pertsona autointerpretazio-izaki bat da, eta horrek esan nahi du ez datorrela aurrez definituta mundura, baizik eta norberaren bizi-esperientziek definitzen dutela. Hori dela eta, fenomenologiaren bidez, erditzearen fenomenoa “barrualdetik” ulertu nahi izan da, hau da, 2016/17 urteetan Donostia Unibertsitate Ospitaleko (Gipuzkoa) erditze zerbitzuan erditu ziren emakumeen esperientzia subjektibotik. Horretarako, 42 emakumeri eta bikote bati elkarrizketa erdiegituratuak bi aldiz egin zitzaizkien: erditu eta 8 astera eta 8 hilabetera. Teknika horrekin batera, parte-hartuzko behaketa egin zen erditze-lekuan, eta lan-egunkari bat erabili zen. Elkarrizketak grabatu eta transkribatu ondoren, lortutako informazio guztia era sakonean ulertu ahal izateko, gaien araberako analisia egin zen ATLASti programa informatikoa erabiliz.

Ikerketa honetan emakumeek zurrunbilo emozionala adierazten dute beren erditze-prozesuaren oroimenean. Emozio eta sentimendu aipatuenak honako hauek izan dira: beldurra, poza edo zoriontasuna, zalantza, lasaitasuna, urduritasuna, kezka, satisfakzioa, sufrimendua, nahigabea, onarmena, sustoa, segurtasuna, frustrazioa, nahia, konfiantza eta dibertsioa. Emakume bakoitzak erditzearen ondoren emozioen eta sentimenduen berezko konbinazioa gogoratzen du, bere beharrak asetzeko moduek, markatutako itxaropenek, erditze-prozesuaren bilakaerak eta jaio ondorengo egokitzapenak baldintzatuta. Emakumeek erditze-esperientzia positiboa dela definitu dute espektatiba pertsonalak, bikotearenak eta soziokulturalak bete direnean, eta sentimendu eta ekintza baikorren bidez adierazteko gai direnean. Aldiz, esperientzia negatiboa ezintasunaren sentimenduek, beldurrek edo profesionalekin izandako erlazio desegokiek markatzen dute. Erditze ideala desberdina da emakume bakoitzarentzat, baina, oro har, honako ezaugarri hauekin lotu dute: konplikaziorik ez sortzea, beharrezkoak ez diren interbentzioak ez egitea, informazio egokiarekin hartzen diren erabakietan oinarritzea eta segurtasunaren barnean gertatzea.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 41
  • Artikuluaren izena: Emakumeen emozio-zurrunbiloa erditzean.
  • Laburpena: Erditzea prozesu indibidual eta konplexua da, emakume bakoitzaren bizitzan mugarri dena. Erditze-gertaeran prozesu fisiologikoen eta psikologikoen arteko erlazioa gertatzen da, emakumearen, semearen edo alabaren ongizatean eta amaren eta bikotearen arteko harremanean eragina izan dezaketen gizarte-, ingurumen-, antolamendu- eta politika-testuinguruek eraginda. Gaur egungo osasun-paradigmen bidez sustatzen da erabiltzaileek eta osasun-profesionalek beren bizipenen alderdi positiboei eta negatiboei buruzko ikuspegia eta gogoetak adieraztea. Beraz, lan honetan aztertuko dira amek ospitaleko erditzean positibotzat edo negatibotzat hartzen dituzten esperientziak eta izandako emozioak eta sentimenduak. Emaitzak funtsezkoak dira erditzean emakumearengan zentratutako zaintza modu indibidualizatuan, pertsonalizatuan, holistikoan eta jarraituan bideratu ahal izateko, emakumearen balioak, aukerak, kultura eta emakumearen eta bikotekidearen nahiak errespetatuz.
  • Egileak: Beatriz Pereda-Goikoetxea, María Isabel Elorza-Puyadena, Mikel Lersundi-Ayestaran, Joseba Xabier Huitzi-Egilegor, María José Uranga-Iturrioz, Blanca Marín-Fernández
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 31-48
  • DOI: doi.org/10.1387/ekaia.22511

Egileez:

Beatriz Pereda-Goikoetxea, María Isabel Elorza-Puyadena, Joseba Xabier Huitzi-Egilegor eta María José Uranga-Iturrioz UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintza II Saileko ikertzaileak dira.

Mikel Lersundi-Ayestaran UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Saileko ikertzailea da.

Blanca Marín-Fernández Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko ikertzailea da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.