Itsas dortokak habiaratzeko leku hotzagoen bila dabiltza

Dibulgazioa · Kolaborazioak

2020ko abuztuaren 4an, gauaren ilunean, 112 larrialdi-zenbakiak dei bat jaso zuen Fuengirolako Los Bolinches hondartzatik (Malaga), itsas dortoka bat bertan habia egiten ari zela esanez. Eme errulea egiazko kareta bat zen (Caretta caretta). Munduan zeharreko itsaso eta ozeano askotan aurki daiteke, ur epel eta subtropikaletan, baina bertako ura epeldu denez hondartza hotzagoen bila hastea erabaki dute.

Los Bolinches hondartzan agertutako dortokaren habia zigilatu zuten agintariek, eta ordu batzuk geroago aditu-talde bat bertaratu zen, arrautzarik ba ote zegoen egiaztatzera. Habia ongi arakatu eta gero, egiazko kareta emeak 72 arrautza errun zituela jakinarazi zuten. Tamalez, habia ur-bazterretik oso gertu zegoen kokatuta, eta urak hartzeko arriskua zuen. Gainera, hondartza urbanoa da Los Bolinches, eta oso turistikoa. Hau ikusirik, habia eremu aproposago batera lekualdatu behar zela erabaki zen, eta arrautzen erdia Calahonda hondartzan kokatu zuten. Beste erdia Fuengirolako Bioparc-eko instalazioetan inkubatu zen, ahalik eta tenperatura eta ingurumen-baldintza egokienetan.

itsas dortokak
1. irudia: ohikoa da egiazko kareta itsas dortokak ehunka kilometroko migrazioak egitea bere janlekuetara iristeko. Gero, jaio den tokira itzultzen da, bertan arrautzak erruteko. (Argazkia: Brian Gratwicke – CC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Egiazko kareta itsas dortoka Cheloniidae familiako narrastia da. Munduan zeharreko itsaso eta ozeano askotan aurki daiteke, ur epel eta subtropikaletan. Naturaren Kontserbaziorako Elkarte Internazionalak (IUCN, ingeleseko sigletatik) bere Zerrenda Gorrian sartu zuen 2017an, espezie “Zaurgarrien” kategorian. Hala eta guztiz ere, Mediterraneoko populazioa “Kezka baxuko” espezie moduan kategorizatu zuen elkarte berak. Izatez, Caretta caretta Mediterraneoko itsas dortoka ohikoena da, eta itsasoko zabalera osoan aurki daiteke. Dortoka emeek, ordea, Mediterraneoaren erdialdean eta ekialdean soilik egiten dituzte habiak (Grezia, Turkia, Libia eta Txipren, gehienbat), bertako tenperatura altuak lagun dituztela.

Itsas dortoken habiaraketa prozesu berezia da benetan. Hasteko, animalia hauek filopatrikoak dira. Eta zer da filopatria? Animaliak, ugaltzeko orduan, jaio ziren leku berera itzultzea da. Filopatria espezie ezberdin askotan deskribatu da dagoeneko, baina itsas dortokak dira fenomeno horren adibide argienetako bat. Itsas dortoken kasuan, emeak soilik dira filopatrikoak, haiek bakarrik itzultzen baitira hondartzetara arrautzak errutera. Ikusi izan denez, batzuetan jaio ziren eremu antzekoan egiten dute habia (probintzia bereko hondartzaren batean, adibidez), eta beste kasu batzuetan, beren jaiolekuarekiko metro batzuetako errorearekin soilik egiten dute habia berria.

Baina honetaz gain, bada beste ezaugarri bat egiaz berezia itsas dortoketan: inguruko tenperaturak erabakitzen du arrautzen sexua. Arrautzen garapenean zehar, tarte termo-sentikor bat dago, eta tarte horretan habia inguratzen duen hareak hartzen duen tenperatura erabakigarria da habiak izango duen eme/har proportzioa zehazteko. Egiazko kareten kasuan, 29,5 ℃-ko tenperaturan arrautzen erdia arrak izango dira, eta beste erdia emeak. Hala, atalase honetatik gora, arren proportzioa handituko da, eta tenperatura baxuagoetan arrautza emeak gailenduko dira. Pentsatzekoa da, beraz, tenperatura geroz eta altuagoek zer eragin izan dezaketen itsas dortoken populazioetan. Baina horretaz gain, tenperatura tarte batetik behera edo gora ere arrautzak ez dira bideragarriak, eta habia guztia hil daiteke.

itsas dortokak
2. irudia: gutxi gorabehera, duela 5 milioi urte egiazko kareta itsas dortokak nonahi zeuden Ozeano Atlantikoan eta Ozeano Barean. (Argazkia: wahyudihari widodo – erabilera libreko irudia. Iturria: pixabay.com)

Moldapen hau polita bezain delikatua da, esan bezala hondartzetako tenperatura-aldaketek habiako eme/har proportzioa asaldatu dezaketelako, eta baita habia bideraezin bilakatu ere. Eta honek lehenengo paragrafora bueltatzen gaitu, Los Bolinches hondartzako habiara. Habia hau Mediterraneoaren mendebal aldera inoiz urrunen deskribatu den egiazko kareta habia da. Mediterraneo itsasoaren mendebaldea ez da habiaratzeko kokapen ohikoa espezie honentzat, baina azken bi hamarkadetan eme bakan batzuk agertu dira iberiar penintsulako hondartzetan beren arrautzak errutera. Adituen ustetan, jokabide-aldaketa hau tenperaturen igoera orokorraren ondoriotzat har daiteke. Duela hogei urtera arte, Mediterraneo itsasoaren mendebaldeko hondartzak ez ziren nahikoa berotzen udan egiazko karetaren arrautzak bideragarriak izateko, baina asaldura bat gertatu da prozesu honetan. Azken urte hauetan zehar, Grezia, Turkia, Libia eta inguruko herrialdeetan inoiz baino tenperatura altuagoak bildu dira, eta denbora luzeagoz. Horrek hondartzak gehiago berotzea eragin du, eta egiazko kareta itsas dortokak (eme batzuk), beren filopatria alde batera utzi, eta hondartza hotzagoen bila hasi dira.

Egiazko kareta, beraz, hondartza berriak kolonizatzen hasi da, bere ondorengoen biziraupena bermatu ahal izateko itsaso geroz eta beroago batean. Ekialdeko kokalekuak dagoeneko ez dira hain egokiak haientzat, eta horiek abandonatu eta mendebaldera gerturatu dira, hondartza aproposagoak aurkituko dituztelakoan. Kokaleku biak, hala eta guztiz ere, duela hogei urte baino beroagoak dira. Grezia eta Turkia bezalako herrialdeak, ordea, ohituta zeuden bertako hondartzetan itsas dortoken arrautzak izatera. Espainiako kostalde mediterranearrean, alabaina, berriak dira gertaera horiek, eta ez biztanleria ezta hondartzak ere, ez daude prestatuta honelako prozesu biologiko sentiberari ostatu emateko. Jokabide-aldaketa honen kausak tristeak badira ere, oso polita den zerbait hurbildu zaigu, eta gure eskuetan dago, beraz, behar bezalako ongi etorria ematea.

Erreferentzia bibliografikoak:

Carreras, C., Pascual, M., Tomás, J., Marco, A., Hochsheid, S., Castillo, J. J., Gozalbes, P., Parga, M., Piovano, S., & Cardona, L. (2018). Sporadic nesting reveals long distance colonisation in the philopatric loggerhead sea turtle (Caretta caretta). Scientific Reports, 8 (1), 1–14. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-018-19887-w

González-Paredes, D., Fernández-Maldonado, C., Grondona, M., Martínez-Valverde, R., & Marco, A. (2021). The westernmost nest of a loggerhead sea turtle, Caretta caretta (Linnaeus 1758), registered in the Mediterranean Basin (Testudines, Cheloniidae). Herpetology Notes, 14, 907–912.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.