Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Arkeologia
Hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena aurkitu du Aranzadik Arangurenen, Nafarroan, K.a. I. mendekoa den esku baten formako brontzezko xafla baten. Irulegiko eskua izendatu dute eta lau lerroko inskripzio bat dauka grabatuta hizkuntza baskonikoan. Lehen hitza sorioneku gisa transkribatu daiteke euskarara. Hizkuntza horretan orain arte agertu den testurik zaharrena eta luzeena da, eta frogatu du garai hartako herritarrak hizkuntza horretan alfabetatuta zeudela. Leire Malkorra izan zen Irulegiko eskua lehen aldiz ukitu zuen pertsona, eta Berriak elkarrizketatu du bera. Arkitektoa da Leire, baina zazpi urte daramatza Aranzadirekin lanean. Joaquin Gorrotxategi EHUko Indoeuropar Hizkuntzalaritzako katedradunarekin ere egon da Berria, eta onartu du ia sinetsita zegoela euskaldunak analfabetoak zirela Antzinaroan. Honetaz gain, Gorrotxategik azaldu du hizkuntza baskonikoan dagoela idatzita, ez euskaraz, azken hau XVI. mendetik gutxi gorabehera ulertzen dugun hizkuntza bat baita. Aurkikuntza honen inguruko gogaberak Sustatun eta Garan ere irakur daitezke.
Astronomia
Hiparkoren mapa astronomikoa azaleratu da. Jamie Klair gaztea izan da aurkikuntzaren egilea. Antzinako eskuizkribu bat irudi multiespektralaren bidez arakatuz, Klair eta bere taldekideek izar-mapa astronomiko baten pasartea aurkitu dute. Eskuizkribua arakatzen ari zela Klair jabetu zen, gai erlijiosoez gain, astronomiari buruzko aipamenak ere bazirela orrialde batzuetan. Horrela, irudi multiespektralaz baliatu ziren izkriburen atzean zeuden geruzak ikustarazteko. Ondoren, algoritmoak erabili zituzten ezabatua izan zen testua nabarmentzen saiatzeko, eta koordenada astronomiko batzuekin egin zuten topo. Ikertzaileen ustez, pasarte hori inoiz egin zen lehenengo izar katalogo baten parte da, modu sistematikoan zerua kartografiatzeko egin zen lehen saiakera. Datuak Zientzia Kaieran.
Unibertso urruneko supernoba baten hiru irudi lortu dituzte galaxia baten handitze-ahalmena erabiliz. Galaxiaren grabitazio-eremuak leiar gisa funtzionatu du supernobaren eta Lurraren artean, eta horrela, eztandaren argia egun gutxiren aldearekin nola aldatu zen jasotzea lortu dute. Eztanda egin zuen izarrak Eguzkiak baino 500 aldiz erradio handiagoa zuela zehaztu dute, eta Lurra jaio baino askoz ere lehenago lehertu zela; duela 11.500 milioi urte, gutxi gora bera. Aurkikuntza honi buruzko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian irakur daiteke: Unibertso urruneko supernoba bat, hiru denboratan.
Azaroak 15ko gauean abiatu zen Artemis misioa, etorkizunean emakume bat Ilargira eramateko helburuarekin. Baina, ibilaldi hori egin baino lehenago, SLS suziriaren eta Orion ontziaren gaitasunak neurtu behar dira, eta hori eginen du lehenbiziko misioak. Lehenbiziko misio honetan bidaiaria Moonikin Campos izeneko maniki bat da, komandantearen lekuan eseria, eta hegaldian tripulazioak zer sentituko duen aztertzeko balioko du. Beste bi eserlekuetan Zohar eta Helga doaz, emakume heldu baten hezurrak, organoak eta ehun bigunak antzeratzen dituzten materialekin eginiko panpin modukoak. Artemis misioaren berezitasuna da, beraz, emakumeek protagonismoa izango dutela espazioko bidaia honetan. Azalpenak Berrian.
Ingurumena
Prestige itsasontziaren hondoratzeak 20 urte bete ditu aste honetan. Euskal kostaren parera abenduan iritsi ziren Prestige itsasontzitik isuritako fuel olioaren orbanak. Euskal kostaldea, bereziki, erkidego bakarra izan zen non itsasoan fuel olio gehiago jaso baitzen lehorrean baino; lehorrean jasotako tona bakoitzeko, itsasoan sei jaso ziren. Urteurren hau beteta Berria Ionan Marigomezekin egon da, Plentziako Itsas Estazioko zuzendariarekin. Marigomezek hondamendiaren inguruan hartu ziren hainbat erabakiren inguruan hitza izan zuen. Azaldu dunez, erabakiak hartzerakoan osasun publikoa arriskuan jar zezaketen tokiak garbitu ziren, hau da, hondartzak eta gizakientzat eragina zuten inguruak; baina beste guztia utzi egin zen. Bestalde, argudiatu du honelako hondamendien ondorioak askotarikoak direla, baina Prestigen kasuan ez dela behar bezain beste ikertu. Izan ere, prentsatik gaia desagertu, eta ia ikerketa dena desagertu omen zen. Gai honen inguruko informazio gehiago Berrian aurki daiteke.
Biologia
AZTIko ikerketa batek erakutsi du atunen eta marlinen populazioek hobera egin duten arren, marrazoena, aldiz galtzeko bidean jarraitzen duela. Indize berri bat garatu du AZTIk honetarako, eta azken 70 urteetan atunek, marlinek eta marrazoek izan duten bilakaera aztertu dute horrekin. Datu horiekin agerian geratu da harrapari horien egoera zuzenean lotuta dagoela arrantzak haiengan duen eraginarekin. Ikertzaileek adierazi dute arratzaren helburu-espezieak direnak gero eta maila jasangarriagoetan daudela, baina nahi gabe marrazoak ere arrantzatzen da. Hori da, hain zuzen ere, arrantzaren arazo handienetako bat, eta frogatzen du arrantzaren kudeaketan ez direla behar adina neurri hartzen. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Medikuntza
Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek argitu du tumoreetako mikrobiotak hauen sorreran eragiten dutela. Ikertzaileek bakterioek infektatutako minbizi-zelulak erauzi, eta haien RNA sekuentziatu dute. Horrela ikusi ahal izan dute bakterioek eragina izan dezaketela tumorearen zenbait prozesutan; besteak beste, inflamazioan, metastasian edota latentzia zelularrean. Gainera, azaldu dute tumoreetako bakterioek banaketa espazial oso antolatua dutela, eta ugariagoak direla gutxi baskularizatutako ehunetan eta immunologikoki deprimituagoak daude guneetan. Beraz, bakterioak gako izan daitezke tumoreen hedapena kontrolatzeko. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
Farmakologia
Hilekoaren odol-jarioa handitzea COVID-19aren mRNA-txertoen albo-ondorioetan sartu zituen Sendagaien Europako Agentziak. Moderna eta Pfizer txertoak dira mota honetakoak. Orain ikerketa berri batek frogatu du egia dela, eta odol-jarioak handitzeaz gain, zikloa luzatzea ere eragin dezakete. Horren zergatia aztertuta, baztertu egin dute txertoen osagairen baten ondorioz izatea. Horrela, uste dute hilekoaren hormonen funtzionamenduan eta immunitateak umetokiaren zelulen berritzean duten zereginean eragiten dutela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: COVID-19aren txertoen eta hilekoaren asalduren arteko erlazioa baieztatu dute.
Fisika
John Shore ospetsu egin zen tronpeta bakarlaritzat zuen birtuosismoagatik. Alabaina, ezpainean izan zuen istripu baten ondorioz, tronpeta utzi eta instrumentuak konpontzen, berrikuntzak egiten eta teknika berriak ikasten hasi zen. Horrela lautea tonuan jarri nahian zebilela 1.711an diapasoiaren ideia otu zitzaion. John Shorek Händeli oparitu zion diapasoia eta geroago, diapasoi guztiek ematen zuten tonua estandarizatzea bihurtu zen arazo. Horrela, 1859an, Frantziako gobernuak agindu zuen une hartatik aurrera 435 Hz-ko la ezarriko zela herrialde osoan. Istorio honi buruzko informazio osoa Zientzia Kaieran irakur daiteke: La unibertsalaren bila.
Iñigo González de Arrieta Martínez Fisikan Graduatu zen UPV/EHUn eta Fisika Aplikatua Sailean egin zuen tesia. Egun, CNRS Orleansen egiten du lan, espektroskopia infragorria eta materialen propietate termofisikoak aztertzen. Zehazki, materialen emisibitate infragorria neurtzen du Iñigok. Azaldu duenez, neurketa hauek gauzatzeko materialak tenperatura altuak jasan behar dituzte, garrantzitsuak baitira energia eraldaketa eraginkorragoa izateko. Baina adierazi du materialen emisibitate infragorria egoki neurtzea oso zaila dela, batez ere mikroestrukturen eta gainazalaren egoerarengatik. Momentuz, Iñigoren gairik garrantzitsuena aluminioaren errekuntza da, eta prozesu horren erradiazio termikoa ikertzen ari da, aluminioa bektore energetiko izan daitekeen aztertzeko. Ikertzaile honi eginiko elkarrizketa osoa Unibertsitatea.net webgunean dago eskuragarri.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.